Ordura arte Nafarroako Gobernuak 477 milioi euro ordaindu beharko dizkio Abertis konpainiari, 2023an honek erosi baitzuen Autobidearen ustiaketaren emakida 110 milioi eurorengatik. Itzalpeko ordainketek urtero modu gogorrean baldintzatzen dituzte Nafarroako Gobernuaren aurrekontuak.
Bideko Autobideak Iruñea eta Logroño lotzen ditu, 2002an hasi ziren eraikitzen eta 2006rako bukatu zuten. Harrez geroztik lau jabe izan ditu, eta itzalpeko sariaren formulan eraiki zenez, Nafarroako Gobernuak urtero diru kopuru bat ordaintzen dio emakidaren jabeari.
Ordainketa plan berriaren arabera, 2024an 57 milioi euro ordainduko ditu foru gobernuak, 2025ean 62 miloi eta ia 66 milioi 2025ean. Ez ditu zehazten ondorengo urteetako ordainketak, baina bai ordainduko den kopurua guztira: 291 milioi euro.
Itzalpeko formularen bidez, azpiegituraren eraikuntza kostuak enpresa eraikitzaileen esku geratzen dira eta, ondoren, Nafarroako Gobernuak urtero kanon bat ordaintzen die enpresei. Berez, Bideko Autobidearen ordainketa 2032an bukatu behar zen, baina foru gobernuak 2027an amortizatzea erabaki zuen. Azkenean, data hori atzeratu egingo da 2030era arte.
Datuok Nafarroako Gobernuaren iazko kontu orokorren txostenean zehazten dira eta Diario de Noticiasek eman du horien berri. Txostenean azaltzen denez, autobidearen trafikoaren jaitsierak eragin du atzerapena. 2008ko krisi luzean hasi ziren okertzen trafiko aurreikuspenak; 2010ean datuek behera jo zuten eta ez zuten goraka egin 2015-2019ko garaira arte, non ekonomiak ere gora egin zuen.
Esaten da autobideetako trafikoa ekonomiaren garapenaren neurgailu ere badela, eta kasu honetan bederen betetzen ari da. Pandemia garaian inoiz baino beherago egin zuen trafikoak eta gerora apur bat berreskuratu da, baina inoiz itzuli gabe 2008ko kopuruetara.
Nafarroako Kontuen Ganberak gertutik jarraitu ditu itzalpeko sarien bidez eraikitzeko azpiegiturak, eta ondorioztatu du eraikitze kostua baino askoz garestiago ordainduko dituela Nafarroako Gobernuak. Ganberak emandako datuen arabera, Bideko Autobidearen eraikitze lanen kostua 389,9 milioi eurokoa izan zen eta bukaerako kostua 597 milioi eurokoa izango da. Antzera Pirinioetako Autobidearekin: 271,4 milioi euro kostatu zuen eta 2039rako foru gobernuak 553,8 milioi ordainduko ditu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545