Ekaina bustitu, gure nausia kexu

Itsaso bat zahagi gardenetan

Aszidiak tunikadun modura ere ezagutzen diren itsas ornogabeak dira. Munduko ozeano guztietan dauden animalia iragazle sesilak dira: bizitzaren zatirik handiena azalera solidoetara –arroka, maskor edo egitura artifizialetara– finkatuta emango dute, ura etengabe iragazten. Aszidiofauna zabalari buruz dugun ezagutza mugatua da, komunitate bentonikoen kide garrantzitsuak diren arren. Hala, ekosistema anitzetan bizi daitezkeen arren, ezagunenak sakonera txikiko uretan topatzen dira, harri, sedimentu, nahiz egitura flotatzaileen gainean. Horien artean bada bat, Kantauri itsasoko bazter ugaritan topatuko duguna; puxika sorta hauskorra dirudien izaki gardenen kolonia. Gure kostaldeko harkaitz artetan itsasoa zurrupatzen duen zahagi gardena.

Nagore Zaldua
Nagore Zaldua

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko ekainaren 30a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Tunikadunek duten itxura edo morfologia askotarikoa da, bakarka edo taldean bizitzeko duten moduaren araberakoa. Denek ala denek gorputz atal berdinak badituzte ere, konplexutasun maila kolektiboak morfologia desberdinak garatzera eraman ditu. Sozialak, ezkaratz bereko bizilagun taldeak dira; konposatuak berriz, etxe bereko kolektiborako sortutako egiturak izango dituzten koloniak. Arestian aipatu zahagi gardena lehen taldean kokatzen da (aszidia soziala), eta kolonia eratzen badu ere, ez du konplexutasun maila handirik norbanakoen arteko taldekatzean. Ale bakoitza zahagi itxurako zooide garden bat da, hiru geruza dituena. Kanpoko geruzari “tunika” deritzo (hortik taldearen izena: tunikata) eta dirudienaren kontra, animalia babesten duen kanpo geruza erresistentea da. Tarteko geruzak, “mantuak”, izaki hauen horma muskularra osatzen du. Eta azkenik, “faringea”, zuloz beteriko eta mukiz estalitako sarea da. Azken horrek elikadurarako duen funtzioaz gain, gas-trukea ere bertan gertatzen da;  horregatik, “zaku brankiala” ere esaten zaio.

Zahagi gardenaren deskribapenean ezin beste bi egitura aipatu gabe utzi: tutuak edo sifoiak. Aszidia guztiek bi dituzte, nabarmen bereiztu daitezkeenak; bata “orala” da, eta ura eta elikagaiak barnera bideratzen ditu; besteari “sifoi atrioa” deritzo, eta liseriketaren osteko hondakinak eta ernalketarako gametoak edo larbak kanporatzeko balio du. Urak sifoi oraletik barnerako bidea egiten du, eta esekiduran daramatzan partikulak faringean harrapatuta geratuko dira. Aszidiek elikatzeko erabiltzen duten mekanismo horri “iragazpen aktibo” deritzo.

Puxika sorta hauskorraren itxura duen izaki gardenen kolonia honek baditu, gardentasunetik haratago, bere argiak ere. Marra zuri edo horixka meheek argi izpi dirudite, zooide bakoitzaren gorputz atal ezberdinetan: sifoien irekiduren ertzetan, ezpain margo baten antzera; eta faringearen inguruan, gerri bueltan jantzitako gerriko moduan. Pertxenta benetan puxika distiratsua da, eta beharbada horregatik ere “aszidia bonbilla” modura izendatu izan da; izan ere, izaki garden hauen distirak, elektroiek bonbilletako filamentuetan soka-saltoan sortzen duten argia irudikatzen dute. Argi nahiz garden, izakiok ehunka milioi urtez egon dira gure itsasoan, eta eboluzioan ornodunengandik uste baino gertuago kokatzen diren izaki sinple bezain bereziak dira (kordatuak dira, gu bezala). Itsasoko uraren tenperatura aldaketek nahiz hondoko arraste-arrantzaren moduko jarduerek eragin zuzena duten heinean, ikusteko dago beste hainbat milioi urtez haien lekuari eusteko gai izango ote diren. Agian bai, eta gizakiok baino indartsuago eutsiko diote datorrenari. Haiek argia soinean daramate behintzat.

ZAHAGI GARDENA (Clavelina lepadiformis)

TALDEA: Kordatua.
NEURRIA: 2 cm-ko altuera izatera iritsi daiteke koloniako zooide bakoitza.
NON BIZI DA? Norvegiatik Bizkaiko Golkora, Europako kostalde osoan zehar, eta Mediterraneo hegoalderaino. Bereziki 50m-rainoko sakoneratan.
ZER JATEN DU? Nanopartikulak, bakterioak eta planktona. Iragazpen aktiboa du. 
UGALKETA: Aszidia guztiak hermafroditak dira. Aszidia bakartiak sexualki ugaltzen dira. Aszidia kolonialek, aldiz, ugalketa ziklo oso konplexuak dituzte, zeinetan ugalketa sexuala asexualarekin txandakatzen den.  
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Euskal baleen maskara, zorriek egina
2026-07-20 | Nagore Zaldua
Hondarra harrotuaz murgil igerian, zorriak zeuzkan eta haiek bota nahian omen zebilen. Orioko bardoak Euskal balea (Eubalaena glacialis) kantua bezainbeste herrikoitu zituen, bertso haien bidez,... (+)
Txondorrak kroskoan
2026-06-08 | Nagore Zaldua
Darwinen aurretik Bruguière-k lehen aldiz aztertu gintuenean (1789an), sumendi itxurako krustazeo zirripedo bezala aurkeztu gintuen. Nire itxurari erreparatuz gero, garai batean Euskal Herriko baso eta... (+)
Itsas azpiko araztegia
2026-05-04 | Nagore Zaldua
Iloba txikiak marrazki bizidunak ikusten zituen bitartean bota nion galdera: zer egiten du Emmental zulodun gazta horrek itsas bizidunez inguratuta? “Ze gazta izeba, hau Bob... (+)
Tximeleta biluztu, Pokemon bihurtu
2026-03-09 | Nagore Zaldua
Pteropodo hitzaren etimologiari erreparatuta, antzinako grezieratik "pterón" (hegal) eta "poús" (oin) hitz bateratuek itsas-tximeleta garden eta lirdingatsua aurkezten digute. Guztion harridurarako, baina, “itsas-tximeleta biluzi” edo... (+)
Kantauriko herensugearen sugarra, bioaniztasunaren ikur
2026-01-26 | Nagore Zaldua
Kantauri itsasoko herensugearen sugarra, ez da hain ohikoa, baina bai garrantzi handikoa. Mediterraneoan sortzen dituzten baso ikusgarrien aldean, gurean balio handiko su txikiak bailiran agertuko... (+)
gora