Jatea behar bat da, baina buru argiz jatea arte bat da

Maiatza emankorra eta oparoa: “Maiatza urteko ardatza”

Sasoitsu, osasuntsu eta bizipozez gainezka egotea dut helburu. Jaten dudanak, egiten dudanak eta pentsatzen dudanak eragina du oreka eta malgutasuna lortzeko eta tentsioa saihesteko.


2025eko apirilaren 28a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Etxeko lorategia distiratsu eta koloretsu dago. Intxaurrondoa loraldian  eta hazkunde betean dago, adarrak  hasi dira poliki-poliki hostoz janzten. Hostoei esker fotosintesia egiten dute, hau da, zuhaitzak bere elikagaiak ekoizteko erabiltzen duen prozesua.

Hau da nire proposamena: Lurrarekin, naturarekin bat egin, “Lur hartu”. Nire lur zaila zaindu naturaren bidez. Ondo jan eta gorputza mugitu naturan: belarretan oinutsik ibili, errekako uretan ibili, baso bainua praktikatu, naturaren soinuak entzun, itsaso bainuak hartu. Udaberria gorputza mugitzen hasteko garaia da, giharrak landu, indartu eta osatzekoa.

Maiatzean sustrai, kolore berdedun barazki, eta perretxikoen garrantzia azpimarratu nahi dut.

Errefautxoak

Errefautxoa kruziferoen familiako barazkia da. Zapore pikantea eta testura kurruskaria ditu. Hostoak eta sustraia jangarriak dira eta gorri, zuri edo beste kolore batzuetakoa izan daiteke.

Zertan laguntzen gaitu?

Hostoak C bitaminan, kaltzioan eta burdinean aberatsak dira.

Sustraiak C bitamina iturri onak dira, antioxidatzaile gisa funtzionatzen dute eta sistema immunologikoa indartzen laguntzen dute. Zuntz disolbagarri ugari dute eta kurruskariak izanik, mastekatuta asetasuna sentiarazten dute. Gorputza garbitzen, toxinak  kanporatzen laguntzen dute, gibel eta giltzurrunen aktibazioaren bidez.  Digestioa hobetzen dute, idorreria arintzen dute eta heste-flora osasuntsua mantentzen laguntzen dute.

Nola jan eta nola prestatu:

Hostoak entsaladan, zopan, kreman, frijituta...

Sustraiak gordinik jaten dira, entsaladan edo aperitibo gisa. Egosi edo erre ere egin daitezke.

Ozpinez ondu daitezke edo ogitartekoei gehitu. Saltsatan ere erabiltzen dira.

Perretxikoak, zizak

Ur asko dute, zuntzetan aberatsak dira eta kalitatezko proteinak dituzte.  Bitamina (A,B,C) eta mineraletan (burdina, fosforoa, iodoa, magnesioa eta selenioa) aberatsak dira.

Nola jan eta nola prestatu:

Baratxuri freskoarekin eta arrautzarekin udaberriko plater berezia osatzen du. Pasta italiarrarekin jan daiteke, edo paellan edo entsaladan, baina ez dut gomendatzen perretxikoa gordinik jatea.

Baratxuri freskoa

Baratxuri freskoa funtsezko osagaia da sukaldean, eta hainbat modutan erabil daiteke, gordinik edo erreta. Zapore bizi eta pikantea izanik, indartu egin dezake plater askoren zaporea, eta osasunari ere mesede egiten dio.

Erremolatxa

Sustraia borobil eta gorria da. Lepotik hostoak ateratzen zaizkio eta jangarriak dira. Haragia, berriz, gorri kolorekoa, oso distiratsua da. Zapore gozoa dute.

Zertan laguntzen gaitu?  

Barazki osasungarri, arin eta asegarria dugu. Azido foliko eta C bitamina iturri bikaina da.

Rubidioa du, eta elementu mineral horrek beste mantenugai batzuk hobeto asimilatzen lagun dezake, digestioan laguntzen baitu.

Osasun kardiobaskularrerako, potasio iturri bikaina da, eta potasioa arteria-tentsio normala mantentzen laguntzen duen minerala da.

Elikagai bikaina da kirolarientzat: aberatsa da karbohidrato geldoetan eta gatz mineraletan; elikagai ezin hobea da ariketa egin aurretik energia lortzeko.

Ez dut gomendatzen... 

Erremolatxa azido oxalikoan aberatsa da. Giltzurrunean oxalatozko harriak sortzeko joera duten pertsonentzat ez da gomendagarria.

Nola jan eta nola prestatu:

Entsaladan, hummusean, gazpatxoan eta erremolatxa zukua edo irabiatuak eginda.

Apirila, zikloaren hasiera
Udaberrian orain dela egun gutxi sartu gara eta intxaurrondoa dut maisu. Lasai sentitzen dut, konfiantzaz, bere prozesuan, ziklo berria hasten. Plan eta ohitura berriak hartu... (+)
Udaberrian loratzen ausartzen naiz
Zuhaitza esnatzear dago, kimuak ageri dira adarretan. Gutxi falta da loraldirako, laster aro berria hasiko du, indarberrituta. (+)
Ureztatu neguan
Otsailean, neguaren erdigunean gauden honetan, lehentasuna  gorputza ondo ureztatua edukitzea da. Intxaurrondoa egiten ari den bezala: sustraiak neguan  biltegi gisa erabiltzen ditu, sustrai motz eta... (+)
Urtarrila, intxaurrondoaren loaldia
Kolore morez margotu dut urteko lehen hilabetea, sormena, irudimena, jakintza eta espiritualitatearen kolorez. (+)
Udazkena agurtzen negua besarkatzeko
Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du... (+)
gora