Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ostia kolektiboko milintanteek 8.742 euro ordaindu beharko dizkiote Bouygues enpresari, eta beste 2.000 euro abokatuen gastuentzat. 2022ko abenduan buruturiko desobedientzia ekintzan promotore horren maketa bat zikindu izanagatik zigortu dituzte.
Marieneako laborantza lurren alde egindako desobedientzia ekintza batengatik epaitu zituen Baionako Auzitegiak iazko maiatzean Ostia kolektiboko lau militante, zigor gisa 500 euroko isuna emanda, gibelapenarekin, eta Bouygues enpresari 5.000 euroko kalte ordainak ematera behartuta. Bouygues promotoreak epaiaren kontrako helegitea jarri zuen, auzipetuei 44.000 euroko kalte ordainak eskatzeko. Orain, Bouygues promotorearen eskaerak ontzat eman ez baditu ere, emendatu egin du zigorra Paueko Dei Auztegiak: Ostia kolektiboko lau auzipetuek 8.742 euro ordaindu beharko dizkiote Bouygues enpresari eta beste 2.000 euro ere abokatuen gastuentzat.
Gogorki salatu dute epaia: "Jazarpen judizial horren helburua da, argi eta garbi, militanteen eta haien sostenguak beldurtzea eta erresistentzia etsiaraztea". Ostiak elkartasun kutxa sortu du, "modu kolektiboan aurre egin ahal izateko kostuei".
Bouyguesek Kanboko Marienea lurretan eraikitzekoak dituen higiezinen harira, Ostiako zenbait militantek desobedientzia ekintza burutu zuten 2022ko abenduan, promotoreak Angelun duen agentzian sartu eta Marieneako proiektua irudikatzen duen maketa lurrez eta lastoz zikinduta. Lur horiek laborantzarako atxikiak izatea nahi du Ostia kolektiboak, baita beste egitura andanak ere –ELB, Lurzaindia, Kanboko Udaletxeko posizioko taldea, EHZ eta beste–.
Manifestazioa larunbatean
Larunbat honetan Marienean egingo duten barazki landaketara batzeko deialdia luzatu dute ELB, Lurzaindia eta Ostia sareak. Ez da barazkien landaketara mugatuko den zerbait izango, egun guztiko egitaraua antolatu dute. Goizeko 11:00etan, bi manifestazio abiatuko dituzte Kanbotik eta Itsasutik (Lapurdi), Marieneko lurren osotasuna bi herrien artean banandurik delako, eguerdian ekitaldi politikoa eta ondoren dute landaketa herrikoia eginen.
Marieneko lurrak "lekuko eta kalitatezko mozkinak" eman ditzakeela diote higiezinak eraikitzeko proiektuaren aurkakoek, eta hori, "ingurugiroa errespetatuz" eta "kontsumitzailekin harremanetan" landuta.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545