Urtarrila bero, zinkurinak gero.

Filipinak: erregaien shockaren erakusleihoa


2026ko martxoaren 31
Protestak Filipinetan petrolioaren igoeraren eta Irango gerraren aurka.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Trumpen Estatu Batuek eta Netanyahuren Israelek aurtengo otsailaren 28an Iranen aurka sututako gerrak erakarri duen segizioa –aurreikusgarria, hein handi batean–, bereziki larria da Asiako hego-ekialdean jada. Hango herrialdeek zuten Ormuzko itsasartetik merkaturatzen den petrolio eta gasaren, eta haiei atxikitako lehengaien, menpekotasun handiena. Eta estualdiari aurre egiteko estrategiak estrategia, larri dira ia denak dagoeneko bosgarren astean sartu garenean. Haien gaurkoa beste batzuon biharkoa izan daitekeela gaztigatzeak ez luke soberakoa izan behar, bakea ez ezik menia erosoa ez dela izango nahiko argi dagoenean.

Herrialde horietako bakoitzaren egoera berezia da erregai-inportazioen eta haien sorburuaren, metatutako gordekinen, norbere ekoizpenen, energia-iturri alternatiboen eta abarren kontura. Baina esan liteke faktore guztien lerrokatze negatiboa suertatzen dela Filipinetan: garapen maila apalekoa bada ere, biztanleria handia du (munduko hamabigarrena, Japoniak adinakoa, konparazio baterako); ez du apenas berezko erregai fosilik; irla-herrialdea izanik, energia-sarea erabat zatikatuta dago, inportatutako erregai fosilen guztiz mende; baita garraioa ere. Eta, errematerako, inolako erregulaziorik gabe ziharduen erregai-merkatuan, inolako gordekinik ere ez zuen kasik gobernuak.

Horrek argitzen du zergatik, gerrak astebete egitear zuenean eta Ormuzko itsasartea oraindik “zabalik” zegoenean ere, Ferdinand Marcos Jr Filipinetako presidenteak iragarri zituen lehen premiazko neurriak, urrutikoontzat demasak ziruditenak.

Baina ez. Laugarren asterako, are latzagoak ezarri behar izan ditu Manilako gobernuak, herrialdearen itomena halakoa baita. Eta, aliatuak ez galtzea beste irizpide batzuk baino garrantzitsuagoa delako-edo, orain arte debeku zen Errusia ere aintzat hartu ahal izan du hornitzaile alternatiboen bilaketan, prezioari muzin egin gabe, noski. Ordaintzeko modua duen artean.

Hor ageri baita otsoaren erpea. Erregaien gabeziari nola edo hala iskin eginda ere, haien eta, erreskadan, salerosgai guztien garestitzea dakar eskasiak. Alegia, inflazioa. Betiere, pobreenen kaltetan. Lehendik ere horretatik sobera duen herrialde batean. Zer esanik ez ustelkeria eta eliteen bihozgabetasuna endemikoa duenean.

Eztanda sozialaren edo gorabehera politiko larrien arriskua zerumugan islatzen hasi direnean, status quoa-ren zaindariak kezkatzen ari dira Golkoko anabasaren urruneko lehen albo-kalte horretaz. Ez zaie arrazoirik falta. Eta etorriko dira gehiago.

Uholdeen kontroleko proiektu fantasmak eta Filipinetako elitea
2025-12-02 | Mikel Aramendi
Aspaldian antzekorik ez zuten ur-estutasunak jasaten ari dira Asia hegoaldeko hainbat herrialdetan: batzuetan egundoko sikateak direnean, berealdiko euriteak nozitu behar izan dituzte besteetan, ezohiko heriotza-kopuruak... (+)
Myanmar: lurrikarak ekar ote dezake gerraren amaiera?
2025-04-01 | Mikel Aramendi
Triskantzaren balantze humano eta ekonomiko ilunaren esperoan, galdera berehala bururatzen zaigu urrutiko begirale baino asko gehiago ezin izan garenoi: zer gertatuko da orain gerra zibil... (+)
Gorabehera ekonomikoak otorduraino heltzen direnean: arrozaren krisia
2025-02-18 | Mikel Aramendi
Estatu Batuen muga-zergak nahiko buruhauste ez balira, pasa den asteko albiste xalo samar batek dardara-uhinak helarazi ditu mundu-parte handi bateko otordu-mahaietaraino: Japoniako gobernuak bere arroz-gordekin... (+)
Su hartuko ote du Txinak eraiki nahi duen munduko presarik handienak?
2025-02-04 | Mikel Aramendi
Iazko azken hatsean Txinako gobernuak Yarlung Zangbo ibaiaren behe-arroan proiektu hidroelektriko handia abian jarriko duela iragarri izanak, urak harrotu ez, sutan jarri dituela dirudi gure... (+)
Tritioaren diplomazia
2023-07-10 | Mikel Aramendi
Protestak protesta, Ozeano Barera isuriko dira, pixkanaka, ondorengo egunotan hasi eta urtetan iraun beharko duen operazioan, itsasikara batek sorrarazitako tsunamiak Fukushima Daiichi zentral nuklearrean 2011ko... (+)
gora