Astelehenero 8:00etan zure epostan
Zigoitia Bai herri plataformak salatu du marko normatibo ahulak herrialdea “babesgabetasun” egoeran utzi duela. Eusko Jaurlaritzari leporatu diote “informazioa atzeratzea” eta “bidezkoa eta bermatzailea izango den plan baten alde urratsik ez ematea”.
Eusko Jaurlaritzak abian jarri du Araban hemeretzi eguzki-parke fotovoltaiko ezartzeko tramitazioa, Solaria enpresak sustatuta. Proiektuak lurraldeko hainbat txokotako 1.200 hektareako lursailak erabiltzea aurreikusten du, eta horretarako, Jaurlaritzaren aurretiazko administrazio baimenaren eta ingurumen-ebaluazioaren prozedurak pasa beharrean dabil. Hala ere, Zigoitia Bai herri plataformatik salatu dute “lege esparru bermatzailea falta” dela, eta “kaos normatiboak bide ematen” diola horrelako proiektuak ezartzeari. Ondorioz, “etika zalantzagarria duen Solaris bezalako enpresek lurraldea errespetatzeko muga logiko eta beharrezkoak saihestu” ditzakete.
Larunbatean egindako agerraldian, Zigoitia Bai plataformak salatu zuen Solaria “enpresa multinazional harrapariak egin nahi duen green grabbing hori iraingarria” dela. Hots, salatu dute ingurumen-diskurtsoetan edo klima-aldaketaren aurkako konpromezua argudiatzen duten arren, ondorio negatiboak dituela tokiko gizartearentzat.
Plataformatik gogorarazi dute duela bi urte Solariak bere lehen proiektua aurkeztu zuela Eusko Jaurlaritzan. Instalazio horrek “80 futbol zelai inguruko azalera hartzen zuen Zigoitiaren bihotzean, Gorbeiaren magalean”. Bi urtez aritu da plataforma proiektu horren aurka borrokatzen, mobilizazio, salaketa eta alegazio tekniko eta herrikoiak tarteko. Orain, adierazi dute enpresak berrio ere “kargatu duela lurraldearen kontra”, Zigoitian, Manurgan, Berrikanon eta Etxabarri Ibiñan aurkeztu dituen antzeko beste hiru proiektuekin. Horiez gain, Solariak Araban “beste hamasei instalazio gehiago" erregistratu dituela salatu du plataformak.
Eusko Jaurlaritza ere jo puntuan jarri du Zigoitia Baik, eta euren ezinegonaren ardura egotzi diete. Energia Berriztagarrien Plan Sektorial “bidezko eta bermatzaile” bat onartzeko urratsak ez egitea, eta egitasmoen gaineko informazioa “atzeratzea” leporatu diote Jaurlaritzari. “Industria Sailak hemeretzi proiektu horiek mahai gainean izan ditu denbora luzez, eta orain publikoki aurkeztea erabaki du”, gaineratu dute.
Amaitzeko, gogoratu dute beraien helburua "zigoitiarrak ahalduntzea dela, Solariaren harrapaketatik defendatu ahal izateko" eta "gure udalerrian bidezko trantsizio energetikoa gauzatzeko alternatiba erreal eta egingarriak proposatzea". Gaineratu dute "borrokan jarraitzeko" asmoa dutela.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545