Asteroko buletina
Ezpala egurretik eta egurra zuhaitzetik

Badakizu nola esaten den ‘libélula’ / ‘libellule’ euskaraz?

Iñaki Mezquita Aranburu (Alegia, Gipuzkoa, 1959) Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da, odonatuzalea eta argazkilari naturalista. Iberiar Penintsulan bizi diren 84 burruntzi eta sorgin-orratzen izenak jaso ditu euskaraz. Zerrenda ofizial egiteko azken urratsaren zain daude proposamena prestatu duten Mezquita eta Jon Frahier ingurumen teknikaria. Euskaltzaleek berri onak behar dituztela aitortu digu alegiarrak: "Zeren denak berri txarrak dira. Hala esateko moduan dira: 'Martziano batzuk dira, baina zeozer egiten ari dira'".

(Lotura honetan duzue Mezquitak eta Frahierrek proposatutako izen zerrenda).


2024ko ekainaren 19a
200.000 argazki izango zituen Iñaki Mezquitak. Sufrituta, baina garbiketa egin du eta 90.000rekin gelditu da. Urteka eta espezieka sailkatuta dauzka. Ez ditu argazki-segidak egiten, banaka ateratzen ditu. Argazkian: Txitxi-burruntzi lepamarraduna (Orthetrum coerulescens). Argazkia: Iñaki Mezquita.

Tximeleta lorean pausatu da. Hasi da argazki-kamera gerturatzen, enfokatu du, eta... sast! beste zomorro bat iritsi da eta jan egin du tximeleta. Horrela ezagutu zituen burruntziak eta sorgin-orratzak Iñaki Mezquitak. Pinpilinpauxen atzetik ibiltzen hasia zen, eta Odonata Ordenako intsektuok agertzen zitzaizkion lehen lerroan, ausart eta energiaz beterik. 22 urte zituela hasi zen argazkigintzan, eta gaur arte –65 urte ditu– burruntziak argazkitan iltzatu eta ikertu ditu. Ez da ogibidez biologoa, Lehen Hezkuntzan gorputz heziketako irakasle izan da, eta intsektuen mundua bere kabuz ikasten aritu da. Hasieran, burruntziek eta sorgin-orratzek estetikoki baizik ez zioten arreta eman, baina laster konturatu zen paparazziarena egin behar zuela: "Animaliaren jokabidea eta bizimodua ez baduzu ezagutzen, nekez egin dezakezu lan ona argazkigintzan. Paparazziek hala egiten dute: pertsonaren jokabidea aztertu, behatu, eta danba! Harrapatu!". Liburuetatik aritu da ikasten eta azaldu digu "zoritxarrez" batere ustiatu gabeko mundua aurkitu duela: "Horretan ez zebilen inor eta zerbait egiteko ardura hartu nuen, nolabait". Ikerketa lanean urte luzez izan dituen bi bidelagun aipatu ditu: Francisco Javier Ocharan Oviedoko Unibertsitateko katedratikoa eta entomologoa, eta Angel Dominguez ilustratzaile bizkaitarra. Bi lagunak hil zaizkio eta bakardadea sentitzen du ikerketan jarraitzeko: "Bat-batean bi hanka erori dira eta bakarrarekin gelditu naiz".  

Une honetan Iberiar Penintsulan dauden eta epe ertainean egon daitezkeen 84 odonaturen euskarazko zerrenda egin dute Mezquitak eta Frahierrek
Iñaki Mezquitari lan betean ari zela atera zion argazkia J. R. Zaldunbidek. Extremaduran (Espainia) zebiltzan.

Ez dira gauza bera burruntziak eta sorgin-orratzak
Odonata Ordenako intsektu horiek euskaraz nola izendatu dituen galdetu diogunean, lehen argibide garrantzitsua eman digu. Bi Azpiordenatan banatzen dira intsektuok, batzuk anisopteroak dira eta besteak zigopteroak. Gaztelaniaz eta frantsesez Azpiordena bakoitzak izen bana du. Lehenengoak libélula / libellule dira eta bigarrenak caballito del diablo / demoiselles. Euskaraz, berriz, ez omen ditugu bereizten bi taldeak eta nolanahi erabiltzen omen ditugu sinonimoak. Mezquitak bereizketa egin du: libélula / libellule da burruntzia eta caballito del diablo / demoiselles sorgin-orratza. Oso argi dauka zergatik izan behar duen horrela. Azalpena ematen hasi denean, kazetaria tabernako aulkitik ezerezera begira, adituak esandakoa irudikatu nahian hasi da: "Oso erraza da argudioa. Burruntzia zer den denok dakigu, sutondoan egoten zen zintzilik sua zirikatzeko. Hotz ikaragarria egiten duenean, etxeetan-eta sortzen diren estalaktikak ere burruntzi deitzen dira. Burruntzia izeneko intsektuak zuzen-zuzen zintzilikatzen dira normalean, bertikalean. Sorgin-orratza esanda orratza irudikatzen dut, horizontalean. Azken horiek sei hankan pausatzen dira".

