Astelehenero 8:00etan zure epostan
Espainiako Estatuan “etorkizuneko ikatza” izango zela iragarri zuten. Energia enpresa erraldoiek 3.000 milioi euroko dirulaguntzak jaso dituzte hidrogeno berdearen teknologia garatzeko eta energia sortzeko. Alabaina, sektorea inbertsioak baztertzen ari da, teknologia hori ez delako lehiakorra.
El Salto hedabidean, Andres Actis kazetariak gaiaren inguruko erreportaje luzea argitaratu du El mercado confirma que el hidrógeno verde es inviable tras acaparar millones de euros de fondos públicos izenburupean (Merkatuak baieztatu du hidrogeno berdea ez dela bideragarria, funts publikoetako milioika euro bereganatu eta gero). Merkatuaren zati batek adierazi du epe ertainean hidrogeno berdea ez dela izango bideragarria. Heriotza-epaia Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak eman du: “Hidrogeno berdea ez da lehiakorra izango datozen hamar edo hamabost urteotan”. Repsolek Espainiako Estatuko hidrogenoaren %60 ekoizten du eta Europan kontsumitzen denaren % 4. Kontua da hidrogeno grisa dela ekoizten duena, erregai fosiletatik eskuratutakoa, batik bat gas naturaletik. Hidrogenoa ez da, bere horretan, energia bat, energia bektorea baizik, alegia, bitartekari edo garraio lanak egiten ditu, eta beste energia bat behar du sortua izateko. Hidrogeno berdea energia berriztagarrien bidez lortzen da.
2020an, Europako Batasuna eta bertako estatuak hidrogeno berdea sortzeko azpiegiturak finantzatzen hasi zirenean, Repsolek agindu zuen bere hidrogenoa dioxido karbono isurketarik gabea izango zela 2030ean. 2026an bideragarritasun ezaz ari da hizketan. Sektoreko beste enpresa hainbaten iritzia ildo beretik doa. Francisco Reynés Naturgyko kontseilari delegatuak esana du hidrogeno berriztagarrian inbertitzeko azken erabaki bat bera ere ez dela betetzen: “Denak atzeratu egiten dira. Zerbaitegatik izango da. Oraindik lehiakorra ez delako izango da edo ez dakigulako nork ordainduko duen hidrogeno hori”. Iberdrolako Juan Ríos ordezkariak bide beretik hitz egin du: “Hidrogeno berdearen kilogramo bakoitzaren kostua 12 eta 18 euro artekoa bada eta grisarena 4 eurokoa, serio pentsatu behar da ea momentua den inbertsio handiak egiteko”.
Espainiako Gobernuaren proiekzioa da bost urte barru kontsumituko den hidrogenoaren %74 isurketarik gabea izango dela. Berriztagarrien Fundazioak (Fundación Renovables) gobernuaren asmoa neurriz kanpokoa dela uste du. Eskari errealari bizkarra ematen dion apustua dela iritzi dio, eta berriztagarrien potentzia kontuan hartu gabe ari direla. Fundazioak hiru datu eman ditu neurriz kanpoko asmoak azaltzeko: batetik, Espainiako Estatuak gaur egun instalatuta daukan berriztagarrien potentzia osoa erabili beharko luke hidrogenoa sortzeko; bigarrenik, Errioxa baino handiagoko azalera erabili beharko luke berriztagarrien azpiegiturak ezartzeko; eta hirugarrenik, EAEk urtean erabiltzen duen ur kopurua beharko luke urtero.
Gasa ez da irtenbidea (Gas No Es Solución) sarearen ustez, deskarbonizazio prozesuan hidrogenoak eginkizun garrantzitsua izan beharko luke hainbat sektoretan, baina "planifikatu eta mugatu" egin behar da, batez ere ikuspegi ekonomikotik eta energetikotik. Sareko kide den Fernando Ferrando ingeniari industrialak hau gehitu du: "Trantsizio energetikoaren ginda izatera irits daiteke, baina ez da pastela izango, gasaren sektoreak eta gobernuak sinetsarazi nahi diguten moduan".
Espainiako Gobernuak hidrogeno berdearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta urtarrilean azaldu du 3.000 milioi euroko dirulaguntzak bideratu dituela horretara. Europako Batasunak teknologia hori garatzeko laguntzak eman dituenean, Espainiako enpresa handiak lehen lerroan jarri dira. Europako Batasunak egindako lehenengo enkantean aukeratu ziren zazpi egitasmoetatik hiru Espainiako enpresentzat izan ziren, eta bigarrenean hamabostetik zortzi. Hurrenez hurren 263 milioi eta 292 milioi euro jaso zituzten Moeve, Iberdrola, Enagás, Endesa, Naturgy eta Repsol enpresek.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545