Astelehenero 8:00etan zure epostan
Zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du”, itzuli zuen Aita Villasantek Axularren 1643ko Gero liburuaren 1964ko bertsioan. Ez dakit nola adieraziko zuketen ez batak ez besteak, baina antzekoa gertatzen zaie fruitu arbolei. Hiltzera doazenean, sekulako fruitu ale kopuruak hazten dituzte. Badaezpada, hiltzera doazenaren susmorik arinena usaindu orduko, direnak eta ez direnak fruitugintzara ematen dituzte.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Landareek aleak ematen dituzte bere kasta bereziak ondorengoak izan ditzan eta kastaren genetikak atzera jarrai dezan. Hil hurren egon beharrean, indarrean, ahaltsu, gotor eta azkar sentitzen baldin bada, ez du fruitu alerik eman behar, ez du hazirik prestatu behar ondorengoak sortzeko, berak eusten dio, bai eutsi ere, kastari. Naturala da, guretan ere ondo bizi denak ez du umerik izaten, gehienez ere bat, pare bat. Aldiz, gaizki bizi ziren eta urte gutxi bizita hilko ziren gure amabek eta asabek haur asko ekartzen zituzten. Horregatik, fruitua ematera behartu nahi diren fruitu arbolak galetsita jartzen dira, kaltetu egiten dira, karmenatu. Horretarako, teknika ugari daude: inausketa, txertaketa, txertaketa bikoitza, zauriak egitea, gerrikotzea eta abar. Martingala sail horrek gero fruitua ondo emateko lagundu beharra eskatzen du: tratamenduak, ongarriketa zorrotzak…
Aldameneko lagunak, ezkutuan hil-hots kantuak entseatzen ari direla sumatzen duen arbolak, badaki nolako piura erakusten ari den, eta dituen guztiak zertara eman behar dituen. Besterik ez du edukiko zainetan: ahalik eta hazi gehien sortzea. Hazkuntzaren eta enborraren eta hostoen garapenerako energia helburu bakarrera birbideratzen du: ugalketa. Horrela, azido abszisikoa eta horrelako hormonak pizten dira: barne alarmaren seinaleak landarean zabalduko dituzte eta, zeharka, haziak heltzen eta prestatzen lagunduko dute. Haziak dira munduan geratzeko duen modu bakarra. Gure humanismoa, metafisika eta antzekoak baino antzinagoko mekanismo bat da, hunkigarria: bizitza murrizten denean, espezieak zer bide jorratu badaki.
Nire jaioterrian, Usurbilen (Gipuzkoa), bada Gaztainaga baserri ikusgarria, herriaren bihotzean. Bertan laranjondo (Citrus sinensis) bikain bat bada eta duela hamar bat urte sekulako laranja pila ematen hasi zen, eta esan nion Joxe Torregarai Gorostidi etxekogizonari, Laranjondo hori hiltzera ziek. Bera, ezagutu dudan zirtolaririk xirtolariena, zehar begira jarri eta: bai, bazekiagu bai inoiz hilko dela. Joxe joan zen eta gero alaba etorri zitzaidan arbola erdipurdi ikusten zuela eta ea zer izan ote zitekeen. Eta nik: Hiltzen ari den. Eutsi nahi dio oraindik, baina ez dauka piura ederrik.
Sagarrondo (Malus domestica), udareondo (Pyrus communis), arte (Quercus ilex), arbendolondo (Prunus dulcis), pikondo (Ficus carica) eta abarrek oso antzera jokatzen dute. Begiratu eta ikusi. Gaur ez bada bihar horrelakoren bat egokituko zaizu urrutira gabe.
Gure espeziea baino poetikoagoak dira landareak, sakonki. Bere amaiera sumatzen duen arbolak ez du atzera egiten: begiak hedatu eta hegabanatu egiten da. Ez du ezer gordetzen: dena ematen du.
Agoniazko urte batean, arbolak ugaritasunarekin distira egingo du, bere zeinuak irakurtzen ez dakitenak engainatuz.
Uzta oparo aparta ez da osasunaren abestia, zisnearen kantua baizik.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545