Horizontaltasuna eta bertikaltasuna ez dira bi Azpiordenak bereizten dituen ezaugarri bakarra. Burruntziak sendoagoak dira eta aurreko hegoak estuagoak dituzte atzekoak baino. Sorgin-orratzak lirainagoak dira, eta hegoak berdinak dituzte aurrean eta atzean, guztira lau. Burruntziak burua borobilagoa dauka eta begiek ia dena betetzen dute, sorgin-orratzak, berriz, begiak bi alboetan dauzka.

Azalpenok entzunda, kazetariak baieztatu dio, hala dela, euskaldun arruntak ez dituela bereizten burruntziak eta sorgin-orratzak. Mezquitak zehaztu digu ez dela kaleko hizkeran soilik gertatzen, hiztegietan ere hala jasotzen dela. Hiztegietan ez, eta aldiz, Wikipedian banatuta datoz.

Txitxi-burruntzi isats-zuria (Orthetrum albistylum). Argazkia: Iñaki Mezquita.
Sorgin-orratz hankagorria (Ceriagrion tenellum). Argazkia: Iñaki Mezquita.

84 izen
Iberiar Penintsulan eta Kanarietan 84 odonatu daude; Euskal Herrian 64-65 bat. Denei jarri die euskarazko izena alegiarrak. "Momentu honetan hemen daudenak" eta "epe ertainean egon daitezkeenak" hartu ditu kontuan. Intsektuona mundu bizia dela dio, batzuk goraka doazela eta beste batzuk beheraka, "batez ere goraka, afrikarrak". Horregatik dute euskarazko izena 84 animaliatxoek. Zerrenda horretan dago 2015ean,  Mezquitak berak aurkitu zuen espezie berri bat; Iberiar Penintsulan ez zegoena eta Pirinioetatik bestaldera, Europan, arrunta dena. Bidasoa aldetik sartu zen Gipuzkoan barrena 50 bat kilometro eta Seguraraino iritsi da. Kakodun txikia du izena (Onychogomphus forcipatus). Ez da, ordea, Mezquitaren aurkikuntza bakarra. 2012an, iparraldetik sartu zen eta peninsulan beste inon ikusi ez den azpiespeziearekin egin zuen topo: txitxi-burruntzi isats-zuriarekin (Orthetrum albistylum).

Euskarazko ordainak erabakitzeko ardatza intsektuen izen zientifikoak izan dira. Batzuk grezieraz daude eta ia denak latinez. Haien esanahian erreparatu du ordaina aukeratzerakoan. Horrez gain, frantsesezko, ingelesezko, katalanezko eta portugesezko izendapenak begiratu eta jaso ditu, baita gaztelaniazkoak ere, bazeuden kasuetan. Hasieran "lan tristea" izan zela aitortu du, bakarrik aritu zelako: "Ez neukan inor eztabaidatzeko eta erabakitzeko".

Bakarrik hasi zen, baina bidelagun sutsuak izan ditu: Kepa Altonaga, Asier Sarasua, Martxel Aizpurua, Eñaut Agirre,  Iñaki Sanz-Azkue, Ion Garin, eta beste hainbat. Jon Frahier ingurumen teknikaria izan da ia hasieratik bere ondoan aritu dena, eta lana bien "kumea" dela dio. Asier Sarasuaren inplikazioa eta lana goraipatu ditu Mezquitak.

Filologoekin tira-biraren bat edo beste izan du. Haiek proposatutakoa baino sinonimo gehiago erabiltzea eta jasotzea pentsatu du Mezquitak: "Topatu ditugun sinonimoetan sekulako aberastasuna dagoela iruditzen zait eta hori ezin da galdu". Espezie Familiak izendatzerakoan sinonimo bat erabiltzen bada ere, topatu dituzten beste batzuk ez galtzea proposatzen du alegiarrak. Adibidez, Coenagrionidae familia adierazteko hainbat ordain jaso ditu: sorgin-orratzak, andere-orratzak, orratzontziak eta ur-orratzak. Sinonimoen aberastasunaz ari dela, zehaztapena egin du: ez da gauza bera helikoptero erabiltzea edo burduntzi. Hitz aukeratua burruntzi da, baina burduntzi ere jasoko du eranskinean: "Espezie batzuk metalizatuak dira eta burduntzi esatea... burdina... pena da galtzea. Asteriskoa jarri eta gorde". Izendegian denak jasota argitaratzea nahiko lukete.

