San Bartolome: burua lodi eta lepoa mehe.

Arnasa

Uste dut behin edo behin idatzi dudala hemen planetaren mugak gainditzearen ondorioei buruz. Behin baino gehiagotan idatziko nuen ondorio horien egitateak lurrarekin eta animaliekin bizi garenok jasotzen ditugula inork baino lehenago. Horratx gure etxeko lau aje txiki-handiak adibide.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2025eko azaroaren 16a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gurean, intxaurrondoek aspaldi utzi behar izan zioten eskuzabal izateari. Urteak dira ez dugula intxaur pilarik egiten; belztuta ez dauden intxaur pilarik, alegia. Paradisu galduaren kontakizunean gelditu ziren sutondoan lehortzen izaten genituen kutxak bete intxaur. Dena euli baten arrautzak eragindakoa omen.

Mingain urdinaren gaitzaz zer esan, jada kontatu ez dizuedanik... Orriotan utzi nituen nire azkenak, eta eguraldiaren epelak jarraitzen du bektore lana egiten duen eltxoaren berri ematen. Irudikatzen dut hemendik hara odola xurgatzen eta gaitza kutsatzen, udazkeneko udako tenperatura goxoak aprobetxatuz.

Sagarrondoak urri, despentsa huts. Gureek aurten zuten sagar urtea, baina... Lore gutxi batzuk bai, sagar gutxiago... Aurten zen despentsa bi urtetarako sagar-marmeladaz eta sagar-dultzez betetzeko urtea. Gordinik jateko izanez gero, pozik!

Hegazti gripea dabil egunotan bolo-bolo. Bai, noski, gure bizitzetan ere eragina izan du horrek. Buru-belarri ari ginen EHKOlektiboan datorren azaroaren 22rako Baserriko Uzta antolatzen, eta ditxosozko gripea azaldu ez zaigu, bada? Eragin handiena, hala ere, Guneko etxaldeko lagunek izan dute. Alde batetik, gaitzaren agerpenak oiloen eta haietaz arduratzen direnen bizitzetan aldaketak dakartzalako; eta bestaldetik, hain desiratua zen eguna bertan behera gelditu delako.

Ezkorra ala errealista? Gorputz honek, behintzat, horien guztien ziztadak eta labankadak oraindik ere sentitzen ditu. Zer jan ez izatearen beldurrarena ere bai. Ez, ez da munduaren akabera izango etxeko intxaurrik ez jatea, ezta sagar-marmelada edota sagar-dultzea ez jatea ere. Zer esan animalien gaixotasunen ugaritzeari buruz eta horiek baserrietan eta komunitateetan dakarten ziurgabetasunaz. Antsiolitikoren bat izango dugu aukeran, ezta?

Ziur naiz zorigaitz txiki horien metaketa zoritxar handi baten adierazlea dela. Zientzialariek ere halaxe diote. Kontua da lan-baldintza kaskarretan ari diren langileek supermerkatuetako apalak trailerretan ekarritako potez eta poliuretanoz betetzen dituzten bitartean, hemen ez dela ezertxo ere antzematen; beraz, ez dela ezertxo ere gertatzen ari.

Lasai asko jarrai dezakegu, hortaz, dena kakatara bidaltzen eta gazteen etorkizuna kolokan jartzen. Marka da, gero, ikustea onddoek mila milioi urte eman dituztela lurrean bizitza sortzen eta gu, 200.000 urte besterik ez izanik hemen, nolatan heldu garen mende eskas batean planeta honetan bizitza posible egiten dutenak akabatzera; geurea ere desagertzeko zorian jartzeraino.

Ai ama... Arnasaren peskizan abiatu naiz, eta gogoak bi etxetara eraman nau.

Gertuenetik hasi dut bira. Muino Handira heldu naiz, Jimena eta Maoloren eskuzabaltasunari esker izango baititugu sagar-marmelada eta sagar-dultzea, datozen bi urteotan.

Erraz heldu naiz Gunekora, eta udaberrian Baserriko Uzta bertan egiteko ametsa posible egin duten Igor eta Mikeli begira nago, Ines Osinaga entzunez.

Sakon hartu dut arnasa.

Zer moduz uda?
Zer moduz uda? Asteotako galdera hori izango da. Ez zait konbentzio sozial hau –ere– gustatzen. Zenbait unetan eta zenbait pertsonarekin behartua egiten zait. Antzeztua. Gazteek... (+)
Emataileak
Bizitzen ari garen egoeraren arabera ez da erraza izaten ikustea eskertzeko zenbat dugun. Bizirik egotea bera bada mirarizkoa. Edo? Zenbat gauzek –nimiñok, txikik eta handik–... (+)
Klaseak
Hilabete pasatxo Egutegia izeneko artikulua argitaratu nuenetik, eta hemen nago, atzera ere, egutegian kateatuta. Izan ere, egutegia eta errealitatearen arteko disoziazioak presente jarraitzeaz gain, egunerokoan... (+)
Hitzak lapurtu nahi dizkigute
Bagenekien gure etxeak, eta gure modukoek, ez zutela asko balio Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Antzemanda geunden artalde txikiak eta ekologikoan maneiatutakoak ez zituela maite; are gutxiago,... (+)
Egutegia
Maiatzaren lehen hamabostaldia martxoan pasa genuen. Hotzari euria gailendu zitzaion eta larreak, baratzeak eta soroak hartu zituen, denak. Errekastoak erreka bilakatu zituen eta udaberri atseginaren... (+)
gora