Oteak martxoan lore, ez da faltako eri eta dolore.

“Baratzetik bizitzea erronka da, batez ere jendearen kontsumo ohiturengatik”

Marurin kokatutako proiektua da Mustai Ortua, Gorka Areitio Elorduik eta Marcela Pava Gomezek bultzatua. Diseinu grafikoko ikasketak egin zituen Areitiok eta horretan ari zen lanean, baina gainezka eginda zebilen. Pava, berriz, abokatua da lanbidez, baina ezin zuen horretan jardun master bat egin gabe, eta lanean ari zenez, ezinezkoa zitzaion ikasketekin uztartzea. “Elkar ezagutu genuenean familiaren baserriko ortua egiten hasi ginen asteburuetan, eta ohartu ginen gustura aritzen ginela”, azaldu du Areitiok. Afizio zutena ofizio bilakatzea eta nekazaritzako eta bizitzako proiektua abian jartzea erabaki zuten azkenean. 2021az geroztik, buru belarri ari dira ortugintzan.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko uztailaren 14a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Nekazaritzako formazioa egin zuen Pavak proiektua abiatu baino lehen, eta ortugintzarako saltoa ematea erabaki zutenean, inork gutxik sinesten zuen haien proiektuan. “Ideia azaltzen genuenean ez zuela funtzionatuko esaten zigun mundu guztiak, Euskal Herrian barazkiak egiteko negutegi handiak behar genituela eta hori zela aukera bakarra”, azaldu du Pavak. Bestelako eredu baten aldeko apustua egin zuen bikoteak, ordea: negutegiak ere badituzte, baina zati handia aire librean lantzen dute, nekazaritza birsortzaileko ereduan, metodologia biointentsiboan.

“Lurra zaintzea da guretzat oinarria. Ez dugu lurra lantzen, ez dugu rotabatorrik erabiltzen… paradigma aldaketa eskatzen du, eta tomate hidroponikoen mentalitatea duenak, noski, ez du ulertzen”, dio Areitiok. Garaiko barazkiak ekoizten dituzte Mustai Ortuan, baina baita bestelako landareak eta loreak ere. “Loreek, ortua edertzeaz gain, izurriteen aurka funtzio garrantzitsua dute”, diote. Ortuaren inguruan ekosistema osoa sortzea da eredu birsortzailearen oinarria: lurreko mikroorganismoak, intsektuak, landareak, zuhaixkak… “Mikroekosistema horretan dena orekatuago dago eta izurriteak eta antzekoak egotea zailtzen du horrek”.

Azokak eta zuzeneko salmenta

Ostiralero Mungiako azokan egoten dira Mustai Ortuko kideak, eta larunbatetan Bilboko Arenalean. Udan, Bakioko azokara ere joaten dira ostegunetan. “Horrez gain, kontsumo taldea ere martxan dugu, otarren bidez funtzionatzen duena”, diote. Eta, inguruko herrietako denda txikiekin, eskola bateko jantokiarekin eta hainbat jatetxerekin ere egiten dute lan. “Kontsumitzaileekin zuzeneko harremana izatea garrantzitsua da guretzat, alde hezitzailea ere baduelako, naturaren zikloak ezagutarazten dizkiegulako”, diote.

Proiektuaren bultzatzaileek nabarmendu dute baratzegintzatik bizitzeko zailtasunen artean klima aldaketarena ere hor dagoela, baina kontsumo ohiturak eta jendearen mentalitatea direla, gehienetan, oztopo nagusia. “Kontsumitzerakoan, askotan izaten da ‘nik hau nahi dut eta orain nahi dut’, garrantziarik eman gabe garaikoa izateari, non eta nola egina den… tokiko azokak herritarrengana iristeko modu bat ere badira”, azaldu du Pavak.

Berakatz beltzaren onurak
2026-07-27 | Garazi Zabaleta
Duela hiru urte sortu zuen Pete Ezkerra Perezek berakatz edo baratxuri beltza ekoizten duen Daonaz proiektua. “Lurrarekiko interesa aspalditik datorkit, 2004an nekazaritza ekologikoko ikastaro intentsiboa... (+)
Lehen Hezkuntzarako zurezko material eta jolasak
2026-07-20 | Garazi Zabaleta
Felix Pikatza Arriola laudioarra (Araba) dago Sagutxiki proiektuaren atzean. “2008ko krisiaren aurretik zurezko altzariak eta bestelako materialak egiten nituen nire tailerrean, baina garai horretan enpresa... (+)
Arabako 340 familia elikagai ekologikoz hornitzen dituen egitasmoa
2026-07-13 | Garazi Zabaleta
Woofer gisa –mantenu truke bolada batez laborariekin bizi eta lan egiten duena– itzuli zen Arabara Ana Lafuente, elikagai ekologikoen saskiak osatzen eta banatzen dituen Urbide... (+)
Bertako produktu ekologikoek postua dute Laudioko azoka berrituan
2026-07-05 | Garazi Zabaleta
2024an sortu zuten Laudion (Araba) Ekin ta Eko proiektua, Aiaraldeko eskualdean elikagaien ekoizpenean eta produktu ekologikoen eta hurbilekoen kontsumoan zegoen hutsuneari erantzuna emateko asmoz. “Hasierako... (+)
Baratzeko eta inguruko landareekin egindako kosmetika artisaua
2026-06-28 | Garazi Zabaleta
Antzerkiaren eta ikuskizunen munduan ari zen lanean Karolina Peños pandemiak bete-betean harrapatu gintuenean. “Kimikako goi mailako zikloa egina nuen, pandemian lanik gabe gelditu nintzenean baserrian... (+)
gora