Astelehenero 8:00etan zure epostan
Anbotoko Mari ezagutzen dugu askok, Aralarko dama, Aketegiko dama eta beste izen ugariz ere ezaguna dena. Amalur izaki gorputza hartua da Mari, gure jainkosa, euskaldunon artean ezaguna. Soineko apainez jantzitako andere bezala aurkezten da herri askotan. Baina nor ote da Mari zuria, Euskal Herriko zeruak zeharkatzen dituena?
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
Behi bidetako andere xuria ere deitzen diote Zuberoan, agertzen denean mendietako elurrak urtzen hasten direlako, eta horrela, bideak zabaltzen ditu, behiak mendira joan daitezen. Biarnon Maria Blanca deitzen diote eta hortik hartu zuen izena Pirinioetako portu famatuak: Marie Blanque.
Mari zuria aipatzean, sai zuriari (Neophron percnopterus) buruz ari gara, putre zuri edo arrano zuri bezala ere ezaguna leku batzuetan. Izenak dioen bezala, kolore zuria du hegan egiteko lumetan izan ezik, horiek beltzak baititu. Kolorez zikoina ematen du, baina haren hanka luzeak nabariak dira hegan doanean, sai zuriak, aldiz, hanka motzak ditu. Mokoa ez du handia, baina oso bereizgarria du aurpegia, lumarik gabea eta hori kolorekoa, xelebre xamarra. Gaztetxoak arre ilunak izaten dira, ia beltzak eta urteak igaro ahala argitzen dira, 4 edo 5 urte dituztenean helduaroko lumaje zuri-beltza lortu arte.
Sarraskijalea da sai zuria, animalia txikien eta aziendaren sarraskia jaten du gehienbat, eta sarraskia leku irekietan bilatzen du. Baina nahiko espezie berezia da, teknika bereziak erabilita arrautzak ere jaten baititu: arrautzak txikiak direnean, horiek hartu eta harrien aurka botatzen ditu oskola apurtu eta jateko; arrautzak handiak direnean aldiz, alderantziz, harria mokoarekin hartu eta arrautzaren aurka botatzen du hori puskatzeko. Koprofagoa ere bada (copro, gorotz; fago, jaten duena), hau da, gorotzak jaten ditu, txahalenak batez ere. Aziendaren gorotzek karoteno ugari dituzte eta sai zuriak ezin dituenez konposatu horiek ekoiztu, gorotzetatik hartzen ditu. Karotenoak dira bere aurpegiaren kolore horia eragiten dutenak.
Hegazti honek Sahelgo lurraldeetan igarotzen du negua eta martxo-apiril aldera dator gurera kumatzera: 20 egunetan egiten du bidaia. Bikoteak bizitza osoan zehar mantentzen dituzte eta, enarek bezala, habia bera erabiltzen dute urtero: batzuetan pare bat izaten dituzte eta urtero horien artean aukeratzen dute. Putre espezie bat izanik, beste putreek bezala harkaiztietan egiten dute habia.
Zoritxarrez, espezie hau oso sentibera da eta ondorioz, ugalketa arrakasta tasak ez ditu oso altuak: bikoteko 0,51 txitakoa, eta aurreko urteetakoen aldean nabarmen egin du behera, gainera. Izan ere, mundu mailan “arriskuan” dago sailkatuta. Luze bizi den espeziea da eta horrek “oso geldoa” dela esan nahi du. Esaterako, heldutasun sexuala 7 urte dituenean lortzen du, eta ugalketa garaia ere luzea du: martxoan hasi eta irail-urrira arte irauten du. Beraz, populazioak errekuperatzeko denbora asko behar da, eta horrek kalteekiko sentikorragoa egiten du espezie hau. Giza jarduerekiko ere izugarri sentibera da sai zuria, arrautzak edo txitak galtzeko arrisku handia du kumatze garaian habia inguruan molestiak badaude. Ikusi izan da eskaladak, parapenteekin hegan egiteak edo kirol probek, habiatik gertu pasatuz gero, txiten heriotza eragiten dutela. Hau dela-eta, ekintza horiek sai zuriaren kumatze garaian erregulatu egiten dira, populazioen beherakada handia ekidin asmoz. Baso-lanak eta obrak habiatik kilometro bateko erradioan egiten direnean ere hilgarriak dira txitentzat, eta hau gutxi balitz, ekintza hauek kumatze garaitik kanpo egiten direnean ere, hauen magnitutearen arabera bikotearen habian edo lurraldean aldaketak eragin ditzakete.
SAI ZURIA Neophron percnopterus
TALDEA: Ornoduna / Hegaztia.
NEURRIA: Mokotik-isatsera: 55-65 cm. Hego-luzera: 155-170 cm.
NON BIZI DA? Harkaiztietan, leku irekietan.
ZER JATEN DU? Sarraskiak, arrautzak, gorozkiak.
BABES MAILA: Europa mailan babestuta dago.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545