Asteroko buletina
Uztailako kallaren kantia, xakia bai eta xakukorik ez, edo xakurik ez da xakukoa bai.

Udan datorren buztingilea

Hego luze eta zorrotzak eta v formako urkila-itxuradun buztana duen hegazti hau ikustean badakigu Euskal Herrira uda heltzear dagoela. Bizkarraldea eta buztana beltzak ditu, distira urdinxkekin, papar gorria eta azpialdea, aldiz, zurixka. Euskaldunon sinesmenetan presentzia handia izan duen hegaztia da enara. Baina batzuek ez dute jakingo bost enara espezie ditugula: enara arrunta, enara azpizuria, haitz enara, uhalde-enara eta enara ipurgorria. Baina, zein da zein?

Nerea  Pagaldai Agiriano
Nerea Pagaldai Agiriano

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko maiatzaren 27a
Enara (Hirundo rustica)

TALDEA: Ornoduna / Hegaztia.

NEURRIA: Mokotik isatsera 17-21 cm. Hego luzera 32-34,5 cm.

NON BIZI DA? Landa zabalean, baserri inguruan.

ZER JATEN DU? Intsektuak, euliak eta eltxoak batez ere.

BABES MAILA: Europa mailan babestua.

Lehenik buztanari begiratu behar diogu. Buztaneko urkila txiki xamarra edo buztana bera motza baldin bada, enara azpizuria, haitz enara edo uhalde-enara izan daitezke. Ondoren, kolorean jarri behar dugu arreta: beltza baldin bada, ipurdi zuriarekin, orduan enara azpizuria izango da; izenak dioen bezala, azpialde guztia zuria du. Marroia baldin bada bi aukera ditugu: azpialdea zuria eta lepoaldea marroia badu –lepoko marroi bat daramala dirudi–, uhalde enara da; aldiz, azpialdea marroi argia eta buztanean orban zuriak baldin baditu, haitz enara izango da. Bestalde, buztaneko urkila handia eta sakona baldin badu, enara arrunta edo ipurgorria izan daiteke. Bi hauek bereiztea oso erraza da: izenak ongi dioen bezala, ipurdia gorria badu enara ipurgorria izango da; ipurdia bizkarralde osoa bezala beltza distira urdinxkekin baldin badu, aldiz, enara arrunta da.

Enara arrunta (Hirundo rustica) ondo ezagutzen dugu euskaldunok eraikinetan habiak egiteko duen ohituragatik. Bizkaia aldean “txoririk preziatuena” dela diote, “zomorro ona” da hernaniarrentzat eta Nafarroa Behereko Arruetan “jainkoaren oiloa” deitzen diote. Hainbat izen hartu ditu hegazti honek gurean: ainara, elai, iñara, mitxigu, txenara eta beste hainbeste. Lehen herri barruetan gehiago ikusten ziren arren, gaur egun herri txiki eta baserri inguruetan aurkitzen dira gehienbat. Teilatu azpietan egiten dute habia sarri, lurrez egindako katilu itxurakoa. Buztingile itzelak direla esan dezakegu. Intsektujalea da hegazti hau eta hegan harrapatzen ditu, ahoa izugarri zabalduta. Inurri hegalariak, liztorrak eta kakalardo txikiak jaten ditu besteak beste, baina bere harrapakin nagusiak euliak eta eltxoak dira. “Enara dabilen tokin, eulirik ez”, diote batzuek. Eta arrazoi! Enarek egunean 800 intsektu inguru jaten dituztela ikusi izan da.

Hainbeste maite dugun hegazti honen kontserbazio egoera kezkatzekoa ez den arren, hainbat mehatxu pairatzen ditu. Alde batetik, nekazaritza intentsiboan erabiltzen diren plagiziden ondorioz, enara arruntaren dietaren parte diren intsektuen kopurua murriztu da eta gainera kimiko hauek hegazti honen ugaltzeko gaitasunean efektuak izan dezakete. Landa-ingurunea husteak, nekazaritza estentsiboa gutxitzeak eta intentsiboa areagotzeak ez diote inolako mesederik egiten hegazti lirain bezain elegante honi. Bestetik, habiak etxeetan edo hauetatik gertu egiten ditu eta habien azpian gorotzak pilatu ohi dira. Alderdi hau ez da gizakion oso gustukoa izaten, baina pertsona eta administrazio batzuek hau dela edo eraikuntza-lanak direla, habiak nahita apurtu eta botatzen dituzte, eta enaren ugalketan ondorio negatiboak eragiten dituzte. Aipatu beharra dago, legez debekatua dagoela ekintza hau, arau-hauste larritzat hartzen da eta 5.001 eta 200.000 euro arteko isunak jarri daitezke. Gorotzek enbarazu eginez gero, badaude hainbat metodo eragozpen hauek murrizteko eta hegazti hauekin elkarbizitza errazteko.

Basoko ehiztaria
Gaua da. Zuhaitzetan geratzen diren hosto gutxien artetik igarotzen da ilargiaren argia. Isiltasuna da nagusi. Txoriak sasi artean daude, babestuta lo, lo-edo. Baina bat batean... (+)
Pase garaiko protagonista
Ürx’aphal bat badügü herrian trixterik, Nigarrez ari düzü kaloian barnetik, Bere lagün maitiaz beit’izan ützirik: Kuntsola ezazie, ziek adixkidik. (+)
Landazabaleko buruhandia
Hegazti buruhandia dugu hau, baina ez egoskorra delako, baizik eta fisikoki buru handia duelako. Horregatik da ezaguna hegazti hau, euskaraz erabiltzen diren izen askok bere... (+)
Bustitzen ez den arranoa
Ur azaletik gertu dabiltza arrainak igerian. Zerbait uretarantz gerturatzen ari da, hegan: arrano bat dator, bere atzaparrak aurrerantz luzatuta eta zaplast! Uretan sartu da, bete... (+)
Prozesionaria jalea
Esaera asko sortu ditu hegazti honek. Ikusteko zaila den arren, denok ezagutzen dugu. Nola? Kantuagatik. Bere izena kantu egiteko erak eman diola pentsa dezakegu. Urtero... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora