Asteroko buletina
Azaroan ortzia, urte onaren mentura

Primaderako liliak


2025eko urtarrilaren 15a
MAIDER LETURIAGA

“Urte berri-berri, zer dakarrazu berri?” oihukantatzen genien, urteko lehen eguneko gaupasatik bueltan, bidean gurutzatzen genituen goiztiarrei. Eske puxken esperantzan gu, mozkor panparrotuok. Eta artean ez baitzen ez runner-ik ez eta selfie-rik ere, gehien-gehienera topatuko genuen bart arratseko gehiegizko afaria porrokatzera ateratako lasterkari eroxkaren bat, Urteberriko mendi bueltaz betiereko itzuleraren erritua berritzeko prest-presta kuadrilla koloretsua, edo periodiko-ogietarako eguneroko errutinan laketuta, denda itxirako joan-etorrian, jubilatu despistatu bakan batzuk.

Garai hartan, Primula vulgarisak (sanjose edo udaberri loreak) primaderaren iragarle ziren. Martxo erditsuan bide bazterrak estalita ikusten genituen eta Garbiñe Larreak Sendabelarrek dakitena liburu eder horretan dioen gisan, “negu ilunean bazterrak apaintzen eta alaitzen” zizkiguten.

Urteak eta adina kurri, apaintze eta alaitze horien peskizan akaso, runner baino, aukeran, gauza ñimiñoei patxadaz begiratzen dien mendizaletasuna hautatu duen honi, lore hori ttipiak bortzegien parean suertatu orduko hasten zaio besta. Lehena ikusterako halako poz batek hartzen dizkit barrenak eta egun seinalatu bilakatzen dut zorioneko data. Eguna apuntatzen dut, argazkia egiten, klik, inguruko guztiei sanjose lorea ikusi dudala iragartzen, sareetara igotzen, post. Inaute sasoiko Orakunde eskean ere, udaberri loreak ikusiz gero, “halako eta holako baserrirako bidean ikusi ditugu eta hasi dira sortzen eta zer lastima han ez zinela eta begira: bat ekarri dizut”, etorriko zait alaba segituan. Garai batekoek halakoetan aitaren egin eta lore ale bat jaten omen zuten urtaro berriaren bizi-indarra bereganatu nahiez edo, Larreak kontatzen du.

Irakats dezagun, eskola liburu eta ipuin oro iraungi aitzinean, badela zaintza bat, baita naturan ere. Ingurumena eskubideetan eta justizian eta ukigarriak diren gauzetan ere badagoela

Aitortuko dizuet ere lore sortzeka berdintzen ohi dudala urtea; orain, sanjoseak, gero, bata bertzearen segidan, lilipak, kuku-prakak, maraguriak, orkideak, azafraiak eta, akabera alde horretan, inarra loretan. Eta urteari jirabiran, berriz sanjoseak, berriz lilipak, berriz...

Naturaren sasoien borobiltasun horri, alta, ertzak zorroztu dizkiogu kutsatzearen kutsatzeaz eta xurgatzearen xurgatzeaz. Duela bi urte, Urteberri egunerako ikusi genituen lehenak eta “ño, hau bai Urtats arraroa” pentsatu nuen, kezkatuta. Iaz prima behar zukeena hondarra ernatu da eta Domu Santutarako sortu dira gure bazterretan, larrazken betean. Hartan, holako gauza polit ttipi batek nola derrepentean apokalipsia iragarri dezakeen ohartuta, izuak harrapatu nau. Are udaberri lore garaiz kanpokoen iratzartzea Valentziako ur uher eta kanaberen, plastiko poto, erregai orbain eta gorpu lohiztatuen egun bertsuetan izan delarik.

Honetan ere apuntatu dut eguna, argazkia egin, klik, inguruetan iragarri, sareetara igo, post, kezkaz baina; zer azalduko ote diegu orain gure haurrei? Izan zela lore bat udaberri izenekoa? Akaso. Izan zela udaberri izeneko urte sasoi bat? Kasu!

Akordatzen zer ikasi genuen izenen iragankortasunaz XX. mende akabera hartan? Nola etxeko Atlas lerden hura irringarri bilakatu zen ohartu orduko? Ba irakats dezagun, eskola liburu eta ipuin oro iraungi aitzinean, badela zaintza bat, baita naturan ere. Ingurumena eskubideetan eta justizian eta ukigarriak diren gauzetan ere badagoela. Lurraren izerdia daramala jaten dugun orok. Azaldu ekotopiak egingarri direla eta zuhaitz eta lore denek bere izena badutela. Neguaren ondorenean izan daitezen primaderan liliak; primadera eta liliak.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora