Adierazi ezin diren gauzak atsegin ditut ahuakete baten dasta, gardenia baten usaina...

Narrasean narrasti artean

Arre koloreko lurrean aurkitzen da. Arretasunean, harro, narrasean doa. Herrestatuz, narrastia. Soroan sesiorik ez. Segi du sugeak, sigi-saga, sasoia du eta; mahastian eroso sartu da. Seguru. Non-noiz, nora doan jakin nahian; non eta, hemen nago ni. Zelatan, zuri zuzen so, zertan zaren.

Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2026ko apirilaren 26a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
ESKAILERA SUGEA  (Zamenis scalaris)

TALDEA: Ornoduna / Narrastia.
NEURRIA: 26,3-160 cm artean.
NON BIZI DA? Sastrakadi mediterraneoan, artadian, horma zaharretan...
ZER JATEN DU? Ugaztun txikiak batez ere, eta hegaztiak.
BABES MAILA: EAEn babestuta dago.

Eta etorri da unea. Aurkitu dut gunea. Joango ez zaren bermea.

Mahats hostoen artean, horma zahar baten babesean, kiribildu da: eskailera-sugea.

Olibondo okerrak paisaia irekian, iraganeko memoria gordetzeko. Artadiak, sastrakadi lehorren artean. Labore lur zabalak. Harkaitzak eta mendi bat irmo mantentzen direnak, herri zahar baten babeserako sortua izan bailiran. Araba hegoaldeko eguzkiaren goxoan esnatu da eskailera-sugea, eta badoa, herri txiki bateko kale estuan barrena, bidea berea balitz bezala, horma zahar baten kontra. Liken horiak harrietan itsatsita, marra beltz zuzenak sugearen bizkarrean. Puntuak eta marrak: harri ilun gorri, suge arre beltz. Eta zulo bat, sugeak aukeratuko duena, mundu argitsutik ezkutatzeko. Gizakiaren begietatik alde egiteko. Kamera batean gordeta uzteko, uztaileko egun arrunt honetan. Mezu bat herpetologoari: Zer da hau, Iñaki?

Eskailera-sugea. Duelako eskailera formako marrazkia bizkarrean, gaztea denean, batez ere. Eta heldutan, bi marra beltz, burutik isatserako bidean, sugearen luzetasunean irristatzen direnak, narrastia lur hondartsuan bezala. Eskailera-sugea, ibiltzen baita horma zaharren inguruan, mahasti, artadi, sastrakadi mediterraneo eta harkaitz artean. Beroa lagun, Euskal Herri hegoaldeko lur lehorrak bere edertasunarekin konkistatzen. Herritik paseo txiki bat eman, eta gizakiak mugikorrarekin jarraitzen duen bitartean, zulo txiki batean labaintzeko. Adio.

Eta ibiltzen baita, badakizu? Enborretan gora, eta pareta lehorretan barrena, lurretik zerura bidean, txori-kumeak dituen habien bila, jaki ederra baita suge-gorputz handi bat asetzeko. Asetzen den bezala eskailera-suge bat, normalean, ia beti, ugaztun txikiak janda, lurreko habia-zuloetan sartuz gorputz luzea, ehiza ordua duenean. Eskailera-sugea, ehiztaria baita. Ibilean ehizatzen duen ehiztaria, baina egonean egoten badakiena. Ikertzaileen arabera, egon zalea baita, ibili zalea baino. Eta egun zalea, gau zalea baino, udako bero sapen aurrean, ilargipeko lanaldia egiten baldin badaki ere.

Herri txiki bat eskailera-suge batekin, egon litekeena, Nafarroa hegoaldean. Litekeena egon, Araba mediterraneoan. Edota mundu osoa espaziotik begiratuko bagenu, litekeena egon Iberiar penintsula mediterraneoan, edo Frantziako ekialdean soilik. Eskailera-sugeak hor baitu bere banaketa, hor bizilekua, Mediterraneotik barrena penintsulan sartu eta bertan isolatuta gelditu zenetik. Isolatuta, herri txikiko horma zaharreko zuloan bezala, gizakiak inguratzen duenean mugikor kamera batekin, noiz atera zain. Jakin gabe, sugeak baduela hormaren barne munduaren berri, adarkatzen diren tunel txikien artean gorputz labaintsu bat balitz bezala, ezkatak harrien gainean higatzen dituen bitartean alde egiteko.

Mahasti zaharrek margotzen dute paisaia, eta mahats landare gazteek konkistatu dituzte Arabako Errioxako lur berriak. Bi mahats ale bezala ditu irekiak sugeak begiak. Betazalik gabeko ilargi zoliak. Ardo usaineko lurretan eskailera-suge arreak, eta zintzilik, mahastian, fruitu borobil gorriak.

Schreiber muskerra eta Jaizkibelgo misterioa
2026-03-16 | Iñaki Sanz-Azkue
Kanpai soinua Jaizkibelen. Hareharrizko arrokak ikus daitezke Guadalupe elizaren aldameneko belardian: orban horiak paisaia berdean. Itsaso urdin bat sumatzen da gertu. 1979an aurkitu zen bertan... (+)
Txikitasunean ezkutatuta
2026-02-02 | Iñaki Sanz-Azkue
Bada zerbait zientzialari oro pozten duena: buruan dituen galderen erantzunak aurkitzea. (+)
Uretan dantzan!
2025-12-15 | Iñaki Sanz-Azkue
Txikia da putzua; putzu-zulo deitzeko modukoa. Baina bere txikitasunean badu garrantzia, eta ez nolanahikoa. Hezegune txikiak edo mikrohezeguneak espezie askoren bizileku baitira, ugaltzeko toki, babesleku... (+)
Isilean, oharkabean
2025-11-01 | Iñaki Sanz-Azkue
Belar motz artean sumatu da mugimendua. Ez da jarraia, ez da bortitza. Sugandila bizierrulea mantso doa aurrera, isiltasunean. Oharkabean. Gorputz osoa sigi-saga mugituz, belar arteko... (+)
Gorrian zuri
2025-09-15 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugea ikusi orduko: “Sugegorria!”. Telesforo Aranzadi zenak esaten baitzuen, begiek ez dutela ezagutzen dutena baino ikusten. Eta sugegorria ezagutu, ezagutzen dugunez (entzunaz, sikiera), hori bera... (+)
gora