Abenduko laino lanbrotsuak, sagar asko ekarri.

Sexuaren premia

Ni hibrido bat naiz. Zu ere bai. Baita hura ere. Den-denok gara hibridoak. Ikusten dituzun animalia eta landare guztiak. Landare bakan batzuk kenduta, denok ditugu ama eta aita.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko azaroaren 16a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Sexuen nahasketarik gabe sortzen diren landareak badira. Batzuek lurrazalean zabaltzen dituzte sustraiak, eta sustrai horretan zauritxo bat nahikoa izan daiteke aldaka edo aldakaitza eman eta enborretik urruti landare berri bat sortzeko. Beste batzuek, landaretik moztu, hautsi, banandu edo bakartutako adar edo sustrai zati bat haizeak edo urak edo animaliaren batek tokialdatu eta txoko aproposean egokituz gero, bertan itsatsi eta askea den landare berri bat sor dezakete. Beste landareren batek inutu dezake baita “aldakaitza” esaten zaion zeharreko adarren bat, edo propio horretarako luzatutako herrestadarra makurtu eta lurra ukitzen duen tokian errotu eta gerora landare bereizia izango dena ere. Sexu nahasketarik gabe, batera edo bestera landare batek bakarka ematen dituen kume horiek denak amaren klonak, kopia zehatzak, berdin-berdinak eta justuak izango dira. Geu gara landare kopia gehien egiten ditugunak: txertatuz, aldaxkak landatuz, adarrak belaunduz edo probenatuz eta abar. Milioika eta milioika landare kopia dauzkagu guk nahi dugun mozkin jakina ematera jarrita sagasti, mahasti, baso eta abarretan.

Naturari kopiak ez zaizkio interesatzen, ez zaizkio batere axola. Naturak, bizitzak orokorrean, eta espezie bakoitzak badaki kopiak bide motza duela. Espezie batean edo aldaera batean genetika berdin edo ia berdineko kopia zehatzak diren landare asko badago, etorkizun arriskutsua dute. Batek gaitzen bat harrapatzen badu erreskan denak jausiko dira haren hatzaparretan, eta agian hil; horixe gertatu da diru egarri aseezinak ilundutako Bizkai eta Gipuzkoako mendietan “insignis” edo “pinu beltza” (Pinus radiata) esaten zaionarekin; hautaketa genetiko intzestu-ahaidekeriazkoaz sortutakoekin. Klimaren edo lurraren ezaugarriak bezalako bizitzeko baldintzen aldaketa etengabekoa dela gogoan izanik, denak berdinak izanez gero, baldintza berrietara egokitu ezinik geratzeko arriskua latza da, deskuido txikienean espeziea desagertzerainokoa. Zori horren sorbatzean dabil, adibidez, bananondoa (Musa x paradisiaca), Cavendish multzokoak; izan ere, banana fruitua izanagatik, bere hazirik ez duzu ezagutuko, ezta?, ba bai, bananondo guztiak kopiaren kopiak dira.

Naturak izaki eta landare berriak nahi ditu, genetika berria dakartenak, bihar etzi datozen klima eta lur baldintza berrietara egokitzeko gaitasun hobea ekarriko dutenak. Hori era bakar batean gerta daiteke: ama bat eta aita bat sexuz elkartuz, kopulatuta. Ama eta aita bakoitzaren familia zuhaitz genealogikoek dakartzaten karga genetikoak uztartuta, baten eta bestearen milaka geneen nahasteko probabilitatea da gakoa. Hortik, beti, gutxi-gehiago desberdina den izaki bat sortuko da. Horixe da naturaren nahia: espezie batean zenbat eta desberdin gehiago, orduan eta irauteko aukera gehiago izango du etorkizunean, balizko beltzenean ere.

Sortzen diren desberdin guztiek ez dute iraungo: sukatututa geratzen direnek, edo eragozkatutakoek elorrio izango dute, ziur aski.

Hibridoak gara sexu batzetik sortutako denok. Baita makina bat landare gure ere. Gurean beste inon bizi ez diren aldaera berezi asko; zain ditzagun. Gure paisaia, gure kultura, gure egiten dituztenak; adibidez, ez da botadazko txantxa Euskal Herrian ehundaka eta ehundaka sagar (Malus domestica) barietate gure ditugula esatea. Etorkizuneko aberastasuna dira, lur-eguzkiko aberastasuna, hibridoen hibridaziotik sortutako birhibridoenak, lurra soildu edo antzutu beharrean joritzen dutenak, gure atzetik datozenen bizitza ekarkortu eta oparoagotzen dutenak.

Bihar ehun urte hasiko dira
2026-06-22 | Jakoba Errekondo
Honela esaten zuen aspaldi ezagutu nuen eta beti erakusteko prest zen gizon jakintsu batek: “Bihar ehun urte hasiko dira”. Gauzak soseguz hartu eta edozertarako beta... (+)
Araba, patataren gotorlekua
2026-06-15 | Jakoba Errekondo
Gozoena orain da, atera lurpetik eta jan. Patata da, noski (Solanum tuberosum). Orain dago jateko bere onenean eta seinalea erakusten digu: loratu da. Lorea zabaltzen... (+)
Paleolitotik Neolitora Mirandetik barrena
2026-06-08 | Jakoba Errekondo
"Euskaldunak oraindik entzun ditzake bere barruan ametsari egoak aske uzten badizkio, antxiñako gudateen aranotsak, leenagoko euskal-zalduntasunaren deia”, idatzi zuen Jon Mirandek. (+)
Sua mahastiari
2026-05-29 | Jakoba Errekondo
Maiatz fresko eta haizetsuak urtea oparoa egiten du”, dio esaerak. Aurten, nekazarien ikuspegitik, maiatz txatxu xamarra izan da. Freskoa eta haizetsua, baina baita euritsua ere.... (+)
Intsusaren xirmi-xarmak
2026-05-25 | Jakoba Errekondo
Intsusaren lorea badoa. Edota puska batean gure artean geratzeko eska diezaiokegu. Eskatu baino gehiago, gonbidatu. Limurtu eta gure arteko istorioa gozoa izango dela jabearazteko matte-matte... (+)
gora