Martxoan haize, sagardian lore

Milaka alegazio aurkeztu dizkiote Ikatz Gane makroproiektu eolikoari Urumea bailarako herritarrek eta Hernaniko Udalak

Urumeako Mendiak Bizirik plataformak herritarren 3.512 alegazio aurkeztu dizkio Ikatz Gane proiektuari eta beste 42 alegazio aurkeztu dizkio Hernaniko Udalak: "Proiektuak ez ditu bideragarria izateko baldintza guztiak betetzen, eta bateraezina da egungo konfigurazio eta kokapenetan". Horiez gain, ia 100 orriko beste alegazio-dokumentu bat aurkeztu dute hainbat herritarrek eta taldek. Aranoko Udala eta Nafarroako Gobernua ere alegazioak eta txostenak prestatzen ari dira, haientzat epea beste 30 egunez luzatzea lortu baitute.


2026ko maiatzaren 08a
Urumea bailaran eolikoak jartzeko asmoa duten eremua Adarramendiko ikuspegi batetik.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Urumeako Mendiak Bizirik plataformak salatu du Ikatz Gane proiektuak ez dituela aintzat hartzen "inguruko bizilagunen iritzia eta eremuaren korridore ekologiko izaera". Oroitarazi du proiektuak 112 metroko altuerako bost aerosorgailu ezarri nahi dituela, 30 kiloboltioko sekzionamendu-zentroa eta 7,425 kilometroko aireko eta lurperko linea elektrikoa. Zera adierazi du plataformak: "Proiektuak jasotzen du obra gauzatzeak duen aurrekontua: 40,7 milioi euro. Ez ditu jasotzen, aldiz, handik metro gutxira Repsol enpresak eraiki nahi duen parke eolikoaren inpaktua, azpian gelditzen den Arano herriak izango dituen kalteak, edo makroproiektu bat eraikitzeak sortuko dituen ondorioak tamaina horretako piezak mendian gora igotzeko eraikiko dituen bideekin, esaterako –8 metroko karreterak–".

Hernaniko Udalak Jaurlaritzari eskatu dio alegazioak kontuan har ditzala

Ikatz Gane proiektua eta haren Ingurumen Inpaktu txostena sakon aztertu ondoren, "hutsune nabarmenak" atzeman dituela adierazi du Hernaniko Udalak eta 42 alegazio aurkeztu ditu, EAEn maiatzaren 4an bukatu den epearen barruan. Udalaren ondorioa da "Ikatz Gane parke eolikoaren proiektuak eta hari lotutako azpiegiturek ez dituztela betetzen indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen gutxieneko baldintzak".

Alegazioetan honela adierazi dute: paisaiari dagozkion azterketak "ez dira objektiboak eta ez ditu kontuan hartzen eremuaren biodibertsitatea eta proiektu honek harengan izan dezakeen eragin erreala, ezta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Larrialdiaren 1/2024 Legeak instalazioen udal partaidetzaz arautzen duena ere". Horrez gain, bateraezintasun ugari ikusten dituzte natura- eta kultura-ondarearen babesarekin. Eta prozeduran ere "funtsezko hutsuneak" atzeman ditu udalak. 

Udalak kezka agertu du proiektuak Hernaniko udalerrian eta Urumea eskualdean izan ditzakeen "ingurumen- eta lurralde-eraginengatik, baita biztanleriarengan izan ditzakeen ondorioengatik ere". Eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio, egindako alegazioak eta aurkeztutako dokumentazioan hautemandako funtsezko akatsak ikusita, "adieraz dezala Ikatz Gane parke eolikoaren proiektua ingurumenaren aldetik bateraezina dela egungo konfigurazioari eta kokapenari dagokienez".

 

Urumeako Mendiak Bizirik, Ikatz Gane proiektuari ezarritako 3.512 alegazioak aurkezterako orduan.

 

Urumeako Mendiak Bizirik

Denboraren kontra idatzi eta zabaldu behar izan ditu alegazioak Urumeako Mendiak Bizirik plataformak. Hedabideetara zabaldu duen oharrean adierazi duenez, hainbat bolondresek egindako lanak "proiektu honen atzean dagoen manipulazioa, informazio-eskasia eta atzera bueltarik gabeko kalteak" salatzeko balio izan du. "Ez da erraza izan, baina izan da aberasgarria. Elkartu gara, izugarrikeria honen aurrean, horrelako ereduak ez ditugula nahi esateko. Ez hemen, ez inon. Ikatz gane bezalako ereduek eraiki baino, suntsitu egiten dutelako. Ez gaudelako prest edozer gauza edozeinen eskutik edozein lekutan eta edozein modutan egitea onartzeko. Are gutxiago, horrek onurarik ekartzen digula esan dezaten, etekinak aurretik ere aberasten ari diren enpresentzako direla garbi uzten baitute. Maite duguna eta gizarte bezala behar duguna txikitzetik eraiki nahi dutelako irtenbide 'berdea' deitu nahi dioten hori".

