Martxo eder eta lehorrak upelak betetzen.

Senperen sagastiak loretan

"Sagarren herrialdea da, bertako emakumeek sagarra bakarrik jaten dute, ez dute sagar muztioa besterik edaten eta noiznahi transgresioaren sagarrari hozka egiteko prest daude, Jainkoaren gaitzespena gaindituz eta gure lehen aitaren debekua saihestuz. Adanen semeak borondatez liluratzen dituzten Evak dira, eta buru-has edo hutsik, mendian bizi dira erabateko askatasunean eta inozotasunean, Eva lur paradisuan bezala".

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko maiatzaren 22a
Sagarrondoa loretan. Argazkia: Jakoba Errekondo CC-BY-SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Frantziako erregearen haginduz Euskal Herria hankaperatzera 1609an etorri eta bere egoitza zuen Senpereko gaztelutik Pierre de Lancre inkisidoreak euskal emakumeak horrela azaldu zituen 1613an argitaratu zuen Tableau de l'inconstance des mauvais anges et démons liburuan (Aingeru gaiztoen eta deabruen aldakortasunaren taula). Gaztelu horretan pentsa ezinezko izugarrikeriak egin zituen euskaldunen aurka: tortura, epaiketa eta exekuzio. Ordutik hona Sorginaren dorrea esaten zaio. Aitona Nafarroa Behereko Bernat Rostegi jutsiarra zuen Pierre demonioak. Bera jesuita eta abokatua zen, a zer bi ofizio, esaten eta egiten zituenak esateko eta egiteko. Kontuz abokatu jesuitekin, eta jesuita abokatuekin eta, zer arraio, jesuitekin eta abokatuekin…

Sagarra (Malus domestica), ederki azpimarratzen zuen Lancrek, transgresioaren metafora biblikoa da; gorroto neurrigabea elikatzeko besterik balio ez zuen bere erlijioan.

Ez zen gaztelutik askotan jaitsiko inguruko baratzeetara, ez behintzat apiril-maiatzetan, gainontzean ezinezkoa da sagarraz hain zatar, lohi eta aldrebes mintzatzea. Garai haietako sagardi amaigabeen loraldiaren lilurak urde sugegorrienari ere gogoa limurtu eta bahituko lioke. Lilura-sagastiak baitziren, orain bezala, lehen ere gurean.

Badoan sagarrondoen loraldiko lore arrosa-gorrizta eta zuri delikatuak benetako gozamena dira. Ikuskizun paregabea da, lurraren oparotasunaren eta gure lanaren emankortasunaren energiaren adierazle eta argia, kolorea, usaina, musika, ahalmena, askatasuna eta, finean, edertasunaren ikusgarri erraldoia da. Gure herrian ikaragarrizko garrantzia izan du sagarrondoak: bizirik mantendu gaituzten sagarra eta edaria eman dizkigu. Sagarra osasuna da, bitaminaz, mineralez eta biziz josia. Pitarrak eta sagardoak kultura bezala garatu eta mundua eman digutenak.

Sagarrondoak urtero loratzen dira. Berandu sagarrek bai-urtean sagarra emango dute eta ez-urtean ez. Ohituta gaude. Urtero sagarra ematen duten goiz sagarrak jan eta pitarra eta sagardoa bi urtez behin bi urterako egin.

Lankrepaile asko dago eta izango da. Epai uholdeak gorabehera, Senperen sagastiak urtero loratzen dira. Sagastiak landa ditzagun.

Azenario koloreko mutila
2026-01-26 | Jakoba Errekondo
Seko jakineza naiz, eta ez naiz modaz ariko. Koloreez bai, ordea. Kolore batzuk nola haizearen alde jarri eta denon aurrean boladan sartzen diren. Azenarioarena kasu... (+)
Trikuaren salbabidea
2026-01-19 | Jakoba Errekondo
Askatasunak neurria du. Bizitzeko askatasunak neurria du, neurri zehatza, trikuaren kasuan 13x13 cm2. (+)
Azken jantokia
2026-01-12 | Jakoba Errekondo
Gosetea etorritakoan, eskolako jantokiak itxi egiten dituzte. Hori da egoera okertzeko erarik errazena: haurren gosea areagotu. Aspaldi esana dugu: etorkizuneko gerrak gosearenak izango dira. Euskaldunok... (+)
Sukalde-ohol eta trangadel zurezkoak
2025-12-29 | Jakoba Errekondo
Sukalde txoko guztietan bizi da ohola. Sukalde-ohola gehienetan, baina baita trangadela ere. Trankadera, pikadera, tranbil, trangel, idulki eta trokote ere esaten zaio, eta sukalderako edozein... (+)
Ahuakate berri bat sortzeko
2025-12-22 | Jakoba Errekondo
2002an, gaixorik zela, epaia eman zioten, eta lepoa moztu. Bai zuhaitzei eta arbolei ere lepoa mozten zaie, eta akabatu. Eskerrak ordurako milioika ondorengo eman eta... (+)
gora