Urriko eguna, argiko iluna; seietan argia, seietan iluna.

Euskal Herria banana errepublika

Sekula bananarik jan ez duten bi lagun ezagutzen ditut; nerau bat. Bananazalea da, ordea, jendea. Afrika eta Asia aldean sortutako landare generoa da banana (Musa x paradisiaca), baina gaur egun Ameriketan ere asko egiten da. Ekoizlerik handiena India da, eta esportatzaile nagusia Ekuador. Banana janzalea da jendea hemen, Espainiako batezbestekoa urtean hamahiru kilo da biztanleko; Frantziakoa zortzi kilo inguru, eta Europakoa tartekoa, hamar bat kilo urteko.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko urtarrilaren 20a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Laster geurean are gehiago jango dela iruditzen zait. Elgoibarren Gabon zaharreko azoka urteko azken larunbatean izaten da, eta igaro berria den azkenekoan, Bizkaian ekoitzitako bananak azaldu dira.

Klimaren aiekatik iker-mikertuta, Bizkaia da Euskal Herriko lurralderik tropikalena; ekialdean baino euri gutxixeago egiten du baina tenperatura epelagoa du. Eta Bizkaian aparteko tokiak badira, paradisuak; gu animaliontzako bainoago landareentzako: Armintza, Plentzia, Bakio, Bedaroa, Natxitua eta abar luze bat. Abar luze horretakoa da Ispasterko Kurtziaga-Arropain. Hantxe dago Iparragirre baserria, eta bertan, Iparragirreko Ortua izenarekin barazki eta fruituak ekoizten ditu Igor Lete Urriolabeitiak. Urteak dira bateko eta besteko azokatan ikusten dudala bere ekoizpen gero eta zabalagoa. Urteak dira eta, nire memoria kaxkarrari esker, ez dut gogoan zein herritakoan, baina uste dut Urretxu-Zumarragako Santaluzietakoan zela: zuhaitz tomate landare bat erosi nion. Gaizki esanda “tamarilo” ere esaten zaio Solanum betaceum landareari. Sekula ikusi gabea nuen Euskal Herrian eta bera saltokian eskeinka. Ez zidan berehalakoan landarea eman; ea non bizi beharko ote zuen-eta hasi zitzaidan galdezka, eta gure etxean itsasoaren eragin zuzen xamarra izango zuela argitu nion arte ez zidan eman. Gaur ederki asko bizi da gure atari aurrean eta erruz ematen ditu tomate bereziak.

Eskerrik asko, Igor. Aukera duzunean zalantzarik ez izan bere salgunea ikustera joateko. Ikusgarria da eskaintzen duen barazki eta fruitu aukera. Asko lehen aldiz ikusiko dituzu, Euskal Herrian ekoitziak behintzat: litxia (Litchi chinensis), guaiaba (Psidium guajava), marakuia (Passiflora edulis), luloa edo naranjila (Solanum quitoense) eta abar. Berak aspaldi jarritako beste batzuk orain ohikoak dira gure lurretan: ahuakateondoa (Persea americana), fisalisa (Physalis peruviana) eta abar. Ikusgarria da baita ere nola aurkezten duen salgaien aukera: koloreka, marrazkiak, ikurrinak, banderak, lauburuak eta abar eginez. Era ekologikoan ekoizten du nekazari aurreratu honek; garbi dauka kalitatea non dagoen baina baita osasuna ere, eta hori eskaintzen digu bezerooi.

Igorrenak ziren Elgoibarko azokan saltzera azaldutako Euskal Herriko lehen banana haiek. Eta Igorrek hor jarraituko du gu denoi bidea garbitzen eta etorkizunean gure baratze, soro eta frutarboladi izango direnei buruzko ametsak eraikitzen, errelitatetik. Adibidez, nik uste dut txokoren batean landatuta izango dituela dagoeneko pitaia (Stenocereus spp.) aleren batzuk. Datozen urteetarako ikuskizun!

Harroputzetik artaputzera
2025-07-28 | Jakoba Errekondo
Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea... (+)
Sagastien joeraren hipotesia
2025-07-27 | Jakoba Errekondo
Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako,... (+)
Sagastien joeraren hipotesia
2025-07-20 | Jakoba Errekondo
Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako,... (+)
Akainen eta eulien erasoak
2025-07-14 | Jakoba Errekondo
Ekainak akainak ekarri ditu: uda iritsi da. Udaberriko egun beroetan hasten dira akainak ehizean, udako ehizaldi nagusirako hankak prestatzen. Garo arruntaren (Pteridium aquilinum) garomenetan izaten... (+)
Joan deneko usain bete ekain
2025-07-07 | Jakoba Errekondo
Eguna mozten hasten den hilabetea, ekaina. Festa aparretan gabiltza baina xorro-xorro, hau esku artean duzunerako dagoeneko hamalau minutu moztu da egun argia. Gu gure eroan,... (+)
gora