Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ostirala da, bero handia egin du gaur ere. Baserriko lanak bukatu ditugu, belarretan egin dugu. Nekatuta, izerditan, berotuta, baina pozik! Denon artean lortu dugu, denok bat ekinda lana hobeto egiten da.
Orain amonak maitasunez eta mimoz gertatu digun afari meriendaz gozatuko dugu: patata tortilla, denetariko entsalada eta postrerako gereziak edo keixak. Laguntzeko ezin dira falta ondoko baserriko ogia eta edateko ur freskoa eta sagardoa. Dena sasoikoa, gertukoa, etxekoa, mahaian partekatzeko eta ospatzeko. Intxaur azpian gaude, freskuran, mahaia polit-polita dago, hortentsiaz betetako pitxar urdinaz apainduta. Gose fisiko eta emozionala asetzen duten momentuak dira. Entzuna da mahai inguruan euskaldunok gauzak konpontzen ohituta gaudela. Jarri ditzagun modan mahai inguruak, garaikoaz, sasoikoaz osatuak, tertuliaz gozatzeko. Hauetako asko izatea espero dut udaran, hau baita nire oporretako plana: etxekoak, baserria, intxaurrondoa, baratzea eta loreak.
Ortura bisitan noa eta badator uztaileko uzta. Tomatea kolore gorri biziko fruta da. Ekainetik urrira oso gomendagarria: gozoa izateaz gain, osasunerako onura ugari ditu, propietate antioxidatzaileak, antiinflamatorioak eta nutritiboak baititu. Zelulak babesten eta gazte mantentzen laguntzen digu.
Bihotza zaintzeko: tomateak likopeno ugari du, odoleko kolesterola eta triglizeridoak murrizten laguntzen duen antioxidatzailea.
Gainera, potasioa du, eta mineral hori funtsezkoa da bihotz erritmo erregularrari eta odol presio osasungarriari eusteko. Gorputzean uraren oreka mantentzeko ere mesedegarria da, eta horrek likidoen hantura eta atxikipena prebenitzen laguntzen du.
Larruazala zaintzeko: C bitamina dauka, kolagenoa ekoizteko funtsezkoa dena; proteina horrek larruazala sendo eta elastiko mantentzen laguntzen du. Gainera, likopenoa lagungarria da azala babesteko eta eguzki-erreduren eta larruazalaren zahartze goiztiarraren arriskua murrizteko.
Nerbio-sistemarako: aberatsa da B6 bitaminan, eta nerbio-sistema osasuntsu mantentzen laguntzen du. Beharrezkoa da serotonina neurotransmisorea ekoizteko, eta horrela aldartea eta loa erregulatzen laguntzen du.
Ba al dakizu kanpotik barazkiak eta barrutik lekaleak direla? Lekaleak elikagai-iturri garrantzitsua dira, proteinak, zuntza eta oinarrizko mantenugaiak dituztelako. Astean hiruzpalau alditan jatea da gomendioa eta gogoratu bigarren platera direla.
Hauek dira leken onurak: oxidazioa saihesten du, zahartzearen prozesuaren oinarria dena. Mineral eta zuntz ugari dituztenez, elikagai garrantzitsua dira organismoaren oxidazio-estresaren aurka egiteko.
Hezurdura zaindu eta sendotzeko siliziotan aberatsa da, eta hori garrantzitsua da eskeleto-masa eratzeko.
Azukrea eta kolesterola kontrolatu eta zaintzeko mesedegarri da. Izan ere, zuntz ugari dute, azukreak odolera pasatzeko abiadura erregulatzen dutenak, prozesua mantsoago bilakatuz. Era berean, zuntzak kolesterola erregulatzen du, digestioan erraz kanporatzen baita.
Gozo-gozoak eta garratzak aldi berean, idorreriari aurre egiteko aproposak dira A, C eta E bitaminei esker.
Ezaugarri nutrizional ugarikoa, elikagai energetiko, alkalinizatzaile, garbitzaile, diuretiko eta freskagarria. Gomendagarria da edozeinentzat baina kontuan izango dugu noiz, zerekin eta zenbat jaten dugun. Adibidez, ez dut gomendatzen diabetesa dutenek ordu artetan jatea. Kasu horietan postrean jatea gomendatzen dut, duen azukreari eusteko.
Oso gomendagarria da idorreriari aurre egiteko eta, aldi berean, heste-mukosa indartu eta babesteko. Zuntz interesgarriak ditu eta eraginkorra da gosarian hartuta freskoan, sikatuta, konpotan edo marmeladan. Beste prozedura bat da gau osoan zenbait aran uretan uztea. Hurrengo goizean jan egiten dira eta ura edan ere bai.
Hamaika hilabetez, intxaurrondoa izan da artikulu hauetako protagonista: bere zikloak, naturaren erritmoan, gure gorputz eta emozioekin bat egin dute. Udan gozatu oporraldia intxaurrondoaren azpian eta laster arte.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545