Hernaniko Udala, eskala handiko berriztagarrien alde eta Energiaren Lurralde Plan Integratua lantzen

Udalak makroproiektu berriztagarrien alde dagoela zehaztu nahi izan du, hainbat baldintza bermatuz gero: "Eskala handiko energia proiektu berriztagarriak ere beharko dira, betiere parte-hatze sozialaren eta lurralde antolaketa egoki baten bidetik egiten badira. Horregatik, mota honetako instalazioen behin-betiko Lurralde Plan Sektoriala beharrezkoa dela azpimarratu da". Eskala handiko proiektuak justifikatzeko, udalak argudiatu du "trantsizio ekosoziala guztiz premiazkoa dela, gaur egungo erronka energetiko eta klimatikoek berehalako erantzunak eskatzen dituztelako".

Hernaniko Udalak adierazi du "Hernanik baduela dagoeneko bide-orri argi bat, azken urteetan lantzen eta garatzen ari dena, eta etorkizuneko pausoak modu planifikatu batean emateko oinarriak ezartzen dituena". Ildo horretan, Udalak Energiaren Lurralde Plan Integratu bat lantzen ari dela nabarmendu du, "udalerriko eremu funtzionalak modu koherentean antolatzeko helburuarekin, energia, lurralde-antolaketa eta ingurumen irizpideak bateratuta".

"Tokiko trantsizio ekosoziala ikuspegi integral batekin eta modu planifikatuan bultzatzen jarraitzeko" konpromisoa agertu du udalak, eta adierazi du "aurrera egiten ari dela pauso irmoz" energia-kontsumoa murrizteari eta energia berriztagarrien garapenari begirako neurrietan, "besteak besteak, Enherkomekin sinatutako hitzarmenaren bidez".

“Liburuak jaso du euskaldunok nola erlazionatu izan garen zuhaitzekin”
2026-05-03 | Estitxu Eizagirre
Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian du izenburu Jakoba Errekondorentzat bere “bizitzako liburu inportanteena” denak, Markel Arriolabengoak “liburutegi batean aurkitu nahiko” lukeenak eta Iñaki Etxebesteri begirada... (+)
ESKAINTZA | Liburua opari, maiatzak 8 baino lehen harpidetuz gero
2026-04-30 | Estitxu Eizagirre
Antza inprimategian ari dira papereratzen Jakoba Errekondok, Markel Arriolabengoak eta Iñaki Etxebestek idatzi duten liburu ederra: Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian. ARGIAra maiatzaren 8a baino... (+)
Legebiltzarrera joateko prest, mendiko urari kontagailurik jarri behar ez izateko
2026-03-13 | Estitxu Eizagirre
Ura agentziatik gutun masiboa jaso dute baserritarrek, eta bertan esaten diete menditik hartzen duten urari kontagailua jarri ezean, arriskua dutela isunak jasotzeko eta ur kontzesioa... (+)
Hernaniko "Ikatz Gane" makroproiektu elikoaren aurkako sinadura bilketa eta hitzaldia deitu dituzte Urumeako Mendiak Bizirik eta Sagarreta taldeek
2026-03-09 | Estitxu Eizagirre
Urumeako mendietan aurreikusita zeuden hiru makroproiektu eolikoetako bat ("Ikatz Gane" deitua) jendaurrean jarria du Jaurlaritzak eta apirilaren 10 arte dago alegazioak jartzeko epea. Urumeako Mendiak... (+)
Amillubi erosketaren "azken txanpan" sartu da eta "Eskola Haziak" formazio saio teoriko-praktikoak eta Udaberriko Festa iragarri ditu
2026-03-05 | Estitxu Eizagirre
2023ko abenduan abiatu zuen laborantza ekologikoaren Biolur elkarteak Zestoako (Gipuzkoa) Iraeta baserria eta bere lurrak kolektibizatzeko Amillubi proiektua eta 390.000 euro lortzea jarri zuen helburu... (+)
gora