Astelehenero 8:00etan zure epostan
Thomas Brail ingurumen ekintzaile eta eskalatzaileak irailaren 1ean gose greba hasi zuen Okzitaniako Vendine herrian (Tarn departamendua). Asteak daramatza zuhaitz gainean protestan, baina obrak gelditu ez direnez eta agintariek jaramonik egiten ez dutenez, jateari utzi dio. Zuhaitzak eraisteari uztea eskatzen du.
Gertakari honen berri La média d’écologie webguneak eman du. A69 Tolosa-Castres autobidea egiten ari dira eta pinuak eta platanoak eraisten ari dira, batzuk ehun urte ingurukoak. Thomas Brail zuhaitzak babesten dituen elkarte bateko (GNSA) bozeramailea da eta asteak daramatza ekintzaile kideekin batera zuhaitzetara igotzen. Maiatzean atxilotuta eduki zuten horregatik. Zuhaitzen aldeko eragileek eta autobidea egitearen aurka dauden biztanleek ez dute lortu obrak gelditzerik. Brailek adierazi duenez, hiru helegite jarriak dituzte eta haien erantzuna jaso bitartean hondeamakinak gelditzea eta zuhaitzak ez moztea nahi dute. Hala adierazi dio La Rèleve et La Peste hedabideari: “Frantzian behin baino gehiagotan ikusi dut: helegiteen ondoren, aurka ari direnen aldeko epaiak eman izan dituzte, baina ordurako lanak bukatuta daude eta zuhaitzak moztuta”.
Irailaren 1az geroztik limoi ura, eztia eta ura ditu elikagai bakarrak. Galdetu diote ez ote duen erabaki muturrekoa hartu, eta ondokoa erantzun du: “Suhiltzaileak etor daitezke nire bila, zainetik elika nazakete, baina ez dut etsiko. Muturreko neurria? Agian bai, baina aspertuta nago jaramonik egiten ez didatelako. Arbolen alde ari naizenean, semearen etorkizunaren alde ari naiz”.
Brail da gose greban dagoen ekintzaile bakarra, baina zuhaitzean beste kide batzuk ere zintzilikatzen dira, txandaka. “Zuhaitz senideak” eskatu ditu Brailek, alegia, autobidea egiteko bota nahi dituzten pinu eta platano zaharretara igoko diren eskalatzaile boluntarioei dei egin die. Hainbat aktibista alemaniar eta belgikar borrokara batuko direla espero dute.
Atosca enpresa ari da lanak egiten eta promes egin dut moztutako zuhaitzak halako bost landatuko dituela. Brail gose grebalariari ez zaio gustatu enpresak adierazitakoa: “Hasteko, orain dagoen zuhaitz kopurua zehaztu beharko lukete. Gainera, ebaki nahi dituzten arbolek ehun urte dituzte, lehortera moldatzen badakite, eta zer esan biodibertsitatea babesteko duten gaitasunaz. Ezerk, sekula, ezingo ditu ordeztu”.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545