Asteroko buletina
A zer parea karakola eta barea

Oreina ala orkatza da?

Naturazaleren batek galdera hori irakurri eta pentsatuko zuen seguruenik: “Galdetzea ere! Ez dute zerikusirik!” Egia da, bai, behin ezagututa erraz desberdintzen direla oreina eta orkatza. Baina batzuentzat ez da erraza mendian halako animalia ikusi eta ziurtasunez erantzutea bietako zein den. Eta argazkikoa, oreina edo orkatza da?


2024ko irailaren 30a
Oreina (Cervus elaphus)

TALDEA: Ornoduna/Ugaztuna/Artiodaktiloa.

NEURRIA: Gorputza 165-250 cm. Isatsa 12-14 cm. 100-200 kg-ko pisua.

NON BIZI DA? Basoa eta larreak batera agertzen diren lekuetan. Ezkutuko ehizak jarraitzen duen arren, oreinaren banaketa hedatzen ari da Euskal Herrian.

ZER JATEN DU? Gehien bat belarjalea. Uda amaieran eta udazkenean ezkurrak, pago-ezkurrak eta gaztainak jaten ditu, negurako erreserbak biltzeko.

BEREZITASUNA: Marraoaldia ikusi eta entzuteko moduko prozesu naturala da.

BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Desberdintasun nabarienetako bat bi espezieen tamaina da. Orkatz helduek 15-30 kg arteko pisua izaten dute; oreinek, berriz, 100-200 kg-koa. Hau da, oreinak orkatzen hirukoitza baino gehiago dira tamainaz. Bestetik, animalia ikusi eta bizkor batean muturrari erreparatu diezaiokegu: orkatzen muturra beltza da, eta oreinena, berriz, marroia. Azkenik, bi animalia horien ezaugarri bereizgarria dugu: adarrak. Gorputz-tamainaren moduan, oreinen adarrak orkatzenak baino dezentez ikusgarriagoak dira. Egitura horrek, ordea, arrak desberdintzeko soilik balio digu, orkatz eta orein emeek ez baitute adarrik. Ezaugarri horiek kontuan izanda, orain lasai asko erantzun dezakegu argazkiko animalia oreina dela.

Behin orkatzetatik desberdinduta, orein arren adarrei erreparatuko diegu, urteko sasoi honetan beteko baitute beren funtzioa. Uda amaitzear eta udazkena hastear dagoenean, irail edo urri aldera, oreinen marraka garaia edo marraoaldia hasten da. Garai horretan orein emeak araldian sartzen dira, hau da, ugaltzeko prest egoten dira, eta arrek, beraz, emeekin ugaltzeko lehia hasten dute. Marro izeneko oihu ozenen bitartez, ar bakoitzak bere nagusitasuna adierazten du. Ar batek baino gehiagok eme berberekin ugaldu nahi badute, elkarri desafio egiten diote, lehenengo marro bitartez, elkarri parez-pare begiratuz gero. Hala ere batek amore ematen ez badu, adarrak erabiliz borrokatzen dira eta garaileak emeekin ugaltzeko aukera irabazten du. Urtero galtzen dituzte adarrak orein arrek, eta urtero sortzen dituzte berriak, geroz eta handiagoak eta mutur gehiagorekin.

Oihu benetan ozenak dira orein arren marroak, baina gaur egun zailak dira entzuten Euskal Herrian. Aspaldi ezabatu genuen oreina gure lurraldetik, gehienbat ehizaren ondorioz. Baina 1950eko hamarkadan, ale batzuk ekarri ziren Andaluziatik, ehizatzen jarraitzeko. Duela urte batzuk eremu babestuetan soilik bizi ziren oreinak Euskal Herrian, Gorbeian eta Iratiko oihanean, esaterako. Gaur egun populazioa handitzen doa zorionez, eta beste eremu batzuetara zabaltzen ari da.

Itsasoko erraldoi nekaezina
2024-11-11 | Irati Diez Virto
Badoaz basoak kolorez aldatzen, haizea hozten eta egunak mozten. Badator negua, eta lur lehorrean ageri da; baita itsasoan ere. Animalia migratzaileak hasi dira hegoalderanzko bidean,... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora