Astelehenero 8:00etan zure epostan
Elkarteak hamazazpi urte betetzen dituenean, zortzigarrenez banatu dituzte sariak, eta bosgarrenez egin dute ekitaldia Adunako (Gipuzkoa) Zabala sagardotegian. Hamar saritu izan dira, horietako bat ARGIAren eta Bizi Baratzearen kolaboratzaile Mattin Jauregi partaide den proiektua, Bedaioko (Gipuzkoa) Balerdipeko Erleak; bertako ekoizle onenaren saria jaso dute. Sari nagusia, bestalde, kalitate eta produktu onenarena, Beasaingo (Gipuzkoa) Urkiola jatetxeak jaso du.
Kontua ez dela soilik zer edo zein den norberaren janari faboritoa, hala esan du Jon Maia bertsolariak ekitaldiari egin dion sarrera poetikoan, baizik eta hauexek direla erantzun beharreko galderak: nola, non, norekin eta zergatik. "Bertako ekoizleei aurrera egiteko posibilitatea ematen dien sukaldariek kozinatzen dutena da nire janari faboritoa", esan du bertsolariak: "Gogotik lan egin eta sufrimenduz lantzen dena, plazerez eta ilusioz... Bertatik bertara egiten dena da nire janari faboritoa".
Joxe Felipe Auzmendi kazetariak egin ditu aurkezpen lanak, Ja(ki)tea elkarteko kideak ez ezik, sektoreko jendea beste behin ere elkartu duen ekitaldian. Ordezkaritza politikoa bidali dute Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Hantxe izan da Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredo, eta diskurtsorik ez, baina sari bat ematea egokitu zaio.
Erakunde publikoen presentzia baliatu du Ja(ki)tea elkarteko eta Donostiako Aratz erretegiko buru Xabier Zabaletak errekadua bidaltzeko: "Keak ondo daude, eszenifikazioak ere bai, baina lehen sektoreak laguntza behar du; gero eta frankizia gehiago ari dira irekitzen, eta bertako jatetxeak eta gure sukaldeak ixten". Horrez gain, elkartea osasuntsu dagoela nabarmendu du Zabaletak, aurrekontu apala badute ere gero eta kide gehiago direlako, gogotik lan egin izanaren erakusle. Esanguratsua da azken urtean batu diren kide bakar bat ere ez dela Gipuzkoakoa. Horretan ari dira, batik bat Ipar Euskal Herrian lanketa egiten; iaz, lehenbizikoz, jardunaldiak eta gastronomia lehiaketa egin zituzten Saran (Lapurdi).
Xabier Zabaleta, Ja(ki)tea elkarteko presidentea: "Gero eta frankizia gehiago ari dira irekitzen, eta bertako jatetxeak eta gure sukaldeak ixten"
Adierazpen horien ondotik ekin diote 8. Ja(ki)tea sariak banatzeari. Hona hemen egindako hurrenkeran:
Ja(ki)tea elkarteko jatetxearen saria, elkarteko kideei txandaka ematen zaiena: Usurbilgo (Gipuzkoa) Bordatxo.
Paulino Ibargoienek jaso du garaikurra. 40 urtetik gora daramatza negozioan, eta saria eskutan, "hau baino gauza hoberik ez dago!" esan du mikrofonoa hartuta, pozarren.
Euskararen erabilera, presentzia eta indartzearen saria: Tolosako (Gipuzkoa) Biko jatetxea.
Itziar Usabiagaren eta Kattalin Bollainen negozioa da. Tokiko ekoizleei erosten diete generoa, eta euskara lehenesten dute beti, kartan eta bezeroekiko tratuan. "Gure filosofia jarraiki, argi geneukan euskaraz egin behar genuela, Euskal Herrian gaudelako", esan dute. Eta ñabardura bat egin: "Pixka bat mintzen gaitu Ja(ki)tea elkarteak sari hau eman izanak, bistan geratzen delako gure hizkuntzak ez duela normaltasunik gure herrian".
Bertako ekoizleari saria: Bedaioko (Gipuzkoa) Balerdipeko Erleak.
Erlezaintzari loturiko produkturik bitxienak haienean topa daitezkeela eta kakao krema propio famatuta egiten dutela esanez iragarri du saria Auzmendi kazetariak. Bi sozio dira: Inaxio Arin eta Mattin Jauregi. Azken horrek jaso du saria. ARGIAren eta Bizi Baratzearen irakurle eta ikus-entzuleen artean ezaguna da Jauregi, Egonarria saioa aurkezten baitu Eli Pagolarekin batera, eta erlezaintzari buruzko artikuluak egiten ere kolaboratzen du.
Saria hartuta, Jauregik herritarrak animatu ditu bertako produktuak erostera: "Geroz eta gutxiago gara lehen sektorean gaudenok, baina produktua ona da, jakintza handia dago, eta jakintzaz aparte kultura ere badago".
Pintxo tradizional onenaren saria: Donostiarra pintxoa. Donostiako Artola taberna, Amara Zaharrean.
Donostiarra pintxoa izan da nabarmendu dutena, atuna, maionesa, pipermina, antxoa eta tipula pikatua dituena. Baina arrainari loturiko beste edozein ere izan daitekeela esan dute saria ematerakoan. Jose Mari Morales eta Ainhoa Bonail bikoteak jaso du saria. Moralesek mende erdia darama ostalaritzan, eta urteotako lana azpimarratu du.
Plater tradizional onenaren saria: Ttoro arrain zopa. Ziburuko (Lapurdi) Chez Mattin jatetxea.
Ttoro arrain zopa saritu du elkarteak. Jatetxeko buru Michel Niquetek esan du duela 70 urte bere aitak sortutako errezetarekin jarraitzen duela lanean. Pozarren jaso du saria.
Ibilbideari saria: Hiru izan dira sarituak. Donostiako Ganbara jatetxeko Amaia Ortuzar, Leintz Gatzagako (Gipuzkoa) Arrate jatetxeko Begoña eta Belen Plazaola, eta Hernaniko (Gipuzkoa) Irubide jatetxeko Pili Bereziartua.
Emozioz beterik hitz egin dute hirurek ere. Ganbara jatetxeko Ortuzarrek "isilik dauden emakume sukaldariei" eskaini die garaikurra. Arrate jatetxeko Plazaola ahizpek, berriz, nabarmendu dute bere amaren tradizioari eusten diotela, eta herriko haraneko gatzarekin egiten dutela lan.
Bereziena Hernaniko Irubide jatetxeko Bereziartuaren diskurtsoa izan da, itxi egin baitute berriki, errelebo falta medio. 1905ean zabaldu zuen Pili Bereziartuaren birramonak; alarguna zen, eta hiru ume zituen. Bere amonak segitu zuen, eta bueltan-bueltan, berak kudeatu du azken urte mordoxka batean. Baina segida gabe geratu dela adierazi du pena handiz. Esker oneko agertu da urte guztiotako bezeroekiko, lagun eta senideekiko, eta langile guztiekiko. "Jatetxeak orain dabiltzan egoeran, horretan zabiltzatenoi animo, eta hor jarraitu!", esanez amaitu du.
KM0 saria: Karrantzako (Bizkaia) Casa Garras jatetxea.
Txema Llamosasek jaso du saria. Tokiko abeltzaintzak "itsutzen" duela aitortu du. Abeltzaintza estentsiboko ganadutegia daukate jatetxetik gertu, soil-soilik jatetxearentzat ekoizten duena. "Sukaldarioi kalitatezko produktua eskaintzeko egunero-egunero jaikitzen diren ekoizleei eskaini nahi diet sari hau", esan du Llamosasek.
Bertakotzeko ahaleginaren saria: Orioko (Gipuzkoa) Xixario erretegiko Juan Carlos Beltran.
Mexikoko Tijuanan jaioa, duela hemezortzi urte hasi zen Xixario erretegian lanean. Gerora hartu zuen egungo lekua, negozioaren buruzagitza. Eskerrak eman dizkio euskal komunitate guztiari: "Zuen kulturarekin maitemindu nintzen, zuen gastronomiarekin, zuen jai ereduarekin... Segi dezagun horretan, mila esker, eta desio dezagun ez dela sekula bisigurik faltako".
Mikel Corcuera gastronomia-kazetari saria: Pepe Barrena.
Dibulgatzaile eta enpresaria da. Besteak beste, zinema gastronomikoaren munduan aritzen da. EAEko eta Espainiako Gastronomia Sari bana jaso ditu. Barrenak azpimarratu du jatetxe tradizionalak direla gastronomiaren munduan "ahaztuta" egon direnak: "Abangoardia, abangoardia; baina atzera begiratu gabe ez goaz inora".
Juan Manuel Garmendia saria, kalitate eta produktu onenari: Beasaingo (Gipuzkoa) Urkiola jatetxea.
Egungo sukaldari Iñigo Urkiolak jaso du saria. Bere gurasoek zabaldu zuten jatetxea 1989an, Jose Inazio Urkiolak eta Mari Karmen Katarainek. Semeak tradizioari eusten dio: parrillari. Produktu freskoak, garaikoak eta bertakoak eskaintzen dituztela nabarmendu du Ja(ki)tea elkarteak, eta bereizgarri gisa, semeak jatetxeari egindako itxuraldaketa azpimarratu dute. Iñigo Urkiolak langile taldeari eskaini dio saria: "Indarra ematen digu aurrera jarraitzeko, gauzak ondo egiten ari garela baieztatzeko".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545