Mundua bihar amaituko bada ere, sagarrondoak aldatuko ditut baratzean

Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak

Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua, baina bereziki baserri munduan jatorria ez duten eta hutsetik hasi nahi duten pertsonen artean”, dio Garciak.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko apirilaren 07a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lursail txiki batean, inbertsio handirik gabe eta lantaldeetan funtzionatuta proiektu bat martxan jartzeko aukera badagoela erakutsi nahi dute Soilik proiektuan, eta nekazaritza birsortzailea formula ezin hobea dela horretarako. Hektarea erdira iristen ez den lursailean ekoitzen dutenarekin 200 etxe baino gehiago elikatzen dituzte Gasteizen. “Eskalaren kontua erlatiboa da, kudeaketa eta maneiua dira askotan garrantzitsuena”, dio.

Eredu biointentsiboa

Nekazaritza birsortzailearen barruan, eredu biointentsiboan ari dira arabarrak. “Lurreko bizitza intentsifikatzea bilatzen duen agroekologiako eredua da, espazio txiki baten errendimendua hobetzeko helburuz egiten dena”, azaldu du. Materia organikoa gehitzea eta laboreen dentsifikazioa oinarrizkoak dira eredu horretan. “Landareen arteko tarteak askoz txikiagoak izaten dira, eta toki bakoitzetik labore gehiago pasatzen dira. Urtean, metro koadro bakoitzetik 3,5 labore batez beste, gure kasuan”, gehitu du.

Soiliken ez darabilte traktorerik, ezta rotabatorrik ere, eta mekanizazio maila nahiko txikia dute. “80 zentimetroko zabalerako 155 bankal ditugu lursailean, erreminta guztiak zabalera horretarako ditugu estandarizatuak, eta horrela, bankal batean lanean ari garenean ez dugu ondokoan eragiten”, diote. Partzela txikia baina oso dibertsifikatua da, iaz 155 barietate egin zituzten guztira. “Dibertsifikazio hori guztia kudeatzeko eta planifikazioa egiteko programa bat darabilgu, ezinezkoa litzateke bestela”, dio Garciak. Urte guztiko planifikazioa egiten dute, eta horren arabera kalkulatzen dute zenbat hazi beharko duten, aste bakoitzeko lanen egutegia zein izanen den…

Formazioa, aholkularitza eta erreminten fabrikazioa

Proiektuko hiru kideek ez dute nekazaritzarekin lotutako ikasketa formalik, baina nekazaritza birsortzaileko hainbat proiektutan egin dituzten egonaldietan ikasi dute: “Kanadatik, Suediatik eta nekazaritzarako garai mugatuak dituzten beste zenbait tokitatik asko edan dugu, han negutegiko azalera guztiari zuku handia ateratzen baitiote”. Richard Perkins, Jean-Martin Fortier eta Eliot Coleman aipatu ditu erreferentzia gisa.

Soilik proiektuaren jarduera ekonomiko nagusia barazki ekoizpena den arren, ez da bakarra; formazioa, aholkularitza eta erreminten fabrikazioa ere egiten dituzte. “Udalarekin elkarlanean azalpen gunea jarri dugu martxan, formazioak eta bisitak eskaintzeko jendeari, nekazaritza-eskolei eta bestela”, dio. “Azken batean, duela urte batzuk guri lagungarri izango zitzaigun espazio hori garatu nahi izan dugu Soiliken, beste pertsona batzuei aukera emateko”, amaitu du.

Auzolan praktikak herriko nekazari eta abeltzainekin
2025-06-30 | Garazi Zabaleta
Burujabetzan sakontzeko egitasmoa da Oiartzun Burujabe proiektua, udalaren, herriko ehun ekonomikoaren eta herritarren artean bultzatu dutena. “Oiartzungo herritarrek bertako baliabideak eta produktuak, bertan ekoizten dena... (+)
Bertako ahuntz arrazaren txorizoak
2025-06-23 | Garazi Zabaleta
David de Blasek abiatutako proiektua da Azpigorri Ahuntz Txorizoak, eta izenak argi uzten duenez, azpigorri arrazako ahuntzekin ari da lanean. “Urteetan industrian aritu nintzen lanean,... (+)
“Bizirik dagoen landarea duzu ahoan ernamuin bat jatean”
2025-06-16 | Garazi Zabaleta
Hamabost urte baino gehiago daramatza martxan Bizkaiko Kimuak ernamuinduen proiektuak, baina hasierako bultzatzaileak erretiratu dira eta erreleboa hartu berri dute Mikel Landa Luzarragak eta Asier... (+)
Nafarroako ekoizle eta artisauen azoka berria Iruñeko Basotxoan
2025-06-09 | Garazi Zabaleta
Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremanak sustatzeko asmoz azoka berria jarri du martxan Iruñeko Udalak, INTIA-Reyno Gourmetekin, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK), Elikagai Artisauen... (+)
“Metalezko bastoiak ikusten dira orain, baina hurritz makila betiko erreminta izan da gurean”
2025-06-02 | Garazi Zabaleta
Umetan aitarekin ikasi zuen Unai Zabala Zubelzu txaramarrak hurritz makilak egiten. “Perretxikotara joaten ginen bezala, makilak egitera ere ateratzen ginela gogoratzen dut, hamar bat urte... (+)
gora