Astelehenero 8:00etan zure epostan
Red Eléctrica de Españak zibererasoaren aukera erabat baztertu du, eta bi instalazio fotovoltaikoetan jarri du begirada. “Operadore pribatuei erantzukizunak eskatuko dizkiegu eta berriro ez gertatzeko beharrezko neurriak aktibatuko ditugu”, adierazi du Pedro Sánchez Espainiako presidenteak. Antonio Turiel aditu eta ekintzaileak asteleheneko itzalaldiaren jatorria energia fotovoltaikoan eta sistema elektriko orokorraren gabezietan kokatu du.
Itzalaldiaren ondorio agerikoenak atzean geratu ahala, bere jatorrian kokatzen ari da arreta. Asteartean hainbat adierazpen esanguratsu egin dituzte agintari eta arduradunek, hala nola Red Eléctrica de España (REE) –enpresa pribatua da, baina bost akziotik baten jabea Espainiako Gobernua da–, Pedro Sánchez Espainiako presidentearena, eta Antonio Turiel ekintzaile ekologista, fisikari eta ikertzailearena. Ikuspuntu eta arreta gune ezberdinak eskaini dituzte, bateragarriak ere badirenak.
Enpresa hornitzaileak dioena
Astearte goizean prentsaurrekoa eman du REEko zerbitzuburuak. Azaldu du asteleheneko 12:30eean “Espainiako sistema elektrikoaren hego-mendebaldean sortze-galera batekin bateragarria den gertaera bat” egon zela, eta segundo erdi geroago “sortze-galera batekin bateragarria den bigarren gertaera” bat. Sistema elektriko osoa desegonkortu zen orduan, eta hiru segundo geroago erori zen sistema osorik.
Zergatiei dagokionez, REEko arduradunak baztertu egin du “giza akatsa”, baita zibereraso baten aukera ere: “Gaur goizean ondorioztatu ahal izan dugu ez dela inolako intrusiorik egon". Adierazi du momentuz ez dakitela zein instalazio energetiko zehatz izan diren “sortze-galera” izan zutenak, baina azterketa amaitzean jakingo dutela. Hori bai, azaldu du itzalaldiaren unean energia elektrikoaren sortzaile nagusiak parke fotovoltaikoak eta eolikoak zirela, bereziki fotovoltaikoak, eta instalazio mota hori seinalatu du itzalaldiaren balizko jatorri gisa.
Espainiako Gobernua
Sánchezek adierazpenak egin ditu Moncloan, erregea buru izan duen Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren eta Ministroen Kontseiluaren bileretan parte hartu ondoren. Ez du “inongo hipotesirik” baztertu, ezta itzalaldia eraso baten ondorio izatea ere, eta ikerketa sakona agindu du. Baina nabarmendu du REEk zibererasoa baztertu izana, eta batez ere, ezer ziurtatu gabe ere fokua beste toki batean jarri du: “Herritarrek argi izan behar dute gobernua sakoneraino iritsiko dela gai honetan. Erreformak egingo dira, beharrezkoak diren neurriak hartuta, eta operadore pribatuei erantzukizun guztiak eskatuko dizkiegu”.
Esanguratsua da Moncloako webgunean bertan Sánchezen adierazpenak jasotzen dituen albisteari eman dioten izenburua: “Operadore pribatuei erantzukizunak eskatuko dizkiegu eta berriro ez gertatzeko beharrezko neurriak aktibatuko ditugu”.
Antonio Turiel
Turielek urteak daramatza energia gaiak lantzen, eta oso kritikoa da energia berriztagarriak ezartzen ari diren moduekin. Astearte goizean elkarrizketa egin diote Onda Vasca irratian. Espainiako Gobernuak eta REEk egin bezala, itzalaldiaren jatorria instalazio fotovoltaikoan jarri du, baina baita sistema elektrikoaren ezaugarri eta gabezietan ere.
Turielen esanetan, itzalaldia gertatu zen unean “energia fotovoltaiko asko sortzen ari zen, eta, bere ezaugarri teknikoengatik, fotovoltaikoak gaizki erreakzionatzen du eskari-aldaketen aurrean. Sistema elektrikoarekin dagoen arazoa da eskari-aldaketei aurrea hartu behar diezula beti, eta fotovoltaikoa ez da oso malgua zentzu horretan”. Zientzialariaren esanetan, horrek badu konponbide teknikoa, baina “garestia” da, eta “gastuak aurreztea” lehenetsi izan da Espainian. Azaldu du 2021ean antzeko istripu bat gertatu zela Europa mailan, eta horren aurrean REEk araudia gogortu zuela, baina araudi hori ez zaiola aplikatu urte horren aurretik jada ezarriak zeuden instalazioei.
“Funtsezko arazoa ez da hainbeste sarearen erorketa, baizik eta ezegonkortasuna. Horren arrazoia da energia berriztagarri asko integratu dela jarri beharko liratekeen egonkortze-sistema hartzailerik gabe, eta, gainera, gaur egungo araudiaren arabera nahitaezkoa da", azaldu du ekintzaile ekologistak. Itzalaldiari konponbidea gas kopuru handiak errez eman ziola azaldu du, baina ohartarazi du hori ez dela konponbidea: “Gakoa ez da gas gehiago erretzea, baizik eta sistema fotovoltaikoak moldatzea aldaketa horietara egokitzeko ahalmena izan dezaten”.
Edonola dela, eta asteleheneko itzalalditik harago, mugimendu ekologistak bezala Turielek energia eta gizarte ereduaren errotiko aldaketaren alde egiten du bere liburu eta hitzaldietan, sistemaren krisi anizkoitzari aurre egiteko aukera bakar gisa. "Energia kontsumoa %80 jaitsi beharko dugu hurrengo hamarkadetan", adierazi zion Urko Apaolaza kazetariari 2023an ARGIAri eman zion elkarrizketan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545