Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaxalotea edo zeroia (Physeter macrocephalus) munduko horzdun zetazeo handiena da, eta baita munduko horzdun animalia handiena ere. Beheko barailan soilik ikusten zaizkio hortzak, baina bakoitzak kilo bateko pisua izan dezake. Izatez, ez dago oso argi zertarako erabiltzen dituen (arren artean lehiatzeko, agian), ez baitirudi beharrezkoak dituenik elikatzeko. Txipiroiz eta hainbat arrain espeziez elikatzen da, baina zurrupatu egiten ditu murtxikatu baino. Bere dieta eta bizimoduagatik, euskal kostaldea bizitoki ederra da erraldoi hauentzat.
Kantauri itsasoaren hondoak badu berezitasun bat Euskal Herriaren parean; oso gertu ditugu ur sakonak. Itsas hondoak 100 metroko sakonera izatetik, maldan behera 2.100 metroko sakonera hartzen du. Hori Matxitxako parean iparralderantz joanda 7 km-tara gertatzen da soilik, eta gehienez, Orio parean 20 km-tara. Ezaugarri horrek eragiten du ur sakoneko espezieak kostaldetik oso gertu aurkitzea, eta bertan elikatzen dira, besteak beste, kaxaloteak. Sakonera horietan gertakari ikaragarriak jazotzen direla badakigu. Kaxaloteek txipiroi erraldoiak ehizatzen dituzte, 14 metroko luzera izan dezaketen piztiak, eta hauekin izaten dituzten lehien lekuko dira azalean ageri zaizkien bentosen markak.
Kaxalote batzuk urte osoan euskal kostaldean bizi direla uste da, baina animalia hauen bizilekuak ez dira erraz aurresaten. Oro har, emeek talde egonkorrak sortzen dituzte, urteetan mantentzen direnak, eta haiekin batera bizi dira kaxalote kume eta gazteak. Hamarkada bat taldean igaro eta gero, arrek taldea uzten dute, eta udako hilabeteak iparraldeko ur hotzetan pasatzen dituzte, elikatzen. Ar gazteek batzuetan “ezkongai taldeak” sortzen dituzte, baina ar helduak bakartiak izan ohi dira. Udazken partean, ordea, emeak eta arrak batu egiten dira ugaltzeko eta negua eremu epelagoetan igarotzeko.
Historiako kaxalote ezagunena Moby Dick izango da seguruenik, Ahab kapitainaren arerio amorratua. Eleberri horrek ederki erakusten du garai bateko kaxaloteen ehiza. Buruan duten espermazeti organoa oso preziatua izan zen XVIII, XIX eta XX. mendeetan. Organo horrek gordetzen duen gantzak flotazioa kontrolatzen laguntzen die kaxaloteei, baina gizakiontzat ere oso erabilgarria zen olioa, argizaria edo xaboia ekoizteko. Nazioarteko Balea Batzordeak 1986an kaxaloteen ehiza komertzialean debekua ezarri zuen. Ehizatu zen bitartean, populazioak %67 murriztu zirela kalkulatzen da, eta espeziea bere onera itzultzen ari da oraindik.
Ugaztun hauek duten beste berezitasun bat ekokokapena da. Zetazeo horzdun guztiek bezala, kaxaloteek bigarren ezpain pare bat dute kopeta barruan, eta ezpain horiekin ultrasoinuak sortzen dituzte. Soinu horien oihartzunak jasotzen dituzte, eta hala, ingurunean kokatzen dira eta harrapakariak hautematen dituzte ur sakoneko ilunpetan. Baina ultrasoinuez gain, kaxaloteak ere asko ikertu dira haien komunikazio gaitasunengatik. Duela gutxi jakin izan da animalia hauek alfabeto moduko bat erabiltzen dutela elkarrekin komunikatzeko, eta orain alfabeto hori deszifratu nahian dabiltza. Halako animalia txundigarria daukagu gure kostaldetik kilometro gutxitara, iluntasunean igerian.
KAXALOTEA Physeter macrocephalus
TALDEA: Ornoduna / Ugaztuna.
NEURRIA: Arrek 15-18 m eta 35-45 tona; emeek 11-13 m eta 14-18 tona.
NON BIZI DA? Munduko itsaso guztietan.
ZER JATEN DU? Sakonera handietako txipiroi eta arrain espezieak.
KOMUNIKAZIOA: Kaxaloteen bokalizazioak animalien erreinuko ozenenak dira. Espezie honen komunikazioa pil-pilean dagoen gaia da.
BABES MAILA: Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunaren Zerrenda Gorrian “Kaltebera” izendatua.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545