Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ofizialdu da jada batzuek, pretentsio gehiegitxoz, “XXI. mendeko Yalta” deitu dutena: ostegunean, azaroak 19, bilduko dira Txinako Shenzenen, APECen goi-bilkuraren gerizpean, Xi Jinping, D. Trump eta V. Putin.
Benetako igurikimen eskasarekin: irakinean dauden nazioarteko gatazkak –Palestina, Persiako Golkoa, Ukraina– ez dira mahairatuko, solaskideren baten gurariaz ez bada. Itzulinguru askorekin adostu den gai-zerrendatik kanpo geratu izango dira ageriko gatazkak.
Zertaz aritu behar ote dute orduan? Ekonomia –muga zergak eta gainerako zehapenak– eta Adimen Artifiziala aipatzen dira maizenik. Baina gai horiek ere ez dute egokiera handirik tenore horretako agertoki batean, iritzi-trukerako ez bada.
Bestelako kontua da arma nuklearrena: solaskideei dagokien gaia da eta gaiari dagozkion solaskideak dira. Guztiak ez, agian, baina bai funtsezkoenak. Luzaz. Munduko arma nuklearren %90 Errusia eta AEBen esku daude; eta gainerako hamarrenaren erdia, bere armategi nuklearra biziro ugaritzen eta hobetzen ari den Txinarena.
Baina zenbateko horiexek islatzen dute solasaren lehen korapiloa: armategi nuklearrak murrizteak (guztiz desagerraraztea ez da aipatu ere egiten) ezingo du esanahi berbera izan milaka buru dituztenentzat eta ehunka “bakarrik” dituenarentzat. Errusiak 5.800 buru nuklear eta AEBek 5.200 inguru dituztela diote adituek; Txinak, 600 bat, baina biziro hazten. Besteek ez dute halako premiarik sentituko, noski.
Ikuskera kuantitatiboa korapiloaren hastapena besterik ez da, hala ere. Arma horietako gehien-gehienak “txikiak” dira, taktikoak edo teatrokoak deituko genituzkeenak; eta gatazka “mugatu” batean erabil litezkeenak. Beste maila batekoak lirateke kontinente artekoak, MAD-Mutually Assured Destruction disuasio estrategikoa funtsatzen dutenak.
Zenbateko potolo orokorren ondoren, alabaina, arma horien erabileraren inguruko doktrina, eta armen beraien gaurkotasuna, prestasuna, bektoreak, despliegea eta hamaika ñabardura aintzat hartu behar dira edozein truke seriori ekiteko. Baita haien aurkako babes-sistemak ere, egiazki halakorik bada.
Joan zen mendeko azken hamarkadan Sobiet Batasunak eta AEBek negoziaketa bukaezinen ondoren adostutako mugapenak, eta haien luzapenak ere, iraungita daude gaur egun. Denboraren joanagatik, bai, baina baita ere teknologien garapenagatik. Egungo “baliabideak” oso bestelakoak dira alor askotan, eta hori ere aintzat hartu beharko da ezer serioa egitekotan.
Abian jar ote liteke horrelako zerbait Shenzhenen? Zaila dirudi; baina premia ekonomikoagatik besterik ez bada ere, pizgarriren bat eduki behar luke baten batek.
Edonola ere, mundua banatu ez, konpondu egin behar da. Shenzhen ez da Yalta.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545