Astelehenero 8:00etan zure epostan
"Euskaldunak oraindik entzun ditzake bere barruan ametsari egoak aske uzten badizkio, antxiñako gudateen aranotsak, leenagoko euskal-zalduntasunaren deia”, idatzi zuen Jon Mirandek.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Paleolitotik Neolitorako urratsa gure begien aurrean gertatzen ari da, oraintxe, arrantzan.
“Zalduntasuna” baino nahiago dut “behortasuna” esatea, “gizatasuna” baino “prestutasuna”. Eta zubererazko “aranots” edo “anots”, nola esaten dugu? Gehienok “oihartzuna”, Garazi inguruan “arada”, Zuberoan “aran” ere bai, Erro aldean “tranpots”, Gernika eta Markinako bizkaieraz, gipuzkeraz eta Larraun eta Erroko nafarreraz “harri-bizi” edo “harbixi”, “oihar” eta “oiharrots” eta, besteak beste, Felipe Arrese Beitia otxandiarrak bere 1900eko Ama euskeriaren liburu kantarian jasotako “jotorri”.
Orokortutako “oihartzun” izena “oihar” eta “oiharrots”-ekin lotzeko ez da hede handirik behar. “Oihar” hitzak badu oihartzunaz gain beste esanahi bat ere: basoa. “Oihan” hitzarekin uztartu ote daiteke?
Aranots-en “aran” hitzak ere begia joa dit. Izan ere, haran batean entzuten den oihartzunak indar handiagoa izan ohi du, ezta? “Arada” ere ez da askoz haragokoa izango.
Begia jo eta burua dantzan hastea bat da Pirinioetan: Aran Ibarra ezaguna da, Vall d’Aran katalanez, baita Echo Ibarra ere, Bal d’Echo aragoieraz. Aran arana, oihartzunaren arana izan daiteke lasai asko, eta Echo arana berdin, izan ere oihartzuna frantsesez “echo” da, beraz, oihartzunaren arana, aran arana.
Aran horietan noiztik entzuten ote dira euskarazko builen oihartzunak? Milaka urte, seguru. Izan ere, gure ingurura duela sei bat mila urte inguru Neolitoa inauguratu zuen nekazaritza iritsi arte, mendi eta aran horietan orroz jantzitako zenbat ehiza eta arpilatze egin ote genituen?
Neolitoak lurra lantzea ekarri zuen, ordura arte hara eta harago zebilen jendartea edo komunitatea lur bati lotzea. Lur bat kultura baten lurralde bihurtzea. Kultura, lurra lantzearen kultura, “cultivare” latina. Gaur egun kulturatzat jotzen diren jardun horiek egiteko aukera ekarri zuen lurra lantzearen kultura. Lurra lantzeak gosea kentzea eta denbora eman dizkigu, lur horretan lantzen dugun landareak bere zikloa osatzeko behar duen denbora, hari begira jarri eta hilabeteetako denbora ekarri digu, pentsatzeko, hizkuntza sakontzeko, abestiak, dantzak, musika, olerkiak eta kultur kultutzat ditugun horiek egin ahal izateko. Alabak goseak dituen komunitateak ez du horrelakoetarako denborarik ez gogorik.
Neolitoak gosea kenduko digun landare saila hobetzeko artea ere ekarri zigun. Gure lurrera, gure klimara eta gure ahosabaira egokituko ziren landare barietateak hautatuta, bistortuta eta eratuta. Gaur egun ondo gureak ditugun barietateak, “hemengoak” esaten diegunak, paparra harro. Nolakoa izan ote zen ehiztari-biltzaile jendarte paleolitiko hartatik Neolitoak ekarri zuen geure buruaren ikuskera berri horretarako lubaki sakona igarotze hura?
Bada, hori oraintxe ikusten eta bizitzen ari gara Euskal Herrian. Ez lurra lantzeko alor eta sailetan, baina bai lehen sektoreko oso gure izan den beste barruti batean. Ez dakit une historiko honek benetan duen garrantzia aitortu eta behar adinako energia eskaintzen ari ote garen urrats garrantzitsu, atzera bueltarik gabeko eta errepikaezin den hori ikertzeari, dokumentatzeari, gerorako behar bezala jasotzeari, gure jendartera dakarren mudantza sorta aztertzeari. Ez dut uste. Izan ere, non dago zientzia? Zenbaitenetan hortz-letagin-haginentzat ere tokirik uzten ez duen ahoko zulo beteko zientzia hitz hori, non dago? Zientzia, Unibertsitatea, Berrikuntza, Ikerketa… Horra begiratu eta aratu eta bilakindetzeko gai eder askoa, une historiko paregabearena.
Paleolitotik Neolitorako urratsa gure begien aurrean gertatzen ari da, oraintxe, arrantzan. Orain dela oso gutxi arte, joan eta harrapatu zena, orain lantzea, kultibatzea bihurtzen ari da eta laster ez da garai bateko horren arrastorik ere izango. Mirandek zioen “antxiñako gudateen aranotsak, leenagoko euskal-zalduntasunaren deia”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545