Astelehenero 8:00etan zure epostan
Zaldibar Argitu herri plataformak Alberto Sololuze eta Joaquín Beltrán langileak gogoratu ditu, zeinak 2020ko otsailaren 6an zabortegiaren ezbeharrean lurperatuta gelditu ziren. Plataformak kritikatu du ingurumenaren kontrako delituen auzia “oraindik instrukzio fasean egotea eta etengabe luzatzea”.
Hildako bi langileak gogoratzeko Zaldibar Argituk antolatutako ekitaldia, Eitzaga auzoan.
Otsailaren 8an, igandez, Zaldibarren (Bizkaia) oroitu dituzte Alberto Sololuze eta Joaquín Beltrán, Verter Recycling enpresak kudeatutako zabortegian hildako bi langileak. Eitzaga auzoan bildu dira, duela sei urte amildu zen zabortegia zegoen tokian. Zaldibar Argitu plataformak deituta, bi langileen senitartekoak eta herritarrak elkartu dira oroimen ekitaldian. Lore eskaintza egin dute bi beharginen omenez jarritako oroigarriaren aurrean.
Sei urteotan agintariek izan duten jarrera aipatu du plataformak, prentsa-oharrean, eta haien aldetik jasandako “umiliazioa, gehiegikeria eta mespretxua” kritikatu. Justizia eskatzen ibiltzea “oso nekagarria” dela gehitu du, eta “injustizia guztiek agintarien babesa” eduki beharko luketela. Zabortegia zergatik amildu zen eta hondamendi haren erantzuleak zein diren argitzea eskatu dute.
Gogorarazi dute enpresariak epaitzeko 21 hilabete behar izan zituztela, zuhurtziagabekeriaz egindako giza hilketa egotzita. Haserre adierazi dute ingurumenaren aurkako delitua aztertzen duen auziak, berriz, 72 hilabete daramatzala instrukzio fasean, eta ekainaren 1era atzeratu dutela “beste behin”. Duela gutxi hirugarren auzi baten berri izan dutela adierazi dute. Auzi horretan, garai hartan alkate izan zen Arantza Baigorri EH Bilduko ordezkaria inputatu dute, bi udal arkitekto eta idazkariarekin batera. EH Bilduren esanetan, "udal zerbitzu teknikoen irizpide eta gomendioen arabera" jardun zuten udalak eta bere arkitektoek, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) egindako aldaketa "Bizkaiko Foru Aldundiak bermatu zuen inolako ñabardurarik gabe". Zaldibar Argitu plataformak salatu du ez dagoela prozesu horretara deitua. Plataformaren ustez, auzi horren helburua ez da hondamendiaren arrazoiak eta arduradunak argitara ateratzea: “Kontu bat baino ez aipatzeagatik: auziaren oinarri nagusietako bat Juan Mari Uriarte alkateorde ohiaren errelatoa da. Jakina, bera eta Maiztegi alkate ohia ez daude ikertuta, guztion harridurarako”.
Gaur egun, zabortegiaren zati bat “babesik gabe” dagoela eta zaborra “zuzenean errekara” joaten dela ohartarazi du plataformak. Errekako ura “horren garbi ez dagoela” eta kutsadura neurtzeko tresnak “itxurakeria” direla azpimarratu dute.
Zaldibar Argitu plataformak gehitu du Eitzaga auzoko bizilagunen ondoan jarraituko duela, langileak, osasuna eta erantzukizunak aldarrikatzen.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545