Astelehenero 8:00etan zure epostan
Maiatzean hasi eta iraila/urria bitartean belar eta landareetan apar zuriska metatxo batzuk ikusi ohi dira. Alferrik bada ere, inguruan begiratu ere egiten dugu zein izan daitekeen apar horren egilea: landarean ez da arrastorik, ezta lurrean ere, gertu behintzat. Bai azkar ihes egin duela xomorro horrek! Xomorroa bazen, noski. Gizakiok gure isuriak –gure gorputzetik sortutakoak eta bestelakoak– bota eta ihes egiten –edo disimulatzen, besterik ez bada–ohituta gaude, eta logikak, gure logikak, horretara bideratzen gaitu. Baina bada beste aukera bat, eta kasu honetan zuzena dena: apar artean egotea bilatzen ari garen izaki hori! Eta halaxe da, irakurle! Latinezko izena irakurritakoan konturatuko zinen aparrarekin zerikusia zuela, eta are gehiago azpian datorren arrastoa irakurritakoan.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Hemiptera, Aphrophoridae.
NEURRIA: 57 mm.
NON BIZI DA? Belardi eta landa inguruetan.
ZER JATEN DU? Landareak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
Hain zuzen ere, txirritxa espezie honen larbak apar zuria ekoizten du, barneko hezetasun eta babesean bere gorputz zaurgarria gordetzeko, argazki-makina duen gizaki gogaikarri bat azaldu arte, noski! Sarritan, izaki txikiek eragin handia izaten dute bere inguruan, eta gaurko zomorro txiki honen kasua eredugarri da oso.
Duela urte batzuk Europan bakterio erasokor baten presentzia somatu zen. Bakterio horren izenak –gure laguntxoaren izenarekin gertatzen den bezalaxe– argi eta garbi uzten digu bakterioaren izaera: Xylella fastidiosa. Xyla hitzak egurrarekin zerikusia duela ere badio. Bakterio horrek gogor erasotzen die olibondo eta beste espezie botaniko batzuei. Gainera, biodibertsitatearentzako eta lurraren kalitatearentzako ere kaltegarria omen da. Zientzialariek diotenez, gaurko txirritxa txiki hau bektore (bakterioaren garraiolaria) nagusi bat da, helduak mugikorrak baitira, eta horrek izurritearen zabaltzean eragile garrantzitsu bihurtzen ditu. Bakterio horren aurkako tratamendurik ez dagoenez, bakterioaren aurkako borroka bektoreen populazioak kontrolatzean datza. Eta hori da gure protagonista txiki honen zorigaiztoa! Legediak “bektorearen bizi-zikloaren fase guztietan produktu agrokimikoak erabiltzea” baimentzen du, tratamendu mekaniko eta biologikoekin batera. Kontrol biologikoaren esparruan nematodo entomopatogeno espezie batzuen eragina goraipatu du IN-Vid izeneko ikertzaile taldeak. Hori da, nire ustez, ibili beharreko bidea agrokimikoen aurrean. Interesak, ekonomiak, alegia, nondik jotzen duen ikusi behar. Aurrekariak ez dira oso lasaigarriak baina.
Ia ez dugu txirritxoaz hitz egin! Beno bada, larba fasea bukatutakoan intsektu helduaren itxura egur printzatxo batena da, emea handixkagoa da arra baino eta kolorazio apalagoa du. Bere larba faseak 50 bat egun irauten ditu.
Azkenik, intsektua berez gure interesetarako kaltegarria ez dela gaineratu behar da. Intsektuaz baliatzen den bakterio demontre hori bai, ordea!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545