Iroldegia

Ariketa egiten da iroldegian, baina ez da inolaz ere kiroldegia. Ariketa ez da kirola, alderantziz apika bai, kirola ariketa. Bizitzak eskatzen duen aritzea da ariketa, baina kirola… Kirolak berezko dituen espezie berekoen arteko borroka grina eta parekoa gainditu eta ahal bada zanpatu beharra, tarteka gustatzen zaizkidanaren burutazio, imintzio laurden bat izaten dut; inondik ere barrunbe basak hurbileko genealogian ditugu, baina ez dut kirola zipitzik ere atsegin.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko urriaren 20a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Irola bai, gustuko dut. Irola edo iroldegia. Luartokia alegia. Edo simaurtegia. Komunari edo bakargelari ere esaten zaio “irol”, baina simaurtegiari helduko diogu guk.

Simaurketa nagusiak egiteko garaia iritsi da. Udazkenean uztak bildu eta behar bezala altxatzeko betarik gabe, hemen da uzta emale diren lur horiei txermoni ordaina itzultzeko aroa. Udazkena bada garai onena, negua ere ez da kaxkarra. Baina ongarria zenbat eta lehenago eman, orduan eta aukera gehiago izango du lurrean sartu eta bertako eskubide osoko kide egiteko; han ezagutuko ditu mikroorganismoak, handixeagokoak, animalia jendea eta landaretzaren sustraije sarria, lagun berriak, denak bere zain. Denak gose. Baratze, soro, belaze, sagasti, mahasti, lorategi, noranahi doala ere, ongarriak berezko hartzidura festa han eramango du, inguruak epelduz, berotuz, alaituz.

Udazkenak hori ere ona du, denbora. Denbora ematen digu hurrengo sasoiari patxadaz begiratu eta ganbara pitzatu arteko hausnarrari ekiteko. Horixe egingo dute gainontzeko bizidun gehienek ere. Bitarte horretan, sasoi berria etorri artean, ongarria, dela simaurra, dela satsa, dela luarra, dela zernahi, lurrean desagertuko da, bat egingo du bertako biztanleriarekin eta pronto jarriko da neguaren amaierak piztuko dituen izerdi berriak, hozitzeko grinak eta abar elikatzeko.  

Ez utzi atzeragorako. Bizi Baratzea-ko ikurritzetako bat hauxe da: “Garaian garaikoa garaiz”. Ekin iroldegirako bideari. Uste baino garrantzitsuagoa da ongarri organikoari lurrean bere denbora ematea, udazkenak guri ere ematen digun denbora hori bera. Deskuiduan, behar adina simaurrik edo satsik edo luarrik ez baduzu, banatu daukazuna landu gabeko lurretan, gorritu gabekoetan alegia. Gorritutakoetan, hau da, baratze, soro, lore-taulen edo antzekoetan ongarri berdea erein dezakezu. Ongarri berde ohikoena oloa (Avena sativa) eta txirta edo zalke (Vicia sativa) nahasketa da. Ez dituzte luartutako organikoaren lanak egiten, beste era batekoak baizik. Oloak bere lau metroko sustraiekin lurra sakon arakatzen du, zulatu, sakoneko jakiak gora ekarri eta hildakoan sustraiak usteldu eta bere zuloak ongarriz beteta geratzen dira. Txirta edo zalkea lekaduna da eta itundutako ezkontzen bidez, lagun hartzen dituen bakterio batzuekin gauzatzen duten elkarlanari esker, lurra nitrogenoz aseta uzten dute. Nitrogenoa da landareen likagai nagusia.

Orain erein eta udaberrian moztu eta lurrari ematen zaizkio landare horiek, oso-osorik. Udaberrian jarriko ditugun barazki eta loreek ederki baliatuko dituzte. Zain dago lurra; sardea dantzatzera iroldegira.

Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
Euskal Herriko Makaronesia
2026-06-28 | Jakoba Errekondo
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin... (+)
Bihar ehun urte hasiko dira
2026-06-22 | Jakoba Errekondo
Honela esaten zuen aspaldi ezagutu nuen eta beti erakusteko prest zen gizon jakintsu batek: “Bihar ehun urte hasiko dira”. Gauzak soseguz hartu eta edozertarako beta... (+)
Araba, patataren gotorlekua
2026-06-15 | Jakoba Errekondo
Gozoena orain da, atera lurpetik eta jan. Patata da, noski (Solanum tuberosum). Orain dago jateko bere onenean eta seinalea erakusten digu: loratu da. Lorea zabaltzen... (+)
gora