Astelehenero 8:00etan zure epostan
Astelehen honetan hasi dira Getxo eta Portugalete (Bizkaia) lotuko dituen tunelaren obrak, eta Subflubiala EZ-ek salatu du bizilagunek "inolako informaziorik" ez dutela ukan. Proiektuaren hainbat ondorio nabarmentzen ditu plataformak, ingurumenean eta bizilagunen egunerokoan batez ere.
Duela urte bat egindako manifestazioa, Bilbon.
Plataformak El Correo hedabidearen bidez ukan zuen obren hasieraren berri, eta badirudi astelehen honetan hasi direla itsas-azpitik pasatuko den tunelaren zulatzen Subflubiala EZ plataformak jakinarazi duenez. "Sei urte baino" gehiago iraungo duten obrak direla gehitu dute. Plataformak eta beste eragile batzuek bi urte daramatzate proiektuaren arriskua aipatzen, baina Bizkaiko Foru Aldundiak proiektua aurrera eramatea erabaki duela argi geratu da aste honetan. 450 miloi kostatuko duen proiektu honen helburua Getxo eta Portugalete lotzen dituen errepidea "arintzea" dela dio aldundiak, 11.000 auto berri jarriz zirkulazioan. Proiektuaren aurkakoak salatu dute aldundiak "gero eta handiagoa den oposizio herrikoiari eta bere aurkako ebidentzia zientifiko ugariei ez ikusiarena eginez" jarduten duela. Gainera EAEko Auzitegi Nagusian salaketa bat martxan dagoen arren obrak hasi direla salatu du plataformak, proiektua bertan behera geratzea uztea ekar lezakeelako. Horren harira, manifestazio-deia zabaldu du plataformak larunbat honetarako Getxon.
Obren hasierak inguruko bizilagunen kezkak areagotu ditu hainbat arrazoiengatik. Batetik, plataformak adierazi duenez, "bete-betean" eragingo dio Artaza-Romo institutuaren ikasturte berriari, "dozenaka leherketa, zarata eta bibrazio" izango baitira. Bestetik, zamalanek bizilagunen osasuna ere kaltetuko dute, Leioaren eta Getxoren arteko Artaza parkea ("azken birika berdea") suntsituko delako, "bero boladetan babesleku naturala" dena. Azkenik, gogoratu dute larrialdi klimatikoa areagotuko duela proiektuak: "Errepideko trafikoa handituko da, berotegi efektuko gasen isuriak handituta eta airearen kalitatea gutxituta". Proiektuaren izaera "ekozida" nabarmendu dute hainbatetan, eta haren aurka egindako lanagatik zigorrak ukan dituzte: 7.000 euroko isuna ere jaso zuten, Bizkaiko Foru Aldundian kateatu zirelako.
Bestalde, obren esleipena egin zaien enpresen kritika egin du plataformak. Campezo Obras y Servicios, Construcciones Adolfo Sobrino eta Altuna y Uría enpresak dira obren arduradun, eta "ibaietara egindako isurketa kutsatzaileengatik ingurumen-arau-hausteen eta delituen aurrekari kezkagarriak dituzten eraikitzaileak" direla zehaztu du plataformak. Campezo enpresa AHTaren Elorrioko (Bizkaia) lanetan izandako "lohi-isurketa masiboengatik" zigortu zuten; Construcciones Adolfo Sobrino, "uretara hidrokarburoak eta gasolioa isurtzeagatik eta akuifero zein errekak kaltetzeagatik"; eta Altuna y Uría Zubietako (Gipuzkoa) erraustegiko enpresa emakidunaren (Ekondakin) kide da, eta plataformak salatu duenez, "bertako hamazazpi zuzendarik epailearen aurrean deklaratu behar izan dute ikertu gisa ingurumenaren aurkako delituagatik, Arkaitzerrekan eragindako isurketa toxiko eta lixibiatu etengabe".
Obrak hasi dira jada, eta Artatza parkeko 160 zuhaitz erauziko dituztela salatu du Subflubiala EZ plataformak: horietarik zaharrenak 150 urte ditu.
Plataformak azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundiari ez zaiola "heritarren ongizatea ere axola" azpimarratu du. Hormigoiaren negozioak "azpiegitura txikitzailea, ekozida, antisoziala" inposatzen duela salatu dute, eta larunbat honetako mobilizaziora deitu dituzte herritarrak. “Oraindik gelditu ahal dugu” aldarrikatu dute irmotasunez. Manifestazioa 18etan aterako da Xake Plazatik (Getxo).

EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545