Astelehenero 8:00etan zure epostan
Mazopa deitzen zaio alborada edo dianetan txistulari-taldeetako kide bakoitzak jasotzen duen diru-sariari, baita itsas ugaztun bati ere; Europako itsas ugaztun txikienari, hain zuzen. Hondarribiko (Gipuzkoa) portuan ikusi nuen behin mazopa bat, buruan zauri borobil bat zuena. Horrela ere deitzen omen zitzaion: portuko izurdea.
TALDEA: Ornoduna / Ugaztuna / Cetartiodactyla / Cetacea.
NEURRIA: Arrek 1,50 metro inguru eta emeek 1,70 metro inguru. Pisua, 30-50 kg artean.
NON BIZI DA? Ipar hemisferioan bizi da. Ohikoena sakonera txikiko plataforma kontinentaleko uretan topatzea da.
ZER JATEN DU? Gizakiontzat interes komertziala duten espezieak, zefalopodoak, berdelak eta sardinak, besteak beste.
MOTELA. Animalia lasaia da eta haren bizimoduak bereziki zaurgarri egiten du hainbat mehatxuren aurrean.
BABES MAILA: Iberiar penintsulako populazioa “galtzeko zorian” dago sailkatuta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan.
Mazopa (Phocoena phocoena) euskal kostaldean eta portuetan ohiko espeziea zen duela urte batzuk. Euskarazko hainbat idatzitan gordeta gelditu dira animalia horri egindako erreferentziak; “Mazopak ere txikiyak janaz” idatzi zuen Txirritak 1930 inguruan. Gaur egun, ordea, oso noizbehinka topatu daiteke.
Itsas ugaztun lasaia da; izurde txiki baten itxura duen arren, horiek baino motelagoa da. Poliki igeri egiten du, ur gainazaletik askotan, eta ez da ur azpian denbora luzez egoten. Saltorik ere ez du egiten uretatik kanpo.
Ipar hemisferioan soilik bizi da mazopa, eta ur hotzak gehiago atsegin dituen arren, Europa hegoaldea gustuko izan du, elikagai asko topatzen baitzuen bertan. Asko lekualdatzen da, elikagai bila migratzen baitu.
Iberiar penintsulako mazopa populazioa talde isolatu bat da, genetikoki ezberdina Europako gainerako populazioekin alderatuta, eta Phocoena phocoena meridionalis azpiespezie modura dago sailkatuta. Dena dela, euskal kostaldean ibiltzen diren mazopak Frantziatik jaitsitakoak izaten dira batzuetan.
Dagoeneko aipatu diren bi ezaugarrirengatik, euskal kostaldean ohikoa zen mazopa bereziki zaurgarria da. Lehen ezaugarria da motela izatea eta, bereziki, itsas azaletik egiten duela igeri; horregatik, itsasontzien talkak jasateko arrisku handia du. Beste ezaugarria da genetikoki isolatuta dagoen populazio bat osatzen duela, eta seguruenik, populazio txiki bat; aniztasun genetiko txikiak zailago egiten du populazio baten bideragarritasuna.
Baina zailtasunak ez dira hor amaitzen mazoparentzat: gizakiok atsegin ditugun arrain espezie berberak gustatzen zaizkio berari ere. Zefalopodoak, sardinzarrak eta berdelak dira, besteak beste, itsas ugaztun honen dietaren oinarri, eta, honezkero imajinatuko duzuenez, horrek ere ez dio askorik laguntzen.
Animalia honek gaur egun duen mehatxurik handiena arrantza akzidentala da ziurrenik, sareek eraginda, nagusiki. Mazopak ekokokapena erabiltzen du uretan mugitzeko eta elikagaiak topatzeko, gainerako horzdun zetazeoen moduan, baina detekzio-distantzia laburragoa dute gainerakoek baino. Mazopak ez dira gai sareak detektatzeko 3-6 metroko distantziara dauden arte, eta beste animalia itsastar batzuek baino arrisku handiagoa dute halako aparailuetan kateatuta gelditzeko.
Ez dago argi zein den Iberiar penintsulako populazioaren tamaina gaur egun, baina datuek erakusten dute kontserbazio-egoera kaskarrean dagoela. Horregatik, Espainiako Estatuan mazoparen berreskuratze-plana onartu dute aurten.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545