Asteroko buletina
Ihintza gaineko hegoa, gauerako hodeia.

Naturako garbitzailea

Gurean hain ezaguna den hegazti hau ustelzale porrokatua da, eta honek ez dio fama onik ekarri. Batzuek arrano, buitre, futre, hatxarrano edo mirusai deitzen diote; izen ofiziala sai arrea (Gyps fulvus) da.

Nerea  Pagaldai Agiriano
Nerea Pagaldai Agiriano

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko otsailaren 03a

Urola-kostaldean batzuek lepogorri ere deitzen omen diote, eta arrazoiarekin, denok baitugu sai talde bat hildako animali baten inguruan elikatzen ari direneko irudia buruan, saiek burua eta lepoa odolez beterik dutela. Irudi hauek nahiko gogorrak eta “gore”ak ere izan daitezke, eta honek putrearen fama txarra sustatu arren, gizakion eta ekosistemaren ongizaterako behar-beharrezkoak diren hegaztiak dira.

Sai arreak hildako animaliez elikatzen dira, hau da, sarraskijaleak dira. Hil berri dauden animalien okela jaten dutenean, ez diote okelari usteltzeko denborarik ematen eta ondorioz, okela usteltzerakoan agertu daitezkeen patogeno arriskutsuen hazkundea ekiditen dute. Putrerik gabe, hildako animaliek lau aldiz denbora gehiago beharko lukete deskonposatzeko. Hildako gorpu bat deskonposatzen denbora asko igarotzen badu, beste espezieentzako infekzio puntu da eta gaixotasun baten ondorioz hil baldin bada, are gehiago. Ondorioz, gorpura inguratzen diren bizidunak infektatuz gero, animalien artean zabaldu daiteke gaitza baserrietako abereengana edo etxeko animalietara, eta gizakiongana heltzeko aukerak ere handitzen dira. Sairik gabe, hildako animalia modu industrialean erraustea aukera bat litzateke, baina hau ez da beti posible eta posible denean ere, gastu ekonomiko bat da. Horrez gain, hildako animalien gaixotasunak zabaltzea ekiditen dutenez, gaixotasun hauek bai abereetan zein gizakiongan tratatzeko gastatu beharko litzatekeen dirua aurrezten digute.

Eta nola da posible saiek sarraskia jan eta ez gaixotzea? Animalia hauen urdaileko pH-a oso azidoa delako, sarraskian egon daitezkeen patogenoak akabatzeko adinakoa. Baina sarraskiak ez dira egunero aurkitzen, hau dela-eta, hegazti hauek metabolismoa izugarri jaitsi dezakete eta baraualdia luzatu elikagaia aurkitu arte. Bi edo hiru aste pasatu ditzakete baraurik. Ikertzaileek behatutakoaren arabera, elikagaien bila egiten dituzten distantziak batez beste 141 km dira, urtaroaren arabera aldaketak dauden arren: neguan distantzia motzagoak egiten dituzte, etzalekutik gertuago gelditzen dira eta udan aldiz, luzeagoak. Noizbehinka beraien lurraldeetatik irten eta distantzia luzeak egiten dituzte, 1.750 km-rainokoak izan daitezkeenak.

Gehienok ikusi ditugu sai arreak hegan, hegalak mugitu gabe eta bueltak ematen. Hau energiarik gabe hegan egiteko korronte termikoak erabiltzen dituztelako da. Korronte termikoak, airea berotzean sortzen diren eta gorantz mugitzen diren aire bero zutabeak dira. Saiek zutabe hauek aprobetxatzen dituzte airearekin batera altuera irabazteko. Baina sai multzo bat bueltaka eta altuera galtzen ikusiz gero, hori bai, sarraskiren bat topatu dutenaren seinale da.

Gaur egun Euskal Herriko sai arre populazioak egoera ona duen arren, hauek dira espezieak pairatzen dituen kontserbazio arazo nagusiak: pozoiek eragindako heriotzak, legez kontrako ehiza, linea elektrikoak eta haize-errotak, eskuragarri dagoen janari kantitatearen beherakada, abeltzaintza ohituren aldaketak eta abere hilak kudeatzeko osasun arloko araudiaren aplikazio zorrotza. Bigarren mailako pozoitzeak ganaduaren gaixotasunei aurre egiteko erabiltzen diren tratamendu sanitarioak irensteagatik ematen dira. Izan ere, tratamendu sanitario hauek hartu dituen ganaduaren okela irenstean, saiak tratamendua bera ere irensten du, eta hegaztiari kalte edo heriotza eragiten dio. Hau saihesteko diclofenacol-aren erabilera debekatu eta hain kaltegarriak ez diren produktuekin ordezkatu beharko litzateke.

 

SAI ARREA Gyps fulvus

TALDEA: Ornoduna / Hegaztia.
NEURRIA: Mokotik-isatsera 95-110 cm. Hego-luzera 230-265 cm.
NON BIZI DA? Harkaiztietan, leku irekietan.
ZER JATEN DU? Sarraskia.
BABES MAILA: Europa mailan babestuta dago.

Basoko ehiztaria
Gaua da. Zuhaitzetan geratzen diren hosto gutxien artetik igarotzen da ilargiaren argia. Isiltasuna da nagusi. Txoriak sasi artean daude, babestuta lo, lo-edo. Baina bat batean... (+)
Pase garaiko protagonista
Ürx’aphal bat badügü herrian trixterik, Nigarrez ari düzü kaloian barnetik, Bere lagün maitiaz beit’izan ützirik: Kuntsola ezazie, ziek adixkidik. (+)
Landazabaleko buruhandia
Hegazti buruhandia dugu hau, baina ez egoskorra delako, baizik eta fisikoki buru handia duelako. Horregatik da ezaguna hegazti hau, euskaraz erabiltzen diren izen askok bere... (+)
Bustitzen ez den arranoa
Ur azaletik gertu dabiltza arrainak igerian. Zerbait uretarantz gerturatzen ari da, hegan: arrano bat dator, bere atzaparrak aurrerantz luzatuta eta zaplast! Uretan sartu da, bete... (+)
Udan datorren buztingilea
Hego luze eta zorrotzak eta v formako urkila-itxuradun buztana duen hegazti hau ikustean badakigu Euskal Herrira uda heltzear dagoela. Bizkarraldea eta buztana beltzak ditu, distira... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora