Astelehenero 8:00etan zure epostan
Europar Batasunak atzera egin du 2035erako ezarritako errekuntza-autoen debekuan, auto elektrikoen salmenta espero baino motelagoa dela argudiatuta. Bruselak malgutasuna lehenetsi du eta autogileei emisioak %90 murriztea baimendu die, eta ez %100, hibridoak eta zenbait errekuntza-ibilgailu merkatuan mantenduta.
Europar Batasunak 2035. urtea mugarritzat zuen aldaketa klimatikoa borrokatzeko bidean: ezin izango ziren errekuntza-auto berri gehiago saldu, eta autogileek CO2 emisioak %100 murriztu beharko zituzten. Orain, baina, betoa ezabatu eta malgutasunaren alde egin du Bruselak, auto elektrikoak uste baino motelago saltzen ari direla argudiatuta. Ondorioz, autogileek %90 murriztu beharko dituzte isuriak, hibrido entxufagarriak, hibridoak eta errekuntza motorra soilik duten auto batzuk saltzea baimenduta. Hala ere, autogileek karbono isuri gutxiko altzairua (altzairu berdea), erregai sintetikoak eta bioerregai gehiago erabili beharko dituzte.
Bestalde, 2025erako ezarritako emisio betebeharrak ere ez dituzte bete auto-fabrikatzaileek, eta helburu horiek betetzeko epea 2027ra arte luzatzea erabaki du Bruselak. Erabakiak Europako Batzordeak hartu ditu, eta orain Parlamentuan eta estatu kideen artean negoziatu beharko dituzte. Horiek ere neurriak onartzea aurreikusten da, gehiengo kontserbadorea dela-eta.
Industria "arriskuan"
EBk argudiatu du autogintza "hiltzeko arriskuan" dagoela, eta neurri berriarekin bultzada eman nahi diotela industriari. "Osagai elektrikoak %100ean fabrikatzeko zailtasuna ikusten dugu 2035etik aurrera", esan du Stephane Sejourne EBko presidenteordeak. Italia, Alemania eta Europa erdialdeko herrialdeak argudio berarekin presio egiten aritu dira, izan ere, euren industriek Txinako autogintzarekin lehiatzeko zailtasunak dituzte. Tartean, Alemaniako autogintza sektorea kaleratzeak iragartzen ari da egunero. Bestelako iritzia dute Frantzia eta Espainiak. Azken horiek diru andana inbertitzen ari dira mugikortasun elektrikoan, eta euren iritziz betoa malgutzeak Txinarekiko merkatu gehiago galtzea ekarriko du.
Auto elektrikoen aldeko hautua, poliki bada ere, handitzen ari da prezio apalagoak iritsi ahala. Berria-k bildu dituen datuei erreparatuta, baina, nabaria da EBko herrialdeen arteko aberastasun aldea kotxe elektrikoak hautatzerako garaian: Danimarkan %66,5ek hautatzen ditu, eta Balkanetan %5 inguruk. Hala ere, BPG per capita antzekoa duten herrialdeen artean alde nabarmenak daude, faktore kulturalak ere badirela erakusten dutenak: Italian %5 eta Erresuma Batuan %22,4 dira elektrikoa hautatzen dutenak errekuntza-autoen aurrean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545