Sasiak begiak eta hontzak belarriak

Kuartangoko lursaileko paisaia eraldatzen

Pandemia garaian erabaki zuten Bea Lopez de Suso Marinak eta Iker Gonzalez Dominguezek landa eremura bizitzera joatea. “Nolabait, orduan berpiztu zen aspalditik landa eremuan proiektu bat sortzeko genuen grina”, azaldu du Lopez de Susok. Kuartangora iritsi zen bikotea: lursaila erosi eta lurra prestatzeari ekin zioten, eredu birsortzailean elikagaien ekosistema hornitzailea sortzeko ametsarekin. Geroztik, horretan ari dira, pausoz pauso.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko uztailaren 20a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Sustraiak Habitat Design aholkularitza proiektuko kideen laguntza izan zuten arabarrek lursaila diseinatzeko. “Bertako herritarrek esaten ziguten lursaila ez zela oso emankorra, eta horri buelta eman nahian ari gara: bideak eta eremuak sortu genituen, keyline diseinu hidrologiko bidez antolatu genuen saila, urmaela sortu genuen ura jasotzeko…”. Lursail bateko ur baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzeko diseinuak egitean datza keyline metodoak, eremuak banatzen ditu eta horietako bakoitzean hainbat elementu estrategikoki txertatzen ditu.

Aukera Natura proiektuan lau bat hektarea ari dira lantzen. “Lau eremu handitan antolatu dugu lursaila, eta horietako bakoitzean hainbat barietatetako fruta arbolak landatu ditugu”. Eremu batean pistatxoak, hurrondoak eta olibondoak dituzte; beste batean intxaurrondoak; erdiko gunean sagarrak, udareak, gereziak, arbendolondoak, haranondoak eta antzekoak; eta azken batean masustondoak. “Guztira 220 bat fruta arbola daude, eta eremu horiez gain, ortua egiteko beste zati zabal bat ere badugu”, azaldu du Lopez de Susok. Urmaela lursailaren erdialdean dago, eta proiektuko kideek diote ikusgarriak direla inguruan sortzen ari den landaredia eta erakartzen dituen animaliak.

Jolasak eta aplikazioa

Momentuz ekoizpen txikia dute Kuartangoko sailean, izan ere, kanpoan egiten dute lan bi kideek, eta haien denbora librea eskaintzen diote proiektuari. “Garaiko barazkiak ekoizten ditugu, batik bat etxerako, familiarentzako eta lagunentzako”. Oilategi mugikorra ere badute bertan: “Nekazaritza birsortzailean animaliekin ere egiten da lan, lurraren egoera hobetzen lagundu dezaketelako, ongarria zabalduta adibidez”.

Oraindik hasierako fasean eta probak egiten ari dira, baina aurrera begira inguruko kontsumo taldeekin lan egiteko aukera dute buruan. Bisita bereziak antolatzeko ideiari ere bueltaka ari dira: “Joko bidezko bisita berezi bat egiten hasi nahiko genuke, jendea taldeetan etortzeko eta scape room moduko bat egiteko lursailean, gure lana erakusteko”. Gonzalez informatikaria da eta orturako eta oilategirako mugikorreko aplikazioa sortu du, edonorentzat eskuragarri. “Oilategian arrautzak jasotzean paperean apuntatzen genuen dena, eta Ikerrek pentsatu zuen mugikorrean datuak jasotzeko zerbait praktikoa sortzea”, amaitu du Lopez de Susok.

Gatzari lotutako historia ospatzeko festa Jaitzen
2026-06-08 | Garazi Zabaleta
Lizarraldean (Nafarroa) dago Jaitz herria, gazteleraz Salinas de Oro gisa ezaguna dena. Gaztelerazko izenak tokiaren izana ere ongi adierazten du, kasu honetan. “Erromatarren garaia baino... (+)
Ardi buru beltzen gasna sotoa Donibane Garaziko zitadelan
2026-05-25 | Garazi Zabaleta
2010. urtean sortu zuen laborari talde batek Buru Beltza elkartea, ardi buru beltzaren desagertzea geldiarazteko, baita arraza babesteko eta indartzeko ere. Ehun artzain inguruk osatzen... (+)
“Barazkiak dira proiektuaren ardatza, baina loreek ilusioa piztu didate berriz”
2026-05-18 | Garazi Zabaleta
Urteak daramatza Ane Gorosabel Mongek Bergarako Elkoro baserrian nekazari. “2014an hasi nintzen ortu lanetan, lehen urteetan beste lan batzuekin uztartuz, baina 2017an profesionalizatzeko pausoa eman... (+)
Gazta egiteko asmoz ardiak jarri, eta artilea lantzen amaitu
2026-05-11 | Garazi Zabaleta
Ataungo (Gipuzkoa) Ustatxo Goikoa baserrian kokatua da Sandra Clivilleren Maduixa Gorria proiektua. Artisau lanean ari zen lehenagotik, baina 2004an baserria erosi eta artaldea jarri zutenean... (+)
Laborariek kudeatutako denda Ortzaizen
2026-05-04 | Garazi Zabaleta
20 urteko ibilbidea du Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) Kaiku Borda proiektuak; 2006an sortu zuten inguruko hiru gasnagilek. “Artisauen gunea zen eraikina lehenagotik, eta emeki-emeki, bertan laborariak... (+)
gora