Astelehenero 8:00etan zure epostan
Manuel Casal Lodeiro (Barakaldo, 1970) informatikaria eta gai energetiko eta ekosozialen inguruko aktibista eta dibulgatzailea da. Besteak beste, 15/15/15 aldizkari eleanitza eta Galiziako Instituto Resiliencia koordinatzen ditu, eta Véspera de Nada por unha Galiza sen petróleo elkarteko kide da. Irakurleen artean harrera oso ona izan duten hainbat liburu idatzi ditu, azkenekoa Las verdades incómodas de la transición energética (Trantsizio energetikoaren egia deserosoak) Icaria argitaletxearen eskutik. Rosa Mª Regueiro Ferreira Santiago de Compostelako Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko irakasleak liburu horren gaineko iruzkina egin du eta Nós Diario-n argitaratu da. Orain, ARGIAra ekartzen dugu Rául Lozanok eta Joseba Azkarragak euskaraturik.
I.
Ziurgabetasun eta zurrunbilo globalak jotako egungo egoeran, desinformazioa eta "todologia" ekinean ari dira printzipio zientifiko ukaezin gorenak ordezteko edo deuseztatzeko. Horren ondorioz, gizarte, ekonomia, energia eta ingurumen arazo nagusiek arriskua dute bigarren, hirugarren edo azken mailako gai bihurtzeko. Gaurko trantsizio energetikoaren kasua da, bere horretan polemikoa, problematikoa eta bere sorreratik auzitan jarria.
Trantsizio honen inguruko sinesgarritasun-hutsune gehienak ziurrenik oinarrituko dira kontraesanetan, inkongruentzietan eta, are gehiago, beren ideietatik ondorioztatzen diren egia-erdietan. Gai horri argitasun pixka bat emateko, ezinbestekoak dira ekarpen kritikoak, esate baterako, Manuel Casal Lodeiroren Las verdades incómodas de la transición energética liburuan jasotzen diren bezalakoak, Icaria argitaletxearen eskutik. Lan zorrotza, zuzena eta ausarta da, eta eredu energetikoa aldatzeko egungo proposamenaren alderdirik ahulenak jorratzen ditu hamazazpi kapituluren bidez, agerian utziz defendatzen duten estrategiarekin zerikusi gutxi edo batere zerikusirik ez duten interesak. Interesgarria litzateke lanak ekarpen estatistiko eta grafiko handiagoa izatea. Hala ere, egileak glosategi bat sartu du adeitasunez, bertan biltzen ditu landutako gaiari loturiko ohiko kontzeptuak, eta horrek ulermena errazten dio edozein pertsonari, gaian aditua izan edo ez.
Lerro asko behar izango ditugu obra honen ikuspegi zehatza eman ahal izateko, eta hasteko oinarria argitzea komeni da, trantsizio energetikoaren definizioarekin, baita trantsizio ekologikoarenarekin ere. Oro har, trantsizio energetikoa defini daiteke lurralde baten sistema energetikoaren aldaketa esanguratsu gisa, eta aldaketa horrek eragiten die sistemaren egiturari, sistema osatzen duten energia-iturriei, kostuei edo sistema arautzen duen erregimen politiko-ekonomikoari. Historian zehar hainbat trantsizio energetiko izan dira eta, izan duen eraginagatik, agian garrantzitsuena izan da erregai fosilak eskala handian erabiltzea ekarri zuena.
Autoreak azpimarratzen du beharrezkoa dela aldatzea energia berriztagarriekin funtzionatzeko egokituta dagoen metabolismo berri baterantz, errespetatuz biosferaren mugak eta, oro har, muga fisikoak
Manuel Casalen iritziz, trantsizio energetikoa da energia mota batean oinarritutako eredu energetiko batetik beste mota batean oinarritutako beste eredu batera aldatzeko prozesua, hau da, energia fosilen kontsumotik energia berriztagarrietarako trantsizioa (itxuraz, gaur egun bizi duguna). Baina aldaketa horrek globala izan behar du, sistema osoari eragin behar dio, premisa berrien gainean eraiki behar da, ez da bakarrik energia-iturrira mugatu behar. Zalantzarik gabe, hori ezinbesteko saihetsa da zehaztu ahal izateko prozesu horrek izan dezakeen eraginkortasun potentziala esleitu zaizkion helburuak lortzeari dagokionez.
Hala ere, trantsizio energetikoak ez du trantsizio ekologikoa esan nahi. Trantsizio ekologikoa aldaketa globalen prozesu bat izango litzateke (ekoizpen eta kontsumo sistemetan, erakunde sozial eta politikoetan, bizimoduetan eta biztanleen balioetan), gaur egungo egoera (kostu oso altukoa ingurumenari dagokionez) ingurumen egoera jasangarri bihurtzeko etorkizunean. Laburbilduz, bateragarria izatea planetak duen gaitasunarekin giza jarduerei eusteko; horrek guztiak jarduera ekonomikoen berrantolaketa dakar. Autoreak azpimarratzen du beharrezkoa dela aldatzea energia berriztagarriekin funtzionatzeko egokituta dagoen metabolismo berri baterantz, errespetatuz biosferaren mugak eta, oro har, muga fisikoak. Deribatu bat trantsizio ekosoziala litzateke, nabarmenduko lukeena trantsizio ekologikoarekin batera doan aldaketa soziala.
Bai analisiaren nola akatsak argitzeko etengabeko ahaleginaren ondorioz, Manuel Casalek azpimarratu du tentsio nabarmena dagoela honako bien artean: batetik, natura baliabideak eskuratzeko dauden muga biofisikoak eta, bestetik, argi eta garbi berriztagarria ez den energia sistema hegemonikoa, baita berorri loturiko ekoizpen eta kontsumo eredua ere. Ahotsa altxatzen du eskatzeko lehia suntsitzailearen dinamikatik kanpo dagoen sistema ekonomikoa, Lurraren muga ekologikoez jabetuko dena, izan ere, materialen eta baliabideen agortzeak garapen berriztagarriari ere eragiten dio. Eta ikuspegi integral batetik egiten du, kontuan hartuz sektore publikoa, kontsumitzaileak eta gizartea bere osotasunean.
Lan honetan jorratzen diren gaietako batzuk dira klima-aldaketaren aurkako borroka, ekonomiaren deskarbonizazioa, ekonomia zirkularraren aukerak, hidrogenoaren konponbidea edota auto elektrikoaren etorkizuna. Kalitate handiko ekarpena, duela urte batzuk egon behar zuena. Baina esaera zaharrak dioen bezala: "Inoiz ez da berandu lana ona bada".
II.
Trantsizio energetikoaren irismena ulertzeko ezinbestekoa da aztertzea mugikortasun iraunkorraren problematika. Funtsezko elementua da deskarbonizazioaren aldeko garraioaren paradigma modernoan, baina, zalantzarik gabe, eztabaidatua, deabrutua, defendatua eta bedeinkatua.
Haren irismena aztertzea ez dirudi erraza denik, eskatzen baitu aldi berean hainbat aldagai kontuan hartzea, baita kontrako efektuekin ere. Hori dela eta, oso lagungarria da ikastea ikuspegi zabaleko ekarpen zorrotzetatik, eta halakoxea da Icaria argitaletxearen Las verdades incómodas de la transición energética liburuko 9. kapituluan agertzen dena. Casalek zehaztasun bikain eta dotorez azaltzen ditu errealitate horren xehetasunak, erreferentzia bibliografiko ugariekin, bai esperientzia aitortua duten hainbat sektoretako profesionalena nola inplikatuta dauden entitate eta sektoreena, inor epel utzi gabe.
Azaltzeko asmoz, dianaren erdira jotako tiro batekin hasten da, mahai gainean gai garrantzitsua jarrita: ea egokia ote den teknologia hori "teknologia garbi" izendatzea. Teknologia horrek 200 urte luze bete ditu, Robert Andersonek Eskozian garatu zuenetik, eta eredu ezberdinak sortu zituen XIX. eta XX. mendeetan eta orain XXI. mendean, eboluzionatuz joan direnak konplexutasunean, prestazioetan, diseinuan eta abangoardian, baina baita eragin globalean ere. Egileak adierazten du ibilgailu elektriko bakoitzaren kostu komertzialaz gain (ez dago poltsiko guztien eskura), kezka fabrikazioan dagoela. Kutsadura dago auto elektriko bat funtzionamenduan jartzeko behar diren faseetako bakoitzean, eta garrantzitsuak dira zirkulazioan zehar sortzen diren berotegi-efektuko gasak eta mikroplastikoak. Beharrezko mineralak lortzeko prospekzioak, karbono-zuntza eta plastikoak, metalak, galdaketa, mihiztatzea, prozesu osoa egiteko behar den energia, segurtasun-probak, ekipazio-hornidura, etab.; horrek guztiak esan nahi du bataz beste kontsumitzea 20 petrolio-upelen baliokidea.
Kutsadura dago auto elektriko bat funtzionamenduan jartzeko behar diren faseetako bakoitzean, eta garrantzitsuak dira zirkulazioan zehar sortzen diren berotegi-efektuko gasak eta mikroplastikoak
Hitz-erdika, egileak "energiaren tranpa" delakoa sartzen du, iturri eta azpiegitura berriztagarrien hedapenak eskatzen baitu erregai fosilen erabilera masiboa, eta horrek ondorio nabarmenak ditu berriztagarriak ez diren mineralak erauzteari eta erabiltzeari dagokienez. Energiaren Nazioarteko Agentziak berak adierazi du Pariseko Akordioaren helburuak beteko liratekeen egoera batean, teknologia berriztagarrietarako mineralen eskariagatik honako neurrian handituko litzatekeela munduko mineralen kontsumoa bi hamarkadatan: %40 kobrearen eta lur arraroen kasuan, %60-70 nikelaren eta kobaltoaren kasuan, eta ia %90 litioaren kasuan, apenas tarterik utziz mineral horiek erabiltzeko gaur egungo beste erabilera batzuetarako, hala nola mugikortasun elektrikorako. Hau da, eskura dauden mineral eta metal guztiak erabilera guztietarako banatu behar dira.
Egileak partekatzen dituen gogoetak guztiz bat datoz Zaragozako Unibertsitatean lan egiten duen Alicia Valero ingeniari kimikoak egindako analisi zientifikoen emaitzekin. Antonio Valero bere aitaren urratsak jarraituz, nazioarteko ospea duen zientzialari honek ikertalde bat zuzentzen du eta urteak daramatza Volskwagen taldeari eta Seat markari aholkuak ematen Espainian. Nabarmendu du ibilgailu-fabrikatzaileek badakitela ez dutela bateriarik izango eskari potentzial guztiari erantzuteko, fabrikatzailearen esku geratuko direla, eta, beraz, saiatzen ari direla herrialde hornitzaileekin akordioak egiten materialen hornidura bermatzeko. Gutxienez, hogeita hiru elementu kimiko behar dira horrelako autoak martxan jartzeko, eta 2050 baino lehen aurkitu daiteke hornidura-muga. Beste behin berresten da baliabideen jabetza duenak izango duela boterea. Dauden meatzeak ez dira nahikoak, eta ager litezkeen aztarnategi berriek, batez beste, hamabost urte beharko lituzkete operatiboak izateko. Bestalde, adituek diotenez, mineralak gero eta diluituagoak daude, eta errentagarritasuna gero eta okerragoa da.
Gutxienez, hogeita hiru elementu kimiko behar dira horrelako autoak martxan jartzeko, eta 2050 baino lehen aurkitu daiteke hornidura-muga. Beste behin berresten da baliabideen jabetza duenak izango duela boterea. Dauden meatzeak ez dira nahikoak, eta ager litezkeen aztarnategi berriek, batez beste, hamabost urte beharko lituzkete operatiboak izateko
Liburu honek lehen hitzetik oparitzen du informazio kritikoa eta kontrastatutakoa, ulertaraziz mugikortasun elektrikoa ez dela neutroa inpaktuari dagokionez, eta berezko konplexutasuna duela, ikuspegi ekonomikotik zein fisikotik aztertu beharrekoa. Izan ere, trantsizio energetikoa lortzeak (ez trantsizio ekologikoa) ahaleginak eskatuko ditu fronte guztietan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545