Astelehenero 8:00etan zure epostan
Talde ekologistak salatu duenez, Donostiako udalak jarraitzen du uko egiten hondakinen gaikako bilketa hobetzeari, eta horren ondorioz, donostiarrek gero eta gehiago ordaintzen dituzte hondakinen kudeaketa. Ondoren irakur daiteke horren harira eguzkik idatzitako artikulua.
"Errefusako ontziaren kudeaketan dago gaikako bilketan aurrera egin ahal izateko giltzarria".
Errefusako ontziaren kudeaketan dago gaikako bilketan aurrera egin ahal izateko giltzarria. Donostiako udal-gobernuak hondakinen gaikako bilketa hobetzeari uko egiten jarraitzen du, temati jarraitu ere, eta horrek ingurumenean eta sostengarritasunean ez ezik herritarren poltsikoan ere ondorioak ditu, herritarrek hondakinen kudeaketa gero eta garestiago ordaindu behar dutelako. Alde horretatik, dagoeneko ofiziala da: 2027an ere zabor-tasa igoko da, oraindik ez dakigu zenbat, baina bai berriro KPIren gainetik igoko dela (1). Izan ere, gobernuak zabor-tasa uztailaren 23ko udalbatzan onartzeko asmoa zuen, gainerako tasekin batera, baina momentuz bertan behera utzi behar izan du, igoeraren zenbatekoa berriz ere kalkulatu behar duelako, goraka kalkulatu, noski.
Baina udal-gobernuak zergatik kalkulatu behar du berriro zabor-tasa? GHK Gipuzkoako Hondakin Kontsorzioak tarifa-sistema berria ezarri duelako. Horren arabera, hondakin gehien bereizten duten herriek gutxiago ordainduko dute, eta gutxien bereizten dutenek, berriz, gehiago (2). Hona hemen Kontsortzioak udalei kobratuko dizkien tarifa berriak: batetik, errefusako (edo era guztietako hondakinak nahastutako) tona bakoitzeko, 231 euro; bestetik, bereizitako hondakin organikoen tona bakoitzeko, 91 euro.
Orain arte bazen nahastutako hondakinen eta ongi bereizitako organikoaren arteko tarifa-diferentziarik, baina hemendik aurrera oso-oso nabarmena izango da. Tonako 140 euroko aldea ez da hutsaren hurrengo. Kontuan izan behar da hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, kudeaketa izugarri garestitzen dela. Beraz, tarifa-sistema berria bat dator “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioarekin, Europar Zuzentarauarekin, Hondakin Legearekin eta, azken batean, sen ona edo logikarekin. Are gehiago, tarifa-diferentzia hau orain dela urte batzuk ezarri izan balute, hainbat hobe.
Nolako ondorioak izango ditu tarifa-sistema berriak Donostian? Garbi dago: Donostia izango da hemendik aurrera gehien ordainduko duen herria, ez soilik handiena delako eta ondorioz hondakin kopuru handiena sortzen duena ere badelako, baizik eta bereizitako hondakin gutxien biltzen duena delako, ondotxo dakigun bezala (3). Eta gainerako herriekiko aldea gero eta handiagoa da, gainera. 2025ean, hondakinen %42,30 soilik jaso zuen bereizita, Legearen arabera “gutxienez” %55 jaso behar zuen arren.
Oinarrizko datu batzuk lagungarriak izan daitezke arazo honi tamaina hartzeko (4): bat, Donostian, iaz, 83.608.890 kilo hondakin jaso ziren; bi, horietako 35.364.037 bereizita (%42,30); hiru, gainerakoak, 48.244.853 (%57,30), guztiz nahastuta.
Bereizita jasotakoen artean, 5.454.500 kilo bakarrik ziren organiko. Baina adi: guztiz nahastuta jasotako 48.244.853 kiloen erdia, behintzat, organikoa da, beraz, bereizita jaso liteke (5). Hemendik aurrera, gainerako hondakinekin nahastutako organiko horren tona 231 eurotan ordaindu beharko du Udalak. Bereizita jasoko balu, berriz, 91 eurotan. Hau da, nahastutako hondakin horietatik erreskatatzen duen tona organiko bakoitzaren truke 140 euro aurreztuko ditu. Eta badago nondik erreskatatu, nahastutako hondakinak asko dira, gehiegi, dudarik gabe. Legeak ezarritako gutxienezko %55 beteta bakarrik, dirutza aurreztuko luke Udalak.
Baina udal-gobernuak gaikako bilketa egiteko fundamentuzko sistema ezartzeari uko egiten jarraitzen duenez gero (6), hondakinen kudeaketa gainkostu bat suposatzen du, eta gainkostu horrek eragina du zuzen-zuzenean herritarrek ordaindu behar dituzten tasetan. Zergatik? Hondakin Legeak aginduta, hiri-hondakinen kudeaketa oso-osorik tasen bidez finantzatu behar delako, eta ezin delako leundu udal-aurrekontuetatik ateratako beste partidekin, orain dela gutxi arte egin den bezala. Hau guztia oso ondo azaldu du udal-gobernuak berak azken urteotako tarifazoak justifikatzeko (7).
Oso garrantzitsua: gainkostu hau herritar guztiek finantzatzen dute, hondakinak bereizten ez dituzten axolagabeek zein hondakinak zintzo bereizten saiatzen direnek. Egia da bereizten saiatzen direnentzako hobariak badaudela. Baina hori bezain egia da hobari horiek ez dutela konpentsatzen.
Baina, gauzak horrela, eta sos asko jokoan daudela ikusita, udal-gobernuak egoerari buelta emateko estrategia edo planen bat izango du, ezta? Ez, inola ere ez. Udal-gobernuak jarraitzen du hondakinen gaikako bilketa hobetzeko bide-orririk gabe. Ikus dezagun…
2024ko azaroan, 2025erako legez ezarritako %55eko gutxieneko bilketa bereizia bete-betean urratzera zihoala ikusita, “Hondakin Legea nola bete aztertzeko batzorde ez-iraunkorra” sortu zuen Udalak. Batzorde hark, alderdi guztietako ordezkariek osatuta, honako helburu hauek zituen: “zabortegira bidaltzen diren hondakin-kopurua murriztea, gaikako bilketa handitzea, birziklatzea eta berrerabiltzea areagotzea eta sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak (horiek ere Legeak aginduta) aztertzea” (8).
Hilabete batzuk geroago, 2025eko ekainean, hainbat talde gonbidatu zituzten, tartean Eguzki, Batzordearen aurrean iritzi eta proposamenak agertzeko. Hala egin genuen.
Bada, agerraldi haietatik urtebete pasatu da, baina oraindik ez dago Batzordearen konklusio-dokumenturik edo antzekorik. Are gehiago, guk, behintzat, egin genituen agerraldi haien akta ziztrin bat ere ez dugu jaso. Horregatik esan dezakegu hain modu biribilean udal-gobernuak jarraitzen duela gaikako bilketa hobetzeko bide-orririk gabe, ezta Legeak ezarri eta Donostiak dagoeneko urratu dituen eta urratzen jarraitzen dituen minimoetara iristeko ere.
Udal-gobernua tematuta dago gai honi ez heltzen, ez alkate zaharrarekin ez berriarekin. Hori gero eta gainkostu handiagoa sortzen ari da, eta gainkostu hori beraien patrikatik ordaindu behar dute herritarrek.
Artikuluan zehazten diren oharrak ikus daitezke artikuluaren originalean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545