Uztailean, aho beltz, lehor eztarrian

Sagar inaurkina

Inaurkina. Inaurkingintzan buru-begi hasia dago aberats jendea, abeldun jendea, abeltzaina. Buru-begi eta buru-belarriak erne egin beharreko lana da inaurkinarena. Etxeratu nahi den zaborra da inaurkina. Izan ere, zaborra, gaur egun sortzen duguna ez bezala, begi-bistatik ziztuan itzalarazi nahi dugun zakar hori ez bezala, zaborra urrea da. Mendian sortzen den landareen hondakina da zaborraren fundamentua.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko urriaren 06a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Inaurkin ezagunena garo arrunta da (Pteridium aquilinum), izen ugari duena: ira, iratze, iraztor, inixtor eta abar. Garoa edo ira garoilean edo irailean moztu, jaso eta etxeratzen da, karrera, mandio, ganbara-zabal edo metan jasotzeko. Buruila ere bada iraila eta udara burutu da; garoak ere bere sasoia osatutzat jo eta gorri-gorri jartzen da. Agorra ere bada iraila eta garoari agortzen zaio urte honetako kemena. Ez alferrik “autono” ere esaten zaio irailari, “automne” ere esaten zaion udazkena bete-betean ekartzen duelako.

Ihintza lodiak, gau freskoak, eta egun motzak garoa etxeratu behar dela diote. Garoa azpigai urte guztian beharko da, abereak ukuiluan edo kortan ditugun artean behintzat bai. Ez garoaren tamainan, baina inaurkin edo azpigai ugari erabiltzen da: arta-zuztarra (Zea mays), belar zakarra, belar ondu zaharra edo bustia, lastoa, orbela, zerrautsa, txirbila eta abar.

Beste inaurkin bat ere bada: fruitu arboladietan aleak arbolatik erori eta lurrean pilatzen direnean inaurkina esaten zaio. Orain, adibidez, sagar inaurkina (Malus domestica) ikusten ari gara bazterretan, aurten bai-urtea baita, sagardo sagarren eta berandu-sagarren biurteko zikloan alea erruz ematea dagokion urtea, alegia. Bada sagarretik, eta sagarrondopean sagar inaurkina.

Sagar inaurkinak izango du sagar angel, sagar zeken, sagar harjo, sagar eri, sagar txoro eta sagar usteletik. Nahasketa xelebre hori ez da, inola ere, egokia pitar edo sagardo ona egiteko. Asko jota, zizar kaxkarren bat egingo du bateren batek baina ez niri ekarri sudamintzen ingurura.

Ez dut uste asmo egokia denik sagar inaurkina abereen azpietan jartzea. Abere guztiak gu bezalaxe, fruituzale amorratuak dira, urte sasoi jakin batzuetan soilik izaten da fruituak jateko aukera, bakoitza bere garaian, baina beti ona gustagarria da fruitua, berdexeago edo zekenxeago edo gorbezituxeago egonagatik ere. Mokoka edo koskaka azkar asko jango dute. Horregatik azpietan sagar lurrin hori ez dut uste ona denik. Oso, oso ona da, baina, sagar inaurkina luar pila edo simaurra ondo luartzeko, ondo ontzeko, ondo hartzitu eta luar on baino hobea egiteko. Nahastu simaurrari edo luarrari tamainan, ito gabe; sagar aleak jota edo zatituta, sagar usain ezagun hori, etileno gasa, askatuko dute eta hartzidura suspertuko; egokiena inaurkin lehor pixka bat gehitzea litzateke: lastoa, zerrautsa, txirbila, orbela; etxeko luarra bada simaur pixka bat erantsi bizkorgarri; eta asun ura (Urtica dioica) edo eta zolda-belar (Symphytum spp.) urarekin busti.  

Sagarrondoa ongarritzeko gaia izango duzu. Gero ere jateko, gordetzeko, muztioa, pitarra edo sagardoa egiteko nahiko sagar izan dezazun eta tartean baita sagar inaurkina ere.

Inude landareak eta animaliok
2026-08-31 | Jakoba Errekondo
Elkarlana, elkarjana eta era guztietako trukeak dituzte gure paisaiako landareek eta animaliek. Elkarlanari “auzolana” ere esaten zaio, eta naturan ederki asko azaltzen da gure artekoak... (+)
AA ez, AB bai, Adimen Biologikoa
2026-07-27 | Jakoba Errekondo
Txakurrak? Noski! Behorrak? Bai! Zezenak? Nola ez ba! Arbolak eta barazkiak? Nola ba, txoratu egin al zara, ala! Gogoan al duzu 2020. urte txar hartan,... (+)
Arbolaren agoniaren distira
2026-07-20 | Jakoba Errekondo
Zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du”, itzuli zuen Aita Villasantek Axularren 1643ko Gero liburuaren 1964ko bertsioan. Ez dakit nola adieraziko zuketen ez batak ez besteak,... (+)
Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
gora