Euria egiteko hobe da bi haizeren borroka, ez santu guztiekin erreguka.

Laborantza Ganbarak dohaintza kanpaina abiatu du, ura eta larrialdi klimatikoa ardatz

Joan den astean egin zuen prentsaurrekoa Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, eta diru-bilketa berri honen helburuak zehaztu zituen bertan. Aurtengo Lurramako lema berarekin abiatuko da kanpaina, "Ama ura zaindu". Beroketa klimatikoaren eta uraren eskasiaren aurrean laborantza herrikoia bultzatzeko beharra azpimarratu dute.


2026ko urriaren 12a
EHLGko arduradunak, Baionako prentsaurrekoan
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Astelehen honetan abiatzekoa da dohaintza kanpaina berria, "Ama ura zaindu" lemapean. Baionan eginiko prentsaurrekoan, EHLGko arduradunek kanpaina berri honen helburuak zehaztu dituzte, uraren eskasiaren inguruan. Izan ere, beroketa klimatikoaren testuinguruan, uraren kudeaketa laborantzako kezken erdigunean da: "Uda honetan jasan berote handi goiztiarrak, idorte saminak eta ur-eskasiak gure antolaketa eta egiteko manerak berriz pentsatzera behartzen gaituzte, batez ere urari begira". Bide horretan, EHLGk laborantza herrikoia bultzatu nahi duen proposamena luzatzen die laborariei: "Uda honetan gure etxaldeak biziki kaltetu dituen nahasmendu klimatikoaren parean, EHLGk lan ardatz eta ekoizteko molde egokiak proposatu behar ditu, eta, trantsizioen zentzuan, Ipar Euskal Herriko laborariak lagundu".

Laborantzak uraren beharra duen heinean, laborantzak ere urean "eragina" du. Hori dela eta, EHLGk zera adierazi du: "Funtsezkoena da ura kantitate egokian, leku egokian, memento egokian eta erabilpen egokientzat baliatzea. Erantzuna, beraz, laborantza praktiketan da". Hain zuen, laborantza praktika horietan eragiteko xedea du EHLGk, eta hortik diru-bilketaren beharra ere. Alde batetik lurzoruen garrantzia zehaztu dute: "Laborantza praktiken arabera, lurzoruek euri ura atxiki dezakete, iragaz dezakete eta kutsatzaileak desegin ditzakete... ala ez. Laborantza praktiken arabera, karbonoa ere atxik idezakete eta, horrela, nahasmendu klimatikoa mugatu ala ez...".

Horrez gain, modelo iraunkorra plantan ezartzeko trantsizio-eginkizun zehatzak aipatu ditu EHLGk: "Alorren errotazioak eta landare-estalgiak plantan emaitea", "alorrak lursaileri egokitzea" edota "ongarriztatzeko eta belarra kentzeko teknikak garatzea" ere. Gainera, "ura molde eraginkorrean eta xuhurrean erabiltzeko" laguntzak ere hitzeman dituzte, baita "Fruitugintza eta baratzezaintza arloetako bi teknikari lanpostu sortzea" ere. 

Elikadura eta iraunkortasuna

"Laborantzaren funtsezko misioa jendea elikatzea da. Egungo desafioa da elikagaien ekoizpen iraunkorra bermatzea, uraren kontsumoa murriztuz aldi berean". Arduradunek diotenaz "gure lurraldeko elikadura beharrak segurtatzeko baliabide naturalen zaintzea eta partekatzea aktualitate beroan dago, lurraren elikatzeko bokazioa zaintzea bezala".

EHLGko lehendakari den Beñat Molimosek, hedabideei jakinarazi zien 147.000 euro lortu zituztela 2025eko diru emaitza pribatuei esker, aurrekontu osoaren %10. Aurtengo diru-bilketa astelehen honetan hasi eta azaroaren 22a arte luzatuko da, eta hainbat bide daude diru emaitzak egiteko: banku biramenduz (ehlgbai.org webgunetik), eusko biramenduz eta txekez.

Lurrama azaroaren 6, 7 eta 8an

Aurtengo Lurrama ere "Ama ura zaindu" lemapean iraganen da, Miarritzeko Irati aretoan azaroan. Edizio honetako hainbat ekimen eta hitzaldi ere tematika hau lantzeko erabiliko dira.

Nehoizko bigarren irailik beroena izan da aurtengoa
Lurrazaleko airearen tenperaturaren datuak Copernicusek plazaratu ditu, eta 2023ko iraila baizik ez zaio gailentzen aurtengoari. Itsas-azaleko tenperaturari doakionez haatik, marka guztiak hautsi dituen iraila da... (+)
gora