Asteroko buletina
Landareak oxigenoa ematen digute, birikei eta arimari.

Klima aldaketari aurre egiteko orain arte baino hamar aldiz diru gehiago bildu beharko dute Bakun

COP29 hasi da astelehen honetan Bakun, Azerbaijanen hiriburuan. 197 herrialde dira foro honetako kide eta horiez gain mundu osoko sare zibilaren milaka pertsona hurbilduko dira bertara, gobernuen jarduna jarraitzeko. Aurtengo gai izarra finantzazioa izango da.


2024ko azaroaren 11

Aldaketa Klimatikoaren Nazio Batuen Konferentzia da berez COP deitzen dena eta 1995etik urtero biltzen da. Aurten finantzak jorratuko dituzte nagusiki, hau da, klima aldaketari aurre egiteko behar den diru kopurua finkatzea: zenbat diru jarriko den, nork jarriko duen eta nork jasoko duen.

2010ean finkatu zen Cancunen gaur egunera arte indarrean izan den finantzazio eredua. Orduan zehaztu zen 100.000 milioi dolar jarriko zirela urtero 2020tik 2025era arte. Hala ere, 2023tik aurrera bakarrik lortu da diru kopuru hori batzea. 2015eko Parisko Konferentzian finkatu zen diru hori herrialde garatuenek jarriko zutela nagusiki, eta garapenean diren herrialdeek jasoko zutela batez ere, klima aldaketaren eraginera moldatzeko eta beren ekonomia fosilak apurka atzean uzten laguntzeko.

Orain 2025etik 2030era urtero jarri beharko den diruaz mintzatuko dira, eta zenbakien dantza handia da: AEBetako Altxorraren idazkari Janet Yellenen kalkuluetan hiru bilioi dolar izan daiteke kopuru hori; klimaren aldaketaren aurka diharduten erakunde askoren ustez 8 bilioi dolarrera ere iritsi liteke.

Kopuruak, edozein kasutan, orain artekoak baino askoz handiagoak izan behar dutela argi dago eta proposamen zehatzagoak ere badira. Afrika da mundu osoan, askogatik gainera, CO2 isurketa gutxien egiten duen herrialdea, baina ondorio larrienetakoak hark jasotzen ditu. Hango herrialdeen ustez, 2030era arte 6,5 bilioi dolar jarri beharko lirateke. Herrialde arabiarrentzat aldiz, 5,5 bilioi dolar behar dira, eta urtero 1,1 bilioi jarri beharko dira. Erronkaren tamaina ikusteko, aski da esatea 2023an 100.000 milioi dolar bildu zirela.

Nork jarriko ditu sosak?

Javier Andaluz Ecologistas en Accióneko energia eta klima arduraduna Bakunen izango da gailurra jarraitzen eta El Salto agerkariari adierazi dionez, diru bilketaren erronka itzela izango da, batez ere “herrialde aberatsek ez dutelako behar den dirua jartzeko borondaterik. Azken unera arteko eztabaida izango da diru kopuruarena”. Bere ustez, gailur honetatik atera daitekeen gutxiena da bilioi bat jartzea urtero, baina hori da gaur artekoa baino hamar aldiz gehiago.

Orain arte funts horren diru kopuru handiena herrialde garatuek jartzen dute, besteak beste, AEBek, EBk, Japoniak eta Australiak. Alabaina, ipar aberatseko herrialdeek Txinak eta Indiak ere dirua jar dezaten nahi dute, haiek ere CO2 igorpen handienak dituztelako.

Baina funts horretarako diru bilketa izugarri korapilatsua izango bada ere, hegoaldeko herrialdeek nahi dute sortu jadanik klima aldaketaren ondorioz sortzen diren hondamendien kalte-ordainen funts bat. Azkenengo gailurretan egin da berba horri buruz, baina ez da akordiorik izan.

Oro har, Hegoko herrialdeek nahi dute Ipar aberatsaren inplikazio publiko handiagoa dirua jartzerako orduan; eta Iparreko herrialdeek nazioarte mailako erakunde pribatuen inplikazio handiagoa nahi dute, hala nola Munduko Bankuarena, laguntza zuzenetan baino, maileguen bidez aritzen dena.

Zailtasunak

AEB eta Europar Batasuna dira diru gehien jarri behar duten aktoreetakoak, baina ez Joe Biden ez Ursula Von der Leyen ez dira gailurrean izango. Eta Txinako estatuburu Xi Jinping ere ez, edo Narendra Modi (India), Emmanuel Macron (Frantzia), Olaf Schozlz (Alemania) edo Justin Trudeau (Kanada) ere ez. Munduak gaur egun duen arazo larrienaren aurrean duten jarreraren erakusle ere bada hori.

Zailtasunen artean dago, halaber, joan den astean AEBko hauteskundeak Donald Trumpek irabazi izana. Trumpek aldaketa klimatikoa dagoenik ukatzen du eta bere lehenengo agintaldian AEB COP gailurretatik atera zituen.

1,5ºko muga gainditzear

Baina akaso zailtasunik handiena negutegi eragineko gasen igorpenen murrizketan datza. 2015eko Parisko COP gailurrean finkatu ziren 2050eko helburuak, ez iristea 1850-1900eko garaian zegoen tenperaturatik 2 gradu gorago, eta ahal bazen 1,5 gradutan geratzea. Bada, jada ezinezkoa izango da azken helburu hori betetzea, 2050era iristeko mende laurdena falta denean. Joan den asteko berria izan da, EBko Copernicus klima behategiak emandakoa: aurtengo datuak kontuan hartuta, seguruenik urtea amaituko dugu 1,5ºra iritsita.

Nazio Batuen Erakundeak 2019an iragarri zuen 1,5º helburu hori betetzeko negutegiko gasen igorpena %7’6 jaitsi beharko zela urtero. Pandemiaren urtea izan zen 2020an bakarrik jaitsi ziren igorpenak, gainerakoetan urtero igo egin dira.

Elektrizitate kontsumoa geldituta dago Espainiako Estatuan 2004ko mailan
Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384... (+)
Bideko Autobidearen ordainketa 2027tik 2030era atzeratuko du Nafarroako Gobernuak
Ordura arte Nafarroako Gobernuak 477 milioi euro ordaindu beharko dizkio Abertis konpainiari, 2023an honek erosi baitzuen Autobidearen ustiaketaren emakida 110 milioi eurorengatik. Itzalpeko ordainketek urtero... (+)
Beroak adinekoen heriotza hirukoiztuko du Europan 2100. urterako
Hori da ikerketa berri batek ondorioztatu duena, baldin eta betetzen badira gaur egun berotzearen handitzeari buruz dauden aurreikuspenak. Eta NBEren arabera, mende amaierarako tenperaturak 3... (+)
Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak
Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak. (+)
Energia berriztagarria Aragoitik Gatikaraino eramateko linea elektrikoen zama
Energia berriztagarria sortzeko proiektuek aurrera egin ahala, horien elektrizitatea garraiatzeko linea proiektuak ere azaleratzen ari dira. Horietako batzuk, adibidez, Nafarroa, Araba eta Bizkaia zeharkatzen dituzte. (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora