Agoril erdiko euri, kalte gaitza hurreri.

Nekazarien iragarritako heriotzaren kronika

Europa-Mercosur akordioa gauzatzeko arriskua mahai gainean den honetan, Europa berriz ere bidegurutzean da: tokiko elikadura sistemak indartzearen alde egin, edo elikagaiak mundu globalizatuko negozioetarako merkantzia gisa erabili. Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren sorrera eta ibilbidea errepasatu dugu, Unzalu Salterain EHNE Bizkaia sindikatuko koordinatzaileak eman zuen hitzaldian oinarrituta. Laborantzako egungo hainbat korapilo ulertzeko gakoak daude bertan.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2026ko otsailaren 18a
Ecuador Etxea
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Azken urteetan tokiko elikadura sistemak indartzeko egitasmo ugari martxan jartzen ari dira han-hemen, baina guztiek egiten dute topo oztopo berarekin: “Tokikoaren eta modu iraunkorrean ekoitzitakoaren eskaera sortzen ari gara pixkanaka, baina ekoizpenean mugak ditugu, ez dago nahikoa ekoizpenik, eta horretan zerikusi handia dute araudiek, dirulaguntzek eta bultzatu diren politikek”. Hala adierazi zuen Gotzone Sestorain Etxalde baserritar mugimenduko kideak azaroan, LeitzEKO Kontsumo Taldeak Leitzan (Nafarroa) antolatutako mahaiinguruan. Orri hauetara ekarri dugu mahai-inguru horretan Unzalu Salterain EHNE Bizkaia sindikatuko koordinatzaileak Europako Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) historiari buruz egindako errepasoa, egun lehen sektoreak bizi duen egoera ulertzeko gako garrantzitsuak ematen dituelakoan.

EB-Mercosur akordioa, edo "gure autoak zuen elikagaien truk"

Argentinak, Brasilek, Uruguaik eta Paraguaik osatzen dute Mercosur, eta 1999tik ari da Europar Batasuna haiekin merkataritza librerako akordioa adostu nahian. “Eskala oso handiko eremuaz ari gara, akordioak eragingo liokeen biztanle kopuruari begiratuta, aspaldiko akordiorik zabalena litzateke”, dio Unzalu Salterain EHNE Bizkaia sindikatuko koordinatzaileak. Europako industriaren krisialdiaren baitan ulertu behar da akordioa, Salterainen ustez: “Europa bere industriarentzat aterabidea bilatzen ari da, batez ere automozioarentzat”. Eta, zer dute Mercosurreko herrialdeek Europari trukean eskaintzeko? Bada, elikagaiak. “Behi eta txahal haragia, oilaskoa eta zerria batez ere, baina baita arroza, garagarra eta zereala ere”.

Inflexio puntu baten aurrean gaudela dio Salterainek, Europako laborantzan sekulako inpaktua izango lukeelako akordioak. “Guk argi diogu elikadurak akordio hauetatik kanpo gelditu behar duela, elikadura ez dela merkantzia”. Azken urteetan Europar Batasunak Nekazaritza Politika Bateratuan planteatu dituen aldaketekin eta Baserritik Mahaira bezalako estrategiekin guztiz kontraesankorra dela gaineratu du, eta bi gauzak ez direla bateragarriak. “Azken 30 urteetako nekazaritza politika desegokia izan dela onartzen ari dira Europatik, aitortza hori badago, eta beste norabide baten aldeko mugimenduak ere bai. Berez EB-Mercosur akordio honek orain ez du zentzurik, baina kontuan hartu behar da lobbyek eta agroindustriak honetan guztian duten papera”. Eta, gaineratu du: “Europan ari da gertatzen, baina Euskal Herrian ere bai, eta hemengo gobernuetan jarri behar dugu fokua. Izan ere, automozioak hemen ere badu garrantziarik”. Europako Parlamentuak behin behinean akordioa geldiarazi badu ere, behin betiko baztertu dadila eskatzen ari dira nekazal mugimenduak eta sindikatuak.

Jatorrian eta paperean, elikadura burujabetzaren alde

1962an sortu zen NPB, Europako lehenbiziko politika bateratua izan zena eta urteetan aurrekontu osoaren zatirik handiena hartzen zuena. 2024an 56.200 milioi euro bideratu ziren, Europar Batasuneko gastuaren %23,3. Unzalu Salterainek azpimarratu zuenez, NPBren hasierako helburuak ez zeuden gaur egun agroekologia mugimenduetatik aldarrikatzen den elikadura burujabetzatik hain urrun: “Europan behar den adina elikagai kopuru ekoiztea eta biztanleria guztiak kalitatezko elikagaiak modu eskuragarrian izatea, bi aldeentzat prezio egokietan. Horiek ziren hasierako helburuak”. Ezarritako helburuak lortzeko tresna finantzario nagusia izan behar luke NPBren dirulaguntza sistemak.

Europako herrialdeen arteko oreka mantentzeko eta ekoizpenen kontzentrazioa ekiditeko, merkatuen kontrolerako zenbait mekanismo jarri zituzten martxan hasiera hartan. “Herrialde bakoitzak esleitua zuen ekoitzi zezakeen behi-esne kantitatea, haragia, ardoa, garagarra… eta hori berez ona eta beharrezkoa zen”, azaldu zuen Salterainek. Izan ere, herrialde bakoitzaren klimak, orografiak eta beste zenbait faktorek eragin zuzena dute bakoitzaren ekoizpen moduetan eta kantitateetan, eta nolabait, hori orekatzea bermatu nahi zuten.

Praktikan, intentsifikazioa bultzatzen

“Gaur egun, argi esan dezakegu hasierako helburuak ez direla inolaz bete, izan ere, bete izan balira beste errealitate batean izango ginateke: sektore askoz biziagoarekin, nekazari lanpostu gehiagorekin, tokiko elikadura sistemak indartsuago leudeke…”. Salterainek gaineratu zuenez, NPBk 60 urte dituen arren, bereziki azken 35 urteetako bilakaerak ekarri du gaurko egoera larria: ez da Euskal Herriko kontua soilik, Europan eta mundu osoan gertatzen ari da nekazarien eta tokiko elikadura sistemen galera. “Tokian bizi dugun arazo global baten aurrean gaude”.

Baina, NPBren paperean denak ederra bazirudien, nola iritsi gara hona? 1990eko hamarkadaren hasieran kokatu du Salterainek desoreken hastapena, Espainiako Estatuan nekazaritzako errentarentzako zuzeneko dirulaguntza sistema abian jarri zenean. “Biztanleriak elikagaiak ‘merke’ eskuratu ahal izateko, elikagaiak prezio apalagoetan jartzea erabaki zen, eta nekazarien errenta falta konpentsatzeko dirulaguntza zuzenak abiatzea”. Horrek, nekazari eta abeltzainak ekoizpenetik nolabait "askatzea" ekarri zuen, elikagaien salmentatik harago dirua iristen hasi zelako.

Unzalu Salterain EHNE Bizkaia sindikatuko koordinatzailea.

Teknikari eta kooperatiba askok intentsifikazioaren aldeko apustua egin zuten garai horretan, administrazioak ere horixe bultzatu zuelako hein handi batean. “Intentsifikazioa zergatik? Bada, dirulaguntzak banatzeko irizpideak, gehienenetan, bolumenetan oinarritu direlako, lur azalera eta ganadu kopuru handiak izatean”. Kontuan izatekoa da garai berean lurrarekiko presioa handitzen ari zela industriagatik eta bestelako azpiegiturengatik. “Ekoizpen-bolumenak handitzeko eta lurraren erabilera gutxitzeko olatu handi batek harrapatu zuen lehen sektorea”. Eta gurea herri txikia izanik ere, 2000. urteko azterketa batean ikusi zutenez, Europako intentsifikazio maila altuenetakoa genuen Hego Euskal Herrian. Horixe erakusten dute Nafarroa Garaiko datuek: 1989an 40.047 ustiategi zeuden, eta hamar urte geroago, 1999an, 25.406 izatera pasatu ziren, %36ko galera baino handiagoarekin. Aldiz, behi-buru kopuruak gora egin zuen: 1989an 89.359 behi-buru zeuden Nafarroan, eta hamar urte beranduago 116.813, %30 pasatxo gehiago. Hurrengo hamarkadetako joerak bide berean segitu zuen.

Nekazaritzako errentarentzako estatuko dirulaguntza Europako laguntzek ordezkatu zuten, baina antzeko logikarekin jarraitu zuten. Gaur egun, bi zutabetan banatzen dira Europatik jasotzen diren dirulaguntzak: nekazaritzako eta landa garapenerako laguntzak –FEADER deituak–, alde batetik, eta nekazariei zuzenean ematen zaizkien errentarako dirulaguntzak –FEAGA deituak–, bestetik. “Errealitatea da bi zutabeak ez daudela batere orekatuta; garapenarena guztiz bigarren mailan gelditzen da, eta diru kopuru handiena zuzeneko laguntzetara bideratzen da”.

Dirulaguntzen %80 hartzaileen %20arentzat

Europako dirulaguntzen desorekaren adierazle dira banaketaren portzentajeak: tarta zatiaren %80 hartzaileen %20ak eskuratzen du. Edo, alderantziz, nekazarien %80ak dirulaguntzen %20 besterik ez du jasotzen. Hori zergatik gertatu den azaldu du Salterainek: "Jendea lurrak eta abelburuak gehitzen joan delako ahalik eta dirulaguntza gehien pilatzeko, eta horrek lurren kontzentrazioa eta intentsifikazioa ekarri ditu”.

Urtero egiten dira publiko NPBren dirulaguntzak, eta Nafarroako 2024ko datuak ikusita, Vega Mayor S.L. enpresak du urte horretan jasotako dirulaguntza kopuruaren errekorra: 4.872.989,11 eurokoa, FEAGA lerrotik jasoa. Florette entsaladak ekoizten dituen enpresa da, 2023ko emaitzetan 219 milioi euroko fakturazioa izan zuena. Gehiegi aipatzen ez den kontu bat ere ekarri zuen mahai gainera Salterainek: “Errentarako dirulaguntza hauek guztiak ez dira sekula aitortu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan”. Gainera, laguntzak jasotzeko ez da zertan nekazari edo abeltzain izan: “Lurrak izatea nahikoa da kobratzeko, eta beraz, higiezinen-agentziek, Iberdrola bezalako enpresek nahiz jauntxo lur-jabeek –Espainiako Estatuan gehien kobratzen zuena Albako dukesa zela askotan entzun dugu– laguntzen zati bat eramaten dute”.

Desakoplatuta egon diren laguntzek, bestalde, ekoizpena mantendu gabe dirulaguntzak kobratzen jarraitu ahal izatea
ahalbidetu dute. “Zuk behi-esnea ekoitzi izan bazenu inoiz, kendu zenitzakeen behiak eta haien erreferentziarekin dirulaguntzak kobratzen segitu”. Laguntzak kobratzeko lurrak behar zirenez, horiek mantendu dituzte askok, eta horrek instalazio berriei eta erreleboari sarbidea oztopatu die. 2020ko datuen arabera, Europan dirulaguntzen zuzeneko hartzaileen %40 inguru jubilatuak zirela azaldu zuen Salterainek. “Dena dela, kontuz, gehiengoa pentsio oso baxuekin baitago, kontua da gutxiengo bat sekulako diruak ari dela jasotzen”.

Bestelako iruzur edo trikimailurik ere egon da NPB kobratzerakoan. “Hemengo ekoizle askok izan dituzte Huescan lur publikoak alokatuta, bertan ganadurik izan ez arren. Sistema perbertso honek bultzatu du iruzur asko egitera, azkenean, gobernuaren helburu bakarra Europatik ahalik eta diru kopuru handiena lortzea izan delako”.

"Honek eskuetatik ihes egin digu..."

Egoera tamalgarri horretan iritsi gara 2020. urtera. Panorama txarra dela bistakoa da, eta badirudi Europako agintariak ere ohartzen hasi direla pixkanaka: laborariak eta ustiategiak desagertzen ari dira, ez dago erreleborik, behar duen janaria ekoiztetik geroz eta urrunago dago Europa, kanpokoarekiko menpekotasuna handitzen doa, lurrak ongarriekin eta agrokimikoekin geroz eta kutsatuago daude, kontsumitzaileek ez dute elikagai merkerik… “2020an eztabaida ireki zen Europan, argi ikusi baitzen merkatu globalean oinarritutako elikadura sistema guztiz kolapsatu zela. Pandemia garaian, konfinatuta egon ginen denbora beste hilabetez luzatu izan balitz, Espainiako Estatuan, Frantziakoan eta Europako beste toki askotan elikagairik gabe geldituko ginatekeen”, Salterainen hitzetan.

Inflexio puntu horretan, bestelako planteamendua abiatu zen Europan, klimaren krisiari erantzuteko eta iraunkortasunari begirako gutxieneko helburuak jartzeko: 2030 estrategia, Europako Itun Berdea eta Baserritik Mahaira proposamena aldaketa horren barruan ulertu behar dira. “Gure ustez, Baserritik Mahaira estrategiak baditu nahikoa osagai eredu intentsibo honi eta kontzentrazioari buelta emateko”, baloratu du Salterainek. Baina herrialdeak eta tokiko gobernuak aldaketa horiek frenatzen ari direla gehitu du: “Sektorearen bueltan interes handiak sortu dira, eta tartean dauden enpresa eta talde handiak mugitzen ari dira. Hortik sortu ziren, hein handi batean, ‘traktoradak’ eta antzeko mobilizazioak”.

Agrokimiko eta pestiziden erabilera 2030. urterako %50 murriztea planteatu du Europak, eta horrek ereduan erabateko aldaketa ekarriko lukeela argi du sindikatuko kideak. “Intentsifikazioak eta monolaborantzek gaixotasunak sortzen dituzte, ongi ari gara ikusten azkenaldian abeltzaintzan gertatzen ari diren gaixotasunekin, eta epe laburrean horrelako izurrite eta arazo gehiago egongo dira, eredua errotik aldatu ezean”. Elikadura sistemak tokikotzea eta erreleboaren gaiari heltzea dira Europaren beste bi ardatzak.

Azken 35 urteetako norabidea egun batetik bestera ez da aldatuko, Salterainen iritziz, baina 2030erako planteatutako helburuak betetzera iritsi ez arren, norabide hori hartzea pauso garrantzitsua dela uste du. “Argi dago baserritarrok ohitu egin beharko garela egoera berrietara, belaunaldi berriei bide bat irekitzeko ezinbestekoa izanen baita laguntza sisteman aldaketak egitea. Gaur egun sektorean dauden finantza-aktiboen hiltze goxo bat kudeatu beharko dugu”. Momentuz, Europan, zuzeneko dirulaguntzetatik jasotzen den kopuruan mugak jartzea planteatu dute. “60.000 eurotan jarri dute orain muga. Guk uste dugu ongi dagoela mugak jartzea, baina benetan planteatu beharko genukeena da estatuko biztanleen batazbesteko errenta ez litzatekeela gainditu behar laguntzetatik”.

Baratzezain izatetik erlezain izatera
2026-02-16 | Garazi Zabaleta
Duela 26 bat urte iritsi ziren Ali Orue zeberioarra eta Edu Brugos laudioarra Zioarraga auzora, Zuiara (Araba). Bizitoki aldaketarekin batera bizitza eta ogibidea aldatzeko gogoz... (+)
Hiritik landa eremurako bizitza aldaketarako, ogia bide
2026-02-09 | Garazi Zabaleta
2012an iritsi ziren Maeztura (Araba) Natxo Beltran de Heredia eta Anna Minguella. “Bartzelonan bizi ginen eta multinazional batentzat egiten genuen lan, baina denbora generaman landa... (+)
Artoari buruzko jardunaldia Zubietako errotan
2026-01-30 | Garazi Zabaleta
Duela urtebete inguru abiatu zuten Nafarroako Bortzirietan, Baztanen, Malerrekan eta Basaburua txikian artoaren berreskurapenari lotutako lanketa, laboreari bide berriak irekitzeko helburuarekin. Zubietako errotaren bueltan sortu... (+)
Auzoaren eta ekoizle agroekologikoen arteko zubi
2026-01-26 | Garazi Zabaleta
Gasteizko Judimendi auzoan sortu berri den proiektua da Ekonomatoa, Bionekazaritza ekartetik sustatu dutena. “Saskibarazki deitutako proiektua martxan zuen elkarteak aurretik, zenbait ekoizlerekin elkarlanean ari ziren,... (+)
Gaztaina eta hurra bizibide, Basaburuaren bihotzean
2026-01-19 | Garazi Zabaleta
Nafarroako Basaburuan, Itsaso herrian kokatua den familia-proiektua da Basabihotza. Urteak daramatzate Xabier Azpirotz Latasa eta Laura Martinena Espinal proiektuaren bultzatzaileek gaztainaren inguruan lanean: barietate zaharrak... (+)
gora