Martxoko ilbehera, kipula gorria ipintzeko sasoi onena.

Askari izena duen haragijale txikia

Duela egun batzuk Zeraingo mendietan nenbilela, gorpu bat topatu nuen bidearen erdian. Lehen aldia zen halakorik ikusten nuela, eta kosta zitzaidan identifikatzea. Bere tamaina txikia ikusita, kume bat izan behar zuela pentsatu nuen; baina oker nenbilen. Munduko ugaztun haragijale txikiena zen: erbinudea.


2025eko ekainaren 23a
15-25 cm bitarteko gorputza du: ikus giltzen erreferentzia tamaina irudikatzeko.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Erbinudea (Mustela nivalis) topatzea zaila izan ohi da, oso animalia iheskorra baita. Bere tamainak ere ez du asko laguntzen, 15-25 cm bitarteko gorputza baitu; ideia bat egiteko, eskolako estutxean eramaten genituen erregelak baino pixka bat handiagoa da. Argazkian ere konparatu liteke giltzen aldean.

Txikia izateaz gain, maitagarri itxura ere badu, belarri eta mutur txiki eta begi borobil horiekin. Baina ez zaitzala nahastu, ikaragarri ehiztari ona baita, eta asko ehizatzen du gainera, bere metabolismo azkarra ase ahal izateko. Harrapakinei zelatan egoten da, poliki-poliki hurbiltzen zaie, eta salto batekin kosk egiten die lepoan. Hortxe geratzen da zintzilik, harrapakina hil arte.

Animalia asko izan daitezke erbinudearen askari: saguak, satitsuak eta halako karraskariak, baita hegazti txikiak eta hainbat narrasti ere. Noizbehinka bere tamaina baino bost edo hamar aldiz handiagoak direnak ere akabatzen ditu, untxi eta erbiak, esaterako. Izaki azkar, indartsu eta abila dugu erbinudea.

Hainbat izen ditu animalia honek Euskal Herrian: erbinude, satandera, ogigazta… gizakiak harekiko izan dituen sinesmen eta istorioen arrasto dira. Erbinude hitza “inude” terminoarekin lotuta egon daitekeela diote batzuek, edo “erdi-un(h)ide” terminoan izan dezakeela jatorria, erditzean laguntzen duena, hain zuzen. Berbera esan dezakegu gazteleraz duen izenarekin, “comadreja” (comadre, emagin). Ogigazta edo panikesa izena, bestalde, inguruko erromantze batzuen kalkoa da, eta usadio zahar batean oinarritzen dela uste da. Baserri eta etxaldeetan erbinudea oilategietara lapurretan sar ez zedin, ogi eta gaztarekin igurzten omen ziren sarbide eta zirrikituak, horrek animalia uxatuko zuelakoan. Beste batzuek diote bere ilajearen koloreak ogia eta gazta gogorarazten dituela.
Izenak izen, historian euskaldunok ez dugu bereziki erlazio estua izan animalia honekin, ez onerako, ezta txarrerako ere. Bere izaera iheskorragatik agian, edo ez dugulako harrapakaririk konpartitzen, eta ez delako gure ingurura gehiegi gerturatzen. Ezagutu, ordea, bai ezagutu dugu, inguru hauetako animalia ohikoa izan baita; eta hala jarrai dezala.

 

ERBINUDEA Mustela nivalis

TALDEA: Ornoduna/Ugaztuna.
NEURRIA: Emeek 169-197 mm artean eta 10 bat gramo; arrek 180-258 mm artean eta 20 bat gramo.
NON BIZI DA? Basoetan eta landa eremuan.
ZER JATEN DU? Gehienbat karraskari, hegazti eta narrasti txikiak. Baina dieta oso anitza izan dezake.
BABES MAILA: “Kezka txikiko” izendatua. Ezin da hil.

Kondairetako piztia Kantauri Itsasoan
2025-05-12 | Irati Diez Virto
Kaxalotea edo zeroia (Physeter macrocephalus) munduko horzdun zetazeo handiena da, eta baita munduko horzdun animalia handiena ere. Beheko barailan soilik ikusten zaizkio hortzak, baina bakoitzak... (+)
Lamia oinak bueltan dira
2025-03-24 | Irati Diez Virto
Ugaztunei eskainitako azken artikuluaren amaierako hitzak hurrengo animalia aurkezteko aitzakia paregabea dira. Bertan esaten genuen muturluzeak erreka “garbi eta txukunak” behar dituela, kutsadurarik gabeak baina... (+)
Izotz arotik hona, endemismoa kolokan
2025-02-10 | Irati Diez Virto
Azken glaziazioan Euskal Herriko lurraldea zapaltzen zuten mamutek, leizeetako hartzek, bisonteek eta baita hienek ere. Elur iraunkorrera eta hotzera egindako animalia horiek desagertu egin ziren... (+)
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz
2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak,... (+)
Itsasoko erraldoi nekaezina
2024-11-11 | Irati Diez Virto
Badoaz basoak kolorez aldatzen, haizea hozten eta egunak mozten. Badator negua, eta lur lehorrean ageri da; baita itsasoan ere. Animalia migratzaileak hasi dira hegoalderanzko bidean,... (+)
gora