Astelehenero 8:00etan zure epostan
Zaldibarko EH Bilduk prebarikazioagatik inputatu duten Arantza Baigorri alkate ohiari babes osoa eman dio. Koalizioak dioenez, EH Bilduk zabortegia handitzeko alegazioen aurka bozkatu zuen, Baigorri alkate zela. Gehitu du PSEk eta EAJk bultzatu dutela zabortegia, eta “sinesgaitza” dela Baigorri inputatzea eta EAJko alkateorde ohi Juan Mari Uriarte ez.
Zaldibarko zabortegia amildu ondorengo lanak.
Otsailaren 1ean argitaratutako prentsa-oharrean, EH Bilduk “zentzugabetzat” jo du koalizioko kide Arantza Baigorri alkate ohiari “zabortegiak behar zuena baino leku gehiago okupatzen zuela jakitea eta Verter Recyclingi mesede egitea” leporatzea. Baigorri hirigintzari loturiko ustezko prebarikazio delituengatik inputatu dute, 2011 eta 2018 artean Zaldibarko alkate zela. Koalizioak dio zabortegiaren aurka “hasieratik eta beti kontra egon den alderdi bakarra” izan dela EH Bildu eta “zabortegia handitzeko alegazioen aurka” bozkatu zuela Baigorri alkate zela. Gehitu du Zaldibarko HAPO Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrak udaleko eta foru aldundiko teknikarien onespena izan zuela, eta tartean zegoela Imanol Pradales, orduko Azpiegiturak eta Lurralde Garapenerako foru diputatua.
EH Bilduri “sinesgaitza” zaio EAJko alkate ohia eta alkateorde ohia ez egotea inputatuta, eta gehitu du Ertzaintzak “Juan Mari Uriarte EAJko alkateorde ohiaren testigantzan oinarritzen duela, ia osotasunean, fiskaltzari aurkeztutako txostena”.
Eusko Jaurlaritza jakitun dela adierazi du koalizioak
Koalizioak salatu du Eusko Jaurlaritzak 2019tik dakiela zabortegiak zegokiona baino eremu handiagoa zuela, orduan egin zen ikuskaritzari esker, eta gehitu du Zaldibarko Udalari ez ziola horren berri eman. Gertakaria argitzea eskatu du.
EH Bilduren ustez, zabortegia amiltzeak eta orain epaitu nahi den auziak ez daukate loturarik eta bi gauzak lotzeko saiakerak “desitxuratzea du helburu”.
Ikerketa 2024an hasi zen eta EH Bilduk adierazi du udalak eskatutako “dokumentazio guztia” aurkeztu dutela eta “gardentasun osoz” jokatu dutela. Prozesua “inpartzialtasunez” egitea eskatu du.
Zaldibar Argitu: “Ikerketaren fokua urruntzeko arriskua dago”
Zaldibar Argitu plataformak prentsa-oharra argitaratu du Arantza Baigorri alkate ohia inputatu eta astebetera. Adierazi dutenez, azken egunetako filtrazioek “ez dute laguntzen Joaquín Beltrán eta Alberto Sololuzek bizia galdu zuten gertakarien egiazko sustraia argitzeko”.
Gogoratu dute ingurumenaren aurkako delituengatiko prozedura judiziala instrukzio-fasean dagoela 2020ko otsailetik, “etengabeko luzapenekin”, eta 2024an auzi bereizi bat ireki zela, lurralde-antolamenduaren aurkako ustezko arau-hausteengatik.
Plataformak gehitu du auto judiziala, “Ertzaintzaren ikerketetan eta Udalak Verter Recyclingekin dituen harremanez arduratzen den Juan Mari Uriarte alkateordearen deklarazioetan oinarritzen dela. Zaldibar Argitu harrituta agertu da, “ez Uriarte ez Jose Luis Maiztegi alkate ohia (EAJ) ez daudelako ikertuta”.
Arantza Baigorri alkate ohiari dagokionez, adierazi dute “bere alderdiarekin (EH Bildu) batera, egozten zaizkion ekintzak azaldu beharko dituela, baita ikertutako hiru udal langileei eragiten dieten gertakariak ere”. Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren “balizko erantzukizun-maila argitzea” ere eskatu du.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545