Otsaileko elurrak ongarri hoberena balio du.

Basoko gordelekutik, Londresko elektrizista lanetara

Ipurditik kiratsa ateratzeko gai den animaliarik ezagutzen ote dugun galdetuko baligute, agian burutik lehena pasako litzaigukeen animalia mofeta izango litzateke. Alor askotan pasa zaigu azken urteetan, telebistan eta komunikabideetan ikusten ditugunak gehiago ezagutzen ditugula inguruan ditugunak baino. Ez da mofeta ipurdi kirastuna duen animalia bakarra; asko dira baliabide hori ustiatzen dutenak, baina batek bereziki, izena eta guzti hartu du: ipurtatsa.


2026ko martxoaren 02a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
IPURTATSA (Mustela putorius)

TALDEA: Ornoduna / Ugaztuna.
NEURRIA: 38-42 cm-ko gorputza, 15 bat cm-ko isatsa eta 8-13 g-ko pisua (emeak txikiagoak izaten dira arrak baino).
NON BIZI DA? Habitat oso ezberdinetan: baso hostoerorkorretan, pinudietan, sastrakadietan edo soroetan.
ZER JATEN DU? Haragijalea da, eta mikrougaztunak eta anfibioak ehizatzen ditu gehienbat, baina dieta anitza izan dezake urtaroaren eta habitataren arabera.
BITXIKERIA: Usain-guruin gehienak lepo eta buru inguruan dituzte eta, izatez, usain gehiena bertatik jariatzen dute.
BABES MAILA: EAEko eta Nafarroako katalogoetan “Interes Bereziko” izendatua.

Ipurtatsa gure lurraldean bizi diren bederatzi mustelido espezieetako bat da, bisoiaren eta lepahoriaren tankerakoa, besteak beste. Tamaina ertaineko ugaztuna da (40 bat cm-ko luzera du), gorputzeko ilajea arre iluna du, eta mutur zein begiak ile zuriz inguratuta ditu, maskara bat jantzita izango balu bezala. Haren izena nahiko argitzailea da, baina mustelido guztiek dituzte usain-guruinak uzkian. Izatez, ugaztun guztiok dauzkagu, eboluzioz errudimentario bihurtu bazaizkigu ere. Zertarako? Mustelidoetan, gehienbat ugalketa garaian elkar identifikatzeko balio du usainak eta baita eremua markatzeko ere.

Ipurtatsa Euskal Herri osoan dago zabalduta, baita Europan ere. Ez da habitat oso zehatzetan bizi den animalia; ur iturri bat gertu izatea gustuko du, baina, horretaz gain, babesleku apropos bat eta elikagaia topatu ditzakeen ia edozein eremu naturaletan aurki daiteke, altitude handian ez badago behintzat. Jaterako garaian ere ez da erretxina; haragijalea da, eta mikrougaztunak eta anfibioak ehizatzen ditu gehienbat. Azken horiek gordelekuan pilatu ohi ditu elikagai erreserba modura.

Espezie honetako indibiduoetatik eratorritako animalia etxekotua ipurtatsa bera baino ezagunagoa dugu seguraski. Uste da hudoa (Mustela putorius furo) Europako ipurtatsetatik etxekotu zela duela 2.500 bat urte, baina data ez dago oso argi. Adituek diote egiptoarretatik jaso zutela europarrek ipurtatsa etxekotzearen ideia, han katu etxekotuak ikusi zituztenean. Egiptoarrek hazien gordailuak karraskarietatik babesteko erabiltzen zituzten katuak, eta europarrek hori ikusita, inguruan zuten ehiztari habil batekin gauza bera egitea erabaki zezaketen. Mendeetan zehar untxien eta antzekoen ehizan ere erabili izan dira hudoak, haien gorputz luze eta finak erraz asko sartzen baitira edozein gordelekutan.

Gaur egun, ordea, hudo gehienak maskota bezala izaten ditu jendeak eta, bitxiki, animalia horiek erabili izan dira hodi luzeetan zehar kableak eramateko. Hala erabili zituzten NASAren Jet Propulsion Laboratoryn, eta Ingalaterrako Karlosen eta Diana Spencerren ezkontzan, telebista eta soinu kableak hudoek instalatu zituzten.  Etxekotua zein basatia, biak ala biak, animalia azkar, arin eta ehiztari trebeak dira, kiratsak alde batera utzita.

Baso zahar ilunetan, bi begi handi eta distiratsu zelatan...
2026-01-19 | Irati Diez Virto
"Entzun, entzun nire dolu kantua, azken muxarraren testamentua”, zihoen Joxerra Garziak idatzitako eta Ganbara musika taldeak abestutako kantak. 1995ean amaitu ziren Leitzarango autobia eraikitzeko lanak,... (+)
Ozeanoetako abeslaria
2025-11-30 | Irati Diez Virto
Xibarta bat lau metro inguruko gorputzarekin jaiotzen da, eta 700 bat kiloko pisuarekin. Egunero bere amari 400 litro esne ateratzen dizkio, sei hilabetez. Hain da... (+)
Sagu txiki, sagu maite, zulotxoan gorde zaitez...
2025-10-20 | Irati Diez Virto
Basatia zera da, Euskaltzaindiaren arabera: “Hezi, landu edo zaindu gabea; animaliez mintzatuz, gizakiak etxekotu edo hezi ez duena”. Definizio horretatik at geratzen dira, beraz, zalantzarik... (+)
Burmuina txikituta bizirauten duen ñimiñoa
2025-09-01 | Irati Diez Virto
Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta... (+)
Askari izena duen haragijale txikia
2025-06-23 | Irati Diez Virto
Duela egun batzuk Zeraingo mendietan nenbilela, gorpu bat topatu nuen bidearen erdian. Lehen aldia zen halakorik ikusten nuela, eta kosta zitzaidan identifikatzea. Bere tamaina txikia... (+)
gora