Ezer ez da, baratze bat adina, bete-betean artearen fruitu

Lamia oinak bueltan dira

Ugaztunei eskainitako azken artikuluaren amaierako hitzak hurrengo animalia aurkezteko aitzakia paregabea dira. Bertan esaten genuen muturluzeak erreka “garbi eta txukunak” behar dituela, kutsadurarik gabeak baina elementu natural anitzekin. Animalia txiki horren etorkizuna kolokan dugu gaur egun, baina, zorionez, egoera hobea da beste ugaztun erdi-urtar batentzat. Igarabak ere erreka txukun eta garbiak behar ditu bizirauteko, eta azken urteetan ur-ibilguetan egin diren hobekuntzak medio, hedatuz doa gure lurraldean.


2025eko martxoaren 24a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Igaraba (Lutra lutra) itxura maitagarriko ugaztun ertain bat da. Maitagarria diot haren lehengusu itsastarra (itsas igaraba) sare sozialetan erruz azaltzen den animalia horietako bat delako. Biralak ere egin dira itsas igaraba influenzerrak, Japonian maskota modura dituztenak. Euskal Herrian dugun igaraba antzekoa da itxuraz, baina ez da itsasoan bizi, erreketan baizik. Arrainez, karramarroz eta intsektu txikiez elikatzen da batez ere, eta erabat moldatuta dago bizimodu erdi-urtarrera.

Lamien gisan, lau oinetako hatzak mintz interdigital batez elkartuta ditu, igerilari trebearen seinale. Buztana ere uretan mugitzeko aproposa du, luze eta zabala. Ilaje iragazkaitz trinkoak gorputzeko beroa mantentzen laguntzen dio bustita egonda ere, eta ur azpian sudur-zuloak itxi ditzake; horrela, hainbat minutuz egon daiteke ur azpian arnasa hartu gabe.

Ugaztun berezi hau Iberiar penintsula osoan agertzen zen duela urte batzuk, baina 1950. urtetik aurrera egundoko beherakada jasan zuen, bereziki inguru populatuetan. Bi izan ziren beherakada horren arrazoi nagusiak: ehiza eta bere habitataren eraldaketa. Euskal Herriko ibaien kanalizazioek, presek, erriberako landarediaren suntsipenak eta kutsadurak asko murriztu zuten igarabaren banaketa. Gipuzkoan eta Bizkaian desagertutzat jo zen 1960-80ko hamarkaden bueltan.

Zorionez, azken hogei urteetan populazioaren gorakada nabaritzen hasi da, eta gaur egunera arte mantendu egin da joera hori. Badirudi espeziea pixkanaka berreskuratuz doala, desagerrarazi zuten faktore batzuk hobetzen joan direlako. 2023ko ikerketen arabera, gaur egun Gipuzkoako eta Bizkaiko arro guztietan aurki daitezke igarabaren arrastoak (Ea ibaian izan ezik).

Pozgarria da igaraba berriro Euskal Herriko ibaietan izatea, bioaniztasuna berreskuratu denaren seinalea delako. Baina, horretaz gain, igaraba bioadierazletzat hartzen da, hau da, bere presentziak ur masen egoera ekologiko ona islatzen du. Animalia sentibera izanda ere, bueltan da, beraz. Azken finean, esker onekoa da natura; lekua ematen badiozu, ederki asko loratuko da.

IGARABA (Lutra lutra)

TALDEA: Ornoduna / Ugaztuna.

NEURRIA: 95-125 cm muturretik buztan puntaraino. 6-9 kg arrek eta 4-6 kg emeek

NON BIZI DA? Ekosistema urtarretan, kostatik goi-mendietaraino.

ZER JATEN DU? Arrainak, karramarroak eta intsektu txikiak.

BITXIKERIA: Lurraldea eta erabiltzen dituzten baliabideak gorotzen bidez markatzen dituzte, eta presentzia baieztatzeko erabiltzen dira.

BABES MAILA: “Galzorian” dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoaren eta Nafarroako katalogoaren arabera.

Izotz arotik hona, endemismoa kolokan
2025-02-10 | Irati Diez Virto
Azken glaziazioan Euskal Herriko lurraldea zapaltzen zuten mamutek, leizeetako hartzek, bisonteek eta baita hienek ere. Elur iraunkorrera eta hotzera egindako animalia horiek desagertu egin ziren... (+)
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz
2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak,... (+)
Itsasoko erraldoi nekaezina
2024-11-11 | Irati Diez Virto
Badoaz basoak kolorez aldatzen, haizea hozten eta egunak mozten. Badator negua, eta lur lehorrean ageri da; baita itsasoan ere. Animalia migratzaileak hasi dira hegoalderanzko bidean,... (+)
Oreina ala orkatza da?
2024-09-30 | Irati Diez Virto
Naturazaleren batek galdera hori irakurri eta pentsatuko zuen seguruenik: “Galdetzea ere! Ez dute zerikusirik!” Egia da, bai, behin ezagututa erraz desberdintzen direla oreina eta orkatza.... (+)
gora