Asteroko buletina
Maiatz luze, artoaren leze.

Traktoreek trafiko eragozpen handiak sortu dituzte Araban eta Nafarroan

Nafarroan 800 traktore inguru mobilizatu dira sindikatuetatik kanpo, eta Iruñerrian eta Erriberan sortu dituzte trafiko arazoak nagusiki. Araban, herrialde osoko 500 traktorek bat egin dute Gasteizen, UAGAk deituta. Mobilizazioek bihar jarraituko dute, eta Bizkaian ostiralean deitu dituzte nekazariek errepidetara EHNE-Bizkaia eta ENBA-Bizkaiak. Lehen sektorea egoera larrian dagoela salatzen ari dira, eta irtenbideak exijitzen.


2024ko otsailaren 06a

Nafarroan, Iruñerrian, Lizarran, Tafallan, Tuteran eta Irunberri zentratu dira nekazarien deialdiak, Berria-k jaso duenez. Goizean goizetik irten dira traktoreak errepidetara, eta lehen orduetan trafikoan eragin nabarmena izan dute, bereziki Iruñerrian eta Erriberan. Iruñerrian 150 traktore inguruk arazoak sortu dituzte goizen goizetik eta 9:00ak arte, ordutik aurrera gutxiago, eta 11:00ak aldera alde egin dute. Erriberan 250 izan dira mobilizaziora batu diren ibilgailu astunak, eta Tutera hartu dute erdigunetzat.

Nafarroako deialdia asanblada irekien eta Whatsaap taldeen bidez antolatu dituzte nekazariek, eta hitz kritikoak izan dituzte sindikatuekiko.

Araban, banaketa plataformen aurrean

Arabako mobilizazio nagusia UAGA-Arabak deitu du. Sindikatuaren esanetan, “ia 500” traktorek hartu dute parte. Arabako hainbat herrietatik irten dira goizeko 6:00ak aldera, eta Gasteizko Jundiz industriagunean egin dute hitzordua. Mercadona, Lidl eta Eroski enpresen banaketa plataformen inguruan mugitu dira erritmo geldoan.

Berria-k jakinarazi duenez, Araban ere zenbait nekazari Whatsapp bidez eta sindikatuetatik aparte mobilizatu dira, bereziki Arabar Errioxan, Gasteiz eta Logroño arteko errepidean arazoak sortuta.

Asteazkenean egun osorako mobilizazioa iragarri du UAGAk Araban. Goizena Eusko Jaurlaritzaraino joango dira traktoreak, eta arratsaldean berriz ere bilduko dira banaketa plataformen inguruan. Nafarroan ez dago deialdi ofizialik, baina mobilizazioek jarraituko dutela iragarri dute hainbat komunikabidek.

Araban zein Nafarroan baimenik eskatu gabe egin dituzte mobilizazioak nekazariek. Nafarroan Guardia Zibilak hainbat isun jarri dituela salatu dute, eta Araban UAGAk jakinarazi du Ertzaintzak hainbat traktoreren matrikula zenbakia hartzen aritu dela.

Bizkaia eta Iparralde

Bizkaian, ostiralerako deitu dituzte traktoreen mobilizazioak EHNE-Bizkaia eta ENBA-Bizkaia sindikatuek. Euskal Herrian protestak Ipar Euskal Herrian hasi ziren edonola dela, bi aste direla, besteak beste errepideak moztuta edo portuak blokatuta. Astelehen goizean, ELBk deituta, 60 laborarik Pirinio Atlantikoetako lurralde eta itsas zuzendaritza okupatu zuten Baionan.

Aldarrikapenak

Gaur egun ez dago Euskal Herri mailako aldarrikapen taula bateraturik, baina haserrea eta ezinegona handia da nekazarien artean eta Europar Batasunari zein tokian tokiko gobernuei zuzentzen ari zaizkie hainbat exijentzia. Esaterako, EHNE-Bizkaia eta ENBA-Bizkaiak hiru ardatzetan batu ditu aldarrikapen nagusiak, Onintza Irureta kazetariak albiste honetan jaso zuenez:

Lehenik, merkataritza askeko akordioen negoziazioak berehala etetea eskatu dute. Adibidez, Europako Batasunaren eta Mercosurren (Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai) arteko ituna bertan behera uztea eskatu dute, baita Zeelanda Berriarekin akordioa ez berrestea ere. Orokorrean, merkataritza askeko negoziazio denak gelditzea eskatu dute.

Bigarrenik, elikadura politikak merkatuaren erregulazioan oinarritutakoak izatea eskatu dute, hala, baserritarrek eta nekazariek ekoizpen prezio duinak izan ditzaten. Ekoizpen kostuen azpitik saltzea debekatzea eskatu dute.

Hirugarrenik, Europako Nekazaritza Politika sinplifikatzea ezinbestekotzat jo dute, “burokrazia gehiegizkoa” jasan behar izaten dutelako eta horrek kostu “onartezinak” eragiten dizkielako.

“Borondatezko metodoak bere topea du, eta tope horrekin ezinezkoa da araudia ere betetzea”
Atez atekoa oinarri, Arabako Errioxako Kuadrillan Kripan eta Eltziego herriek Araba osoko daturik onenak dituzte hondakinen gaikako bilketan eta horien birziklapenean, eta Europak ezarritako gutxienekoetara... (+)
Arabako Aldundiak Solariaren hiru parke fotovoltaikoren aurkako alegazioak aurkeztu ditu
Solaria enpresaren Zierbena 2, 3 eta 4 proiektuak lurraldean luketen eragina “onartezina” dela diote aldundiaren txostenek. Jaurlaritzak hartuko du azken erabakia, behin alegazio epea amaituta.... (+)
Arabako ardogintza: txikitasuna aldarri, eredu aldaketa bultzatzen
Arabako Mahats-bilketaren Jaiaren XXIX. edizioa ospatu dute Moredan, igandean. Egun batzuk lehenago, ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak agerraldia egin zuen, Arabako ardogintzak bizi duen “krisi... (+)
“'Far West'-ean gaude: heltzen lehena den enpresak lurrak hartu eta nahi duena egiten du”
Solaria multinazionalak 100 hektareako parke fotovoltaikoa eta eskualdea zeharkatuko lukeen Oso Goi Tentsioko Linea eraiki nahi ditu Arabako Gorbeialdean. Herritarrak aurka antolatu dira eta ekimen... (+)
Basque Culinary Center, Arabako Guardian ere
Edariak eta Ardoa (EDA) Drinks & Wine Campusak bigarren egoitza bat izango du Arabako Errioxan, Gasteizkoarekin batera. EDA Basque Culinary Centerrek “garatu eta gidatutako” proiektua... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora