Apaltasunik gabe ez dago baratzezaintzarik

Oñatiko bi lursailen lagapena, tokiko ekoizpen agroekologikorako

Urteak daramatzate Debagoienan elikadura, kontsumo eta ekoizpen iraunkorraren alde lanean Debagoiena 2030 sarearen bidez. Ibilbide horretan pauso garrantzitsua eman berri dute: Tokixan elkartea sortu dute eta Oñatin bi lursailen lagapena gauzatu. “Tokixan proiektua lehenagotik zetorren, baina elkartea irailean sortu dugu, elikadura sisteman eragiteko helburuarekin eta agroekologia eta eredu kolektiboa oinarri hartuta”, adierazi du Mikel Roman Larrabe elkarteko kideak. Oñatiko Udalak proiektuko helburuekin bat egin du, eta San Martin fundazioarekin egindako hitzarmenaren bidez, bi lursail egitasmoari lagatzea adostu dute.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko azaroaren 30a
Lursailen lagapena sinatu zen momentua, Zubillagako lurretan bertan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Tokixan proiektua bultzatzen ari dira Bergarako Ereindajan, Biolur elkartea, Debagaraiko Landa Garapenerako Elkartea, Oñatiko Udala, Gizabidea fundazioa eta Fagor taldea. “Proiektuak hiru ildo nagusi ditu: kontsumoa, ekoizpena eta horniketa. Ekoizpenaren alorrari begira sortu da lurren lagapenerako egitasmoa”, azaldu du Romanek. San Martin fundazioak bi lursailen erabilera lagapena egin dio Tokixani, irabazi asmorik gabeko proiektua delako eta Oñatiko herriarentzat onurak dakartzalako. “Udalak eta fundazioak egitasmoari baliabideak eskaini nahi izan dizkio, helburuekin bat egiten dugulako eta elikadura sistemen inguruan zehaztua dugun ekintza planeko bi egitasmo heltzen dituelako”, azaldu du Izaro Elorza Arregi alkateak eta fundazioko lehendakariak, eta gaineratu du proiektua bat datorrela fundazioaren helburuekin ere.

Lursailak herriko bi tokitako eremuak dira. Usako guneko lursaila da bat, 21.800 metro karratu ingurukoa, eta Zubillaga auzokoa bestea, 25.800 bat metro karratukoa. “Zubillagan baserria ere badago, baita negutegiak eta bestelako azpiegiturak ere”, azaldu du Romanek. Bertan 2026an ekoizpen proiektua martxan egotea espero dute: “Aipatutako lursailean hiru ekoizleko talde bat egitea da lehen asmoa, eta 2027 amaierarako, beste lursailean beste hiru lagunentzako test gunea martxan jartzea”.

Test-gunea

Agroekologia oinarri duten proiektu kolektiboak bultzatu nahi dituzte egitasmotik, bai dagoeneko martxan daudenak, baita instalazio berriak ere. “Izena ematen dutenek ikastaro bat eginen dute, eta bertan aurkeztu beharko dute haien proiektua. Pertsona edo talde bakoitzari bide orri bat proposatuko zaio”, adierazi du Romanek. Ikastaroaren alde praktikoa, gainera, inguruko hainbat baserritan jorratuko dute test-guneko kideek. 
Proiektuaren bultzatzaileek nabarmendu dutenez, aurkezten den jendearen beharretara egokitzea da haien asmoa. “Sektorean urteetako esperientzia duen norbait badator, agian ez du test gunerik beharko, baina beste errekurtso batzuk bai; bada, horiek eskainiko dizkiogu. Eta, aldiz, Fraisorotik atera berri den norbait badator, ziurrenik instalatu baino lehen test-gunea beharko du proba egiteko”, azaldu du.

Haragi-zirkuitu propioa sortzeko proiektua martxan
2026-03-02 | Garazi Zabaleta
Oiartzun Burujabe prozesuaren baitan, herriko haragi-zirkuitu propioa martxan jartzeko lanean aritu dira azken urteetan Elikadura Mahaitik. Labore Oarsoko kideek, herriko ekoizleek eta udal eta landa... (+)
Garoa, jendartea eraldatzeko gune berria Mungia erdian
2026-02-23 | Garazi Zabaleta
2007an sortu zuen Butroi Bizirik elkartea ingurumenaz arduratuta zegoen Mungialdeko herritar talde batek, eta 2013an erantsi zioten "Trantsizioan" hitza izenari. “Rob Hopkins ekintzaile eta idazlea... (+)
Nekazarien iragarritako heriotzaren kronika
2026-02-22 | Garazi Zabaleta
Europa-Mercosur akordioa gauzatzeko arriskua mahai gainean den honetan, Europa berriz ere bidegurutzean da: tokiko elikadura sistemak indartzearen alde egin, edo elikagaiak mundu globalizatuko negozioetarako merkantzia... (+)
Baratzezain izatetik erlezain izatera
2026-02-16 | Garazi Zabaleta
Duela 26 bat urte iritsi ziren Ali Orue zeberioarra eta Edu Brugos laudioarra Zioarraga auzora, Zuiara (Araba). Bizitoki aldaketarekin batera bizitza eta ogibidea aldatzeko gogoz... (+)
Hiritik landa eremurako bizitza aldaketarako, ogia bide
2026-02-09 | Garazi Zabaleta
2012an iritsi ziren Maeztura (Araba) Natxo Beltran de Heredia eta Anna Minguella. “Bartzelonan bizi ginen eta multinazional batentzat egiten genuen lan, baina denbora generaman landa... (+)
gora