Lantxerra (lanbroa) martxoan noraino, apirilean elurra haraino.

Marienia: elkarren arteko garaipenera

Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hamabi urteko kalapiten ondotik, badirudi Marieneko ordokian aurreikusi eraikuntza programa fase berrian sartu dela. Proiektuarekin aberastu nahi dutenen ahaleginak ahalegin, Bouygues-en eta Kanboko herriko etxe berriaren arteko eztabaiden tenorea abiatu liteke, proiektua bertan behera uzteko baldintzei buruz.

Lurraren defentsaren aldeko talde eta elkarteen iniziatiba anitzik gabe, halakorik ez zen gertatuko. Partida ez bada oraindik osoki bururatua ere, elementu desberdinek eraman gaituzte egoera honetara eta esperientzia zonbait gogoan atxiki ditzakegu.

Lokalki errotu, orokorki ekarri

Kanbon, Nahi Dugun Herria talde abertzaleak burutu lan tematsuak, CADE elkarteko ekologisten laguntzaz, lasterketa luze honen oinarriak jarri zituen. Informazioek, manifestaldiek eta herriko etxean egon solasek arazoa erakutsarazi zuten, dinamikaren zabaltzeko aukera ekartzeko. Lehen momentutik, lurraren jabeen eta hautetsi batzuen arteko laguntasuna argi ageri zen, eta horrekin galdera: etxegintzarako lur horien sakrifikatzeak benetan balio ote du, finantza operazio baten trukez. Jakinik gainera Kanbon eraikitzeko beste eremuak, lur emankorrak suntsitu gabe. CADEk justizian jarri helegiteak, egitasmoa politikoki gelditzeko eta eztabaida plazaratzeko burutuak, funtsezkoak izan dira obren gibel arazteko.

Lurzaindiko eta ELBko laborarien inplikazioaren ondotik, Ostia sareak ere borroka hau bere egitea erabaki zuen. Angelun, Alday promotorearen egoitza batzuen aitzinean aste bateko lehen okupazioa antolatu ondotik, sarea Marienean lanak hastekotan blokatze ekintzen ideia proposatzeko trenpuan sentitu zen. Bi hitzorduk (asteburu bateko okupazioa han berean eta Bouygues-en egoitzan maketaren andeatzea) ekintza zuzena gaineratu zioten lan amankomunari. Geroago, sentsibilitate guzien arteko koordinazioa jarriko zen martxan, emateko pauso bakoitza denen artean pentsatzeko gisan.

Batasuna eta aniztasuna

Talde bakoitzaren ibilbide, egiteko molde eta helburuak askotarikoak dira. Elkarren artean akomeatzen ikasi dugu, indartsuagoak bilakatzeko. Kontsentsuak leku handia ukan du eta tendentzia bakoitzak bere ekimenak bultzatu ditu, interes orokorra errespetatuz. Arlo guzietan, hozkari aitzina hartzea izan da metodoetarik bat, batzuetan elkarrekin arituz, bestetan bakoitza bere kasa. Osagarritasuna sortu da hortik, baita konbentzimendua sistema oso bat geldiaraztea posible dela, eta guzien ahalak erdian jarriz helmugara heldu daitekeela. Sekuentziaz sekuentzia, determinazio hori finkatu egin da.

Ostiaren xede nagusia lekuko borrokei sostengua ekartzea da eta karia horretara, ilegaltzat joak diren eginkizunak neurrian bultzatu dira, benetan kolektiboa den indar harremana sendotzeko gogoz, luze eta zabal asumitua. Horrela hasi zen eremuaren okupazio progresiboa, dei publiko eta parte-hartzaileen bidez. Panel hautsi, hesi bota, lursail pozoitu bakoitzeko, inguruko jendea hor zen konponketen eta ber eraikuntzen egiteko, anitzetan auzoek abisaturik. Zad moduko okupazio iraunkorraren posibilitatea ez da urrun egon, eta behar izanez gero aktiba liteke.

Sinboloak eta ondorioak

Sorpresarik gabe, indar militantea deuseztatzeko errepresioa eta maltzurkeria ez dira falta izan. Atxiloketak eta auziak ohiko diren lurralde honetan, inkulpatuei ekarri laguntza mintzaleku politikoa bihurtu da, sostenguaren zabaltzearekin batera. Gure jardueren ondorioak molde partekatuan kudeatu ditugu eta, dinamika aitzina joan arau, jende eta ideia berriak heldu dira. Elkar laguntzak funtzionatu du, auzia Euskal Herriko osora eramanez, baita ere beste eskualdetatik etorri adiskide batzuen hurbiltzearekin. Eta, une batean, eragozpenen gainetik, irabazteko baldintzak emendatzen ari direla konturatzen gira, gure aurkakoenak ahultzen doazen bitartean.

Ez laxatu deus. Oraino bada bide egiteko eta ez dakigu ea promotorea edo lur jabea ez diren erreklamazio eta kexa sotiletan sartuko, berezkoa zaien diru gose logikan. Edo urguilua salbatzeko. Dena dela, eraikuntza programaren geldiarazte faktualaz gain, PLUi-a aldatzeko bataila da erdietsi beharreko helburua. Santuarizatzea.

Horrekin guziarekin ere ez dugu kapitalismoa ezabatuko, baina heldu diren mobilizazioei begira aurrekari inportantea izanen da dudarik gabe, herriari eta jaunttoei bidali seinalea. Arrazoi horiengatik ere jartzen ditugu hainbat energia afera honetan. Bakarrik fiteago goaz, elkarrekin urrunago.

CADE, ELB, Lurzaindia, Ostia

gora