Astelehenero 8:00etan zure epostan
Irailaren 24an erre zen Gure Gaskuña itsasontzia, eta ordutik portuan segitzen du, erdi hondoratuta. Euskadiko Anguleroen Elkarteak egoera salatu, eta dagoeneko "kontaminazio larria" eragin duela adierazi du.
Itsasontzia erre zenekoa, urriaren 24an Orion.
Itsasontzi erreak uretan segitzen du, erdi-hondoratuta eta noiz aterako duten zain. Hilabete baino gehiago pasatu den horretan, Euskadiko Anguleroen Elkarteak egoera salatu du, jada uraren "kontaminazio larria" eragin duela erranez. Izan ere, itsasontziak dituen 17.000 litro erregaiak ateratzea da lehentasuna, eta elkarteak azaldu duenez, orain arte egindako estrakzio-lanek "egoera txartu dute". Eusko Jaurlaritzak plantan ezarritako "antikontaminazio barrerak" ez direla eraginkorrak izan zehaztu dute, eta jada inguruko ura kutsatuta dagoela. Anguleroen Elkarteak duda dauka: Estrakzio-lan berantiarrak benetan "kriterio teknikoen" arabera egin ote diren, edo "presio sozio-politikoaren" ondorioz. "Itsasontziaren erreskatatze datarik ez dago finkatuta, ezta behin betiko plan adosturik ere ez".
Kontaminazioak Angulen arrantzan "egoera itzulezin" bat ondoriozta dezakeela azpimarratu du elkarteak, eta Jaurlaritzaren jarrera zentzugabea nabarmendu du: preseski Oriako Angula erabiltzen du nazioarteko erreferente gisa. Gobernuak neurri batzuk hartu eta eragile zonbait bildu baditu ere, horien arteko "koordinaketak porrot" egin duela azaldu dute anguleroek, administrazioak hori saihesteko tresnak eta ahalmena baditu ere. Elkarteak itsasontziaren berehalako estrakzioa eta txosten teknikoaren argitalpena galdegin ditu, uraren eta lur-geruzaren egoera aztertzen duena. Horrez gain, instituzioek erantzukizuna aitortzea eta esplikazioak ematea galdegin du, baita sortutako kalteen ebaluazio zehatza egitea ere.
Ondarroako (Bizkaia) Gure Gaskuña itsasontzia irailaren 24an erre zen Orion (Gipuzkoa), Oria ibaiaren eta Kantauri itsasoko uren elkargunean. Hasiera batean hondartza hetsi eta ibaiaren inguruko aktibitateak "gelditzeko" agindua eman zuen Orioko Udalak, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak leihoak ixteko gomendatu zien Aiako eta Orioko herritarrei. Eusko Jaurlaritzak Itsasertza Planaren alerta fasea ezarri bazuen ere, badirudi gauzak ez direla asko aurreratu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545