Iñaki Mezquita: “Topatu ditugun sinonimoetan sekulako aberastasuna dagoela iruditzen zait eta hori ezin da galdu”

Azken bedeinkapenaren zain
Duela bost urte lantegi horretan hasi eta gero, izendegia bukatutzat dute Mezquitak eta Frahierrek, inguruko biologo eta filologoei erakutsi diete proposamena eta haien oniritzia badute. Ofizial egitea falta da, ordea. Azken bedeinkapena Eusko Jaurlaritzak emango luke, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Euskara Sailak. Proposamena noiz aurkeztu erabakitzeke daukate Mezquitak eta bidelagunek. Alegiarrak gogorarazi du beste hainbat alorretakoak ere, hala nola botanikakoak, anfibioetakoak eta narrastietakoak ere, haien izendegiak lantzen ari direla. Bitartean, burruntzi eta sorgin-orratzen izen zerrenda ARGIAn argitaratu da lehenengo aldiz. Aragoiko Entomologia Elkarteak ekaineko buletinean jasoko du. Harrituko bagara ere, gaztelaniazko izendegia oraintsu bukatu dute eta hori argitaratzearen aitzakian euskarazkoa eta galizierazkoa ere jasoko dituzte Aragoiko Elkartearen buletinean. Mezquitak ez du uste buletinean argitaratzea lehen eta azken pausoa denik. Zerrenda huts izan beharrean, argudioak eta justifikazioak emanda, prozesu guztia kontatu eta filologoen eremuko azalpenak emanda, artikulu edo argitalpen sakon bat ateratzearen aldekoa da alegiarra. Bere iritziz, gune egokia izango litzateke Aranzadi Zientzia Elkartearen Munibe aldizkaria. Bi erakusleiho horiez gain, hedabide arruntek oihartzuna ematea nahiko luke, "gizarteari eman behar zaio. Ez luke zentzurik Munibe-n orain atera eta urtebetera esateak, 'a, bai, Munibe-n atera omen zen...'". Beste erakusleiho bat ere izango du euskarazko izendegiak: Odonatologiaren Europako Biltzarra ekainaren 25etik 28ra egingo da Sevillan (Espainia) eta han ere aurkeztuko dute.

Gaztelania, galiziera eta euskara aipatu ditugu, baina denen artean nagusi katalana da. Izenen bilketan eta azterketan tradizio handia dutela dio Mezquitak: "Bide luzea dute egina. Animalion aipuak egiten diren plataforman 1.500 kide dira. Animalia horien inguruko jakintza kudeatzeko ereduak guretzat ispilu izan beharko luke. Bidea egiten ari gara, gogotsu!". 

Orratzontzi arrunta izeneko sorgin-orratza (Coenagrion puella). Argazkia: Iñaki Mezquita.
Udazkeneko txerren-burruntzia (Aeshna mixta). Argazkia: Iñaki Mezquita.
Sorgin-orratz hankagorria (Ceriagrion tenellum). Argazkia: Iñaki Mezquita.
Lau orbaneko burruntzia (Libellula quadrimaculata). Argazkia: Iñaki Mezquita.
Txitxi-burruntzi kopetazuria (Orthetrum brunneum). Argazkia: Iñaki Mezquita.

 

Gose greba pinu erraldoiaren gainean, Tolosa-Castres autobidearen aurka
Thomas Brail ingurumen ekintzaile eta eskalatzaileak irailaren 1ean gose greba hasi zuen Okzitaniako Vendine herrian (Tarn departamendua). Asteak daramatza zuhaitz gainean protestan, baina obrak gelditu... (+)
Kooperatiba, lurraren eta hizkuntzaren alde borrokan
Tosepan Titataniske Kooperatiba Elkartea orain dela 42 urte sortu zuten. Maseual herri indigenako kideek abiatu zuten. Mexikoko Puebla estatuko ipar-ekialdeko Cuetzalan udalerrian ari dira garatzen... (+)
Ezin bada jan, ez eman
Oso mantso, eta populazioaren zati batek baino ez bada ere, badirudi gehiago begiratzen dela zer eramaten den ahora. Elikagaiak non eta nola landu dituzten jakin